kritiken hemeroteka

8.711 kritika

« | »

Parisen bizi naiz / Koldo Izagirre / Susa, 2013

Arestin bizi da poeta Mikel Asurmendi / Berria, 2013-11-24

Parisen bizi naiz, diosku poetak. Gehiago ere badio, ordea: besterik ezean. Lerro-buru bakar batek ezin baitu mundua azaldu, lerro nagusien azpikoek ere mundua adierazten baitute, irakurle.

Parisen bizi da poeta, Parisko Marrutxipi auzoan. Alta, Berlingo Marrutxipin ere bizi da, baita Bilboko Marrutxipin ere. Izagirrek auzoetan ikasi baitzuen berbetan —urdaiazpiko frijitua jaten zuenean—. Auzo-euskaraz mintzo da, Izagirre munduko haize guztien agirrean bizi baita, orain agerian bizi ere, ene pozerako. Euskal Herria mundu izagirre da.

Metaforak dituzu horiek, aixkide.

Koldo Izagirre bizi, benaz, “Donostiako Marrutxipi deritzan auzoko hogeita hamabostean, hirugarrena ezker” bizi da. Bihotza ezkerrean dauka. Auzotar arrunta da alde horretatik. Donostian bizi ei da, euria sortzen, Donostia sortzeko.

Eta horiek ez dira metaforak.

Euskara klaruan erranen dizut: hiriaz mintzo zaigu poeta. Bere hiriaz, mundu-hiriaz, euskalegileok artean eraiki ez dugun hiriaz, eta herriaz. Lasai, hiria ez da soilik euskaldunon auzi galdua, gizabanakook hirian —edozein dela hiria— frakasatu dugula diosku poetak

Izagirre baikor heldu zaigu alabaina, bere berbek egundainoko haize baikorrena helarazten digute. Bere poemek ederto inarrosten dute hiriaren bisaia, haize fresko batek deskribatzen du hiria, baita bere bisaia ere —bizardun ageri zaigu—. Bilboko poetak antzo heldu zaigu —Astepeko sekretarioa lez—, agintariei eta arkitektoei kontu eske, baita horien sekretario eta komisarioei ere. Beti erraten du egia. Edo auzo-egia dakar bederen. Bere ahotik ez da hitzik aterako, egia ez dena. Auzo-basoko errealitatea baita bere egia.

Eta berba horiek ere, ez dira metafora.

Hiri bat ederraren ertzean ei da Donostia. Perla polit distiratsua. Argitsua. Izagirrek ez du hirian argia ikusten haatik. Arestik “argi ez da ikusten” zioen, Bilbon alegia. Halarik ere, Altzako pasaiatar donostiartuak Bilbo hobesten du, Arestik Bilboko portuan nola, Izagirrek Pasaiako portuan ikasi baitzuen berbetan.

Eta hori ere ez da metafora, ez horixe!

Aresti ez da hil, Izagirre bizi baita. Hura legez, lagunez inguraturik heldu da: Ramon, Ibon, Txillardegi, Laboa, Apollinaire edo Artola. Zazpi kaleak bilatzen ditu, eta kalerik ezean, besterik ezean, Jose Manuel Enea oroian du promenan doala.

Golgotara igan da poeta Aresti nola (Golgota irakurri, otoi-tz!). Izagirrek bere Gorbeiatik —Marrutxipitik— ikusten du hiria. Laminaciones de Lesaca dakusa. Irakurri poema, arren! Irakurri Izagirre bertso errimatuan nola librean. Ez gaitezen engaina baina, Izagirrek goratik egiten du hegan, Axularren begietatik behatzen du mundua. Bere poesiak kontzesiorik gabe agertzen du hiria. Literatura elitista da berea, euskaldun bizitzeko elite baten behako beharra daukan herri baten aldeko emaria.

Prosazko karga ere badakar. Hiriko kaleak nahiz probintziako plazak kurritu ditu idazleak, Salbatoreko apeaderoa nola Chillida-Leku. Zabalaga baserria galtzear dugu, baina poesiaren baliabideak Esperantzaz jarri dizkio hiriari. Poetak gaina hartu dio arkitektoari, etsian baina baikor.

Gizaldi erdia joan da Harri eta Herrik argia ikusi zuenetik. Goroldioa harriari lez lotzen zaio herria karrikari. Euskal Herria ez dago hilda, Aresti(n) bizi da: “Itsas aldean izarra / hari begira lizarra / Euskera salbo ikusi arte / eztut kenduko bizarra” —irakurri Maitazoro, berbarako!—.

Arestirengandik —haize agirre— Izagirre hau: “Errekaldean lizarra / hari begira izarra / bere burua eskuratzea / euskaldunen liskarra”.

Azken kritikak

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Mikel Asurmendi

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Maialen Sobrino Lopez

Zerua hemen
Oihana Arana

Asier Urkiza

Café Mokka
Jabier Muguruza

Nagore Fernandez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Iraitz Urkulo

Erbeste
Juan Garzia

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Ibon Egaña

Utopiaren belaunaldia
Pepetela

Paloma Rodriguez-Miñambres

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Maddi Galdos Areta

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak