kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Silueta / Harkaitz Cano / Susa, 2025

Eleberri idatzi gabeak Iraitz Urkulo / Berria, 2026-01-03

Durangoko Azokaren aurreko egunetan aurkeztu zuen Harkaitz Canok bere obra berria: Silueta. Eleberria edo. Eta gogoan dut sinopsia irakurri bezain laster Stanislaw Lemen Hutsune perfektua lana etorri zitzaidala burura. 1971n, idazle poloniarrak inork sekula idatzi gabeko liburuen kritikez osatutako liburua argitaratu zuen. Eta dirudienez, Canok hari omenaldi egin nahi izan dio 54 urte geroago.

Existitzen ez den eleberri bati buruzko 31 iruzkinek osatzen dute Silueta. Eta bi idazleen, hots, Stanislaw Lemen eta Harkaitz Canoren planteamenduak berdin-berdinak ez badira ere, bi lanen oinarrian dagoen eztabaida —tira, gogoeta— oso-oso antzekoa iruditzen zait. Azken batean, zerk zehazten du nobela baten existentzia? Istorioa idatzia egoteak? Ez dakit, ba. Benetan hala balitz, Silueta egundoko adarjotzea litzateke, eta idazlea, fartsante hutsa. Nik, ordea, ez dut inondik inora uste hala denik.

Liburuaren atzeko azaletik bertatik, testuaren autorea zirika ari zaigu irakurleoi: “Eraiki liteke nobela bat hura irakurri gabe, sortu dituen oihartzunetatik abiatuz? Atzeman daiteke nobelaren arnasa inguratzen duten testuak soilik irakurrita?”. Lehen galderari baiezko borobil batez erantzungo nioke. Izan ere, literaturazale guztiok irakurri ditugunak baino askoz liburu gehiagori buruz hitz egin dezakegu.

Pixka batez hausnartu ondoren, ez al da hori klasiko unibertsalen bereizgarrietako bat? Liburu ospetsu horiek guztiek ez dute gaur egunera arte iraun garai guztietako irakurleengan arrakasta itzela izan dutelako, edo ez horregatik bakarrik, istorio horietako bakoitza liburua bera gainditu eta belaunaldiz belaunaldi igaro delako baizik. Meritua da, gero, hainbeste jende kristau munduko klasikorik klasikoenaren, hau da, Bibliaren pasarte mordoa ezagutzea eta are hitzez hitz aipatzeko gai izatea inoiz liburu sakraturik esku artean eduki gabe!

Bestalde, “nobelaren arnasa atzematea” kontzeptu eder-ederra iruditzen zait, eta onartu beharra daukat nolabaiteko lilura sortu didala. Baina oso poetikoa izanagatik, gutako askorentzat kontu arras arrunta da. Azken batean, ez al da hori, hain zuzen, kultura kazetariok gure egunerokoan egiten saiatzen garena? Baita ezinezko bat lortu ere: irakurri gabeko liburuei buruz ahalik eta zorrotzen idatzi, gure artikulu eta erreportajeetan irakurleek igar ez dezaten beraiek baino gutxiago dakigula guk. Bistan denez, bokazio handiko baina erromantizismorik gabeko ofizioa da gurea, literaturaren inguruan lanean diharduten beste askorena bezala. Eta kritikariak ez dira salbuespen.

Zenbat aldiz irakurri diogu kritikari lotsagabe baina zintzo samar bati edo besteri “Ez dut liburua osorik irakurtzeko astirik izan”? Zenbat kritika daude liburuarekin ia batere zerikusirik ez dutenak? Eta okerrenean jarrita, zenbat iruzkin idatziko ziren liburua ireki gabe ere, kritikariak idazlearen lekua harturik eta sormenezko ariketa bikaina eginez? Euskal Herritik kanpoko epaimahaikide ez-euskaldunek historia hurbilean zehar euskarazko obrei emandako literatura sariak adina bai, behintzat.

Zalantzarik gabe, badira inork idatzi gabeko eleberriak. Inork irakurri gabekoak dauden bezala. Baina horrek ez du esan nahi existitzen ez direnik. Aitzitik, guztiz posible da inork idatzi gabeko eleberri horiek zeharkako erreferentzien bidez “irakurtzea”. Are gehiago, esango nuke literatura jarduera zoragarria dela. Agian Harkaitz Canoren Silueta eleberria bera irakurtzea bezainbeste… batek daki.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak