« Gu eta haiek | Errelatoak, fikzioak kara »
Eguzkipekoak / Pablo Sastre / Alberdania, 2003
Literaturan bertan Aritz Galarraga / Argia, 2014-05-11
Ez dut sobera ozen esango, badaezpada, baina Pablo Sastre da gure idazle ahaztua. Gure idazle ahaztuetako bat, bederen. Ez dut sobera ozen esango badaezpada, orain edozer jar daitekeelako modan berehala, batek daki ze mekanismo estrainioren arabera. Ezin asmatuzkoak dira sare sozialen bideak. Baina, bai, ez da esaten dudan lehen aldia —gutxienez, neure buruari—: ez du behar bezalako aitorpenik izan Pablo Sastreren literaturgintzak. Bost axola. Literatura beharko litzateke interesatzen zaiguna, ez hainbeste errekonozimendua. Eta handik ugari aurkituko dugu Sastre-Enean.
Narrazio luze-labur, azkenaldian saiakera, liburu berezi bat ebatsi diogu gaurkorako, harribitxia: 103 pieza labur, arin, ttiki, beste hainbeste liburutako pertsonaiengan inspiratutakoak. Jolasa sinplea da: jendeen historiak kontatzen dituzten liburuak irakurri, eta gero liburu bakoitzari buruzko testutxo bat idatzi. Irakurketarekin egin dituzun lagun horiek irakurleari aurkeztu, nolabait. “Azken batean, nire bizitza, hein handi batean, besteen bizitza baita, eta gehien miresten ditudan lagunetako asko liburuetan, ez hain gutxi liburu honetako liburuetan aurkitu ditut”. Hemen eta orain sinatzeko modukoak iruditzen zaizkidan hitzak.
Eguzkipekoak har daiteke irakurle baten irakurketa gida, katalogo, bilduma gisara. Har daiteke literatura unibertsalaren laburpen gisara. Har daiteke ipuin liburu gisara. Har daiteke tarte honetan egiten saiatzen garen liburu iruzkin sorta gisara. Denetarik aurkituko duzu bertan: hango-hemengo, atzoko-gaurko, beti ere lehenesten dela jende apalarekiko mira, errespetua, gorazarrea, ezezagunarekiko kuriositatea, desberdinarekiko burkidetasuna. Literatura handiko tituluak bildu dira. Bestela askotan dira, ez idazleen liburuak, baizik eta bizitza zirraragarria izan duen jendearenak, ez gutxitan jende horrek berak idatziak. Eta kasu guztietan ere jakingarri gertatuko zaizkigunak. Gerora Sastreren saiakeretan aurkituko dugunaren zantzuak igartzen dira: “inork ez bide zuen sumatzen inolako erlaziorik bere konfortaren eta inguratzen zituen munduaren dekadentziaren artean”. Tarteka, gainera, umore dosi doiarekin gatzozpinduta: “Molloyk, beste aktibitate aipagarri batzuen artean, aldian-aldian bere amari bisita egiten zion”.
Eta liburua bururatuta, hondarreko hausnarketa bat: zenbat geratzen zaigun oraindik irakurtzeko, zenbat gauza gozo gordetzen dizkigun artean literaturak. Azken batean, literatura bizitzeko ustea sendotzen dizu Sastreren liburuak. Non ez den literaturan bertan bizitzekoa.
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi