kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Haize begitik / Mikel Ibarguren / Susa, 2025

Biziminaren paisaiak Ibon Egaña / Deia, 2025-12-20

Mikel Ibargurenen liburu berriko lehen poemak Nire talaiatik izenburua darama, eta Donibane Lohizuneko Santa Barbara muinotik ikusten den paisaiaren deskribapena dakar: arrantzontziak, itsasoa, Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko muga, zerua eta labarra, eguzkia gordetzera doan unean. Haize begitik bildumak gero garatuko duen kartografia aurreratzen du poetak bertan. Paisaiaren ederrarekin batera ageri dira turistak, selfieak, pintadak eta Air Nostrum hegazkinak lehen poeman bertan, eta Lapurdiko kostaldeko paisaiaren anbibalentzia horietatik asko edaten du liburuak, izan ere. Ideia ezagun batekin egiten dugu topo lehen testu horretan: “Hemen naizelarik / hangoa naiz, / han nagoelarik / hemengoa”; ordea, erbestearen semantika baino leku eta garai zehatz batean bizitzearen esanahiak arakatzen ditu gehiago Ibargurenen azken lanak.

Zokoa, Jaizkibel, Baionako karrikak, itsasoa eta saltoki handiak. Geografiak markatzen du poemategia eta ni poetikoa, eta horrek ematen dio, besteak beste, trinkotasun bat, erreferentzia-sare bat eta nongotasun bat. Geografia, ordea, nekez da kanpo-paisaia huts, behaketarako objektu; sarritan, paisaia geografikoa barne-paisaiaren adierazpideekin lotzen du poetak, batzuetan kontraste gisa: “Eta berriro nire buruko lainoetatik / euri txiki hau”. Baina, bada oraindik paisaiaren hirugarren dimentsio bat, gainontzeko biekin txirikordatuta, banaezin ageri dena: paisaia soziala, edo politiko-soziala. Irratitik jasota batzuetan, entzundako solasaldi moduan bestetan, lehen pertsonako bizipen gisa aldika, poema hauen geografia sozio-politikoa osatzen dute ibaian itotzen diren migranteek eta bizi dituzten traba administratiboek, lan-esplotazioak, turistifikazioak, langabezia eta prekaritateak, etxebizitzaren garestitzeak, grebek eta jaka horiek.

Izen, neurri eta leku-denbora jakinak ditu paisaia horrek: Abdullah edo Assila, Carrefour, 859,24 euroko erretiro aurreikuspena 67 urterekin erretiratuz gero, Irulegiko Irratia 91.8an. Zehatzera, hurbilekora, materialera jotzen du Ibargurenek sarri poema hauek osatzerakoan, eta hori egin zait liburuaren parterik interesgarrienetakoa: gardentasunetik, biluztasunetik, ia transkribapen soila dirudien idazketatik poesia nola sortzen duen, material hori manipulatu eta efektu estetikoa nola bilatzen duen, testuinguru sozio-politiko horren eta esperientzia indibidualaren arteko loturak nola josten dituen. Ez dute poema guztiek eite bera, eta sinbolikoago ere jartzen da egilea zenbait poematan (ortzimugak, hegoak…); nago halakoetan aurkikuntza estetiko gutxiago ikusi ditudala, tarteka irudi ederrak ere badiren arren: “itsasoan / ardiak ikusi ziren”.

Poetak hiru paisaia-mota elkarlotzen dituen gisa berean, elkarrekin katramilatzen dira liburuan oraina, iragana eta etorkizuna ere. Beharbada modu eskematikoegian esanda, minarekin badu loturarik iraganak, pozarekin orainak, eta larritasunez bizi du poetak etorkizuna. Presente daude poemetan iraganeko minak, galerak, zauriak, baina lehertzera heldu gabe: “baina orain hemen naiz / eta orbainak izan arren / ez dut minik sentitzen”. Etorkizuna promesarena baino zalantzarena da gehiago, katastrofearen mamua dakar geroan pentsatzeak, eta horregatik orainean bizitzearen aldeko apustuan aurkitzen dugu ahots poetikoa, egunerokoan poz eta zorion uneak bilatzeko lanetan: pizza bat labean sartzea ostiral gauez, kruasan eta guzti gosaltzea larunbat goizez. Zorion egonkor eta betierekoaren aukera uxaturik, poz behin-behineko horien irudikapenetik datoz liburuko poemarik ederrenetakoak ere. Bada minik, bada kezkarik, baina oroz gain biziminetik sortutako paisaiak aurkitu ditut Haize begitik liburuan.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak