kritiken hemeroteka

8.301 kritika

« | »

Euli-giro / Uxue Alberdi / Susa, 2013

Dena ez dago gure esku Amaia Alvarez Uria / Argia, 2013-11-24

Aulkiak atzean utzi —Aulki bat elurretan (2007) eta Aulki jokoa (2009)— eta euliak ekarri dizkigu Uxue Alberdik bere hirugarren liburu honetan. Lehen aulkian hotza sentitu genuen Suedia aldeko narrazioekin eta bigarrenean gerraren inguruko oroitzapenak helarazi zizkiguten lagunek samurtasuna sentiarazi ziguten. Hirugarren liburua Euli-giro izenburuarekin heldu zaigu eskuartera, hasieratik amaierararaino giro burrunbatsu eta artegatsu hori izango duen ipuin bilduma da, deserosoa. Estilo desberdinak probatzen abila dela erakutsi digu idazle honek, aldaketari eta gauza berriak probatzeari beldur ez dion sortzailea dugu.

Izenburuarekin batera azaleko irudiak ere emozio bitxia transmititzen digu: emakume gazte bat dugu guri begira aurrez aurre, baina ezin dugu bere aurpegia ikusi, ezkutuan geratzen baita eskaintzen digun lore hilen sortaren atzean.

Dena ez dago gure esku lehen narrazioan agertzen zaizkigu euliak liburuari tonoa emanez, baserri batean dauden pertsonaiak zerbaiten bila daude eta euliek eragotzi egingo diete haien helburua betetzea. Opariak-en hiritik herrira doaz Añes eta Truko “ekografietako mamuak zakila duela ospatzera” familiarekin. Oreina dator hirugarrenik, protagonista neskame doa hil hurrean dagoen Klara anderea zaintzera. Su txikian testuan poliziaren galderei erantzuten topatuko dugu etxekoandre bat bere senarraren suizidioari buruzko galdeketan. Ezertan lagun diezazuket? ipuinean Marta Albeniz bere bufetera joan da lanera eta bertan daudenek ez dute ezagutu.

Distopia literarioak narrazioan Martina eta Joana idazle gazteak Benoit editorearen atzaparretan daude.Kamera estenopeikoa-n bi pertsona elkartuko dira etxe batean eta ordura arte batak bestearen bizitzan izan duen (eta izan ez duen) arrastoari buruz ariko dira. Ondo lo egin-en bikote batek haietako baten ama hartuko du etxean eta metamorfosi baten lekuko izango dira oso modu inkontzientean. Preludioa da amaiera ematen diona bilduma honi, nahiz eta izenburuak hasieraz hitz egiten digun. Bertan txelo-jotzaile bikaina izandako Sara maingu dago istripu baten ondorioz eta proposatuko diote agertokira itzultzea Leonard-en, orduko txelo jotzaile promesaren, ezkerreko eskua erabilita.

Narrazioetan egunerokotasunaren tolesak agertzen zaizkigu errealitatearen alde absurdo eta iluna bistan utziz, eta egunerokoaren ziurgabetasunaren kezka egoera eta elipsien bidez. Gure buruarengan eta gure bizitzan besteek eta inguruneak duten eragina eta dena kontrolatzeko ezintasuna hor dagoela aldarrikatzen du, bizitzaren euli giroan dena ez dagoelako gure esku.

Azken kritikak

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak