kritiken hemeroteka

8.795 kritika

« | »

Nonahiko musika / Juan Kruz Igerabide / Balea Zuria, 2025

Gizatasuna non? Felipe Juaristi / El Correo, 2025-12-27

Juan Kruz Igerabidek gogoetarako liburua argitaratu du egunotan, “Nonahiko musika”. Humanismoaren itzulera nolabaitekoa da. Ez da ohikoa horrelako aldarrikapenik gure literaturan, ez dakit zergatik, humanismoa ez dagoelako modan, eta gero eta zailagoa delako gizatasuna adieraztea, besteak beste. Lierni Azkargorta poetak, “Anatomia bertikalak” argitaratu zuen, udaberrian, aurten kaleratutako poema-liburuen artean gailurra jo duena. Hor ere ikusten da giza esparrutik gizatasunarenak diren arazoei erantzuteko asmo sendoa, hitzaren maila goratzeko eta haren neurria igotzeko asmoa. Ez gara estetikaz soilik ari.

“Etika eta estetika gauza bera balira, Wittgensteinek zioen bezala, arteak mundua salbatua luke aspaldidanik”, irakurtzen da Juan Kruzen liburuan. Arteak mundua salba lezakeela ez da aspaldiko kontua. Elias Canettiren eskuetara testu bat iritsi zen. Bi esaldi dira eta data bat: 1939ko abuztuaren 23. Bigarren Mundu Gerra piztu baino lehen poetak idazten du: “Amaitu da. Egiazko poeta banintz, gai izango nintzatekeen gerra geldiarazteko”.

Beste lurralde eta esparru batean sartu gara. Kontua ez da idazle izan ala ez izan, poeta izan ala ez, intelektuala izan ala ez, gizaki izan ala ez izan baizik. Cannettik ez zuen gerra eragotzi, ezin zuen. Arteak ez du gerra galaraziko, ezta geldiaraziko ere. Arteak, eta kulturak orobat, mundua egiten eta desegiten du, irudiz irudi, besterik ezean. Horazioren kezka gerra zibila zen, berak idatzi zuen ezen zorigaitzetan larriena gerra zibilarena dela. Shakespearek hitza eman zien giza ahuldade eta gaitz guztiei, baina ez zuen gerra zibilik eragotzi. Trakl poeta Lehen Mundu Gerran hil zen. Wittgensteinek eguneroko sekretuan idatzi zuen hura bisitatzeko asmoa hartu zuela. Filosofoa gerrara aurkeztu zen boluntario. Vistula ibaian barrena ibili zen, Traklengandik ez urruti. Ez zuten elkar ikusi. Wittgensteinek ez zuen gerra eragotzi, ez Cannettik, ez Bertolt Brechtek ere. Bigarren Gerra etorri zen eta bere haragi eta sufrimendu-karga eraman zuen berarekin. Genozidioa gertatu zen: Auschwitzen eta bestelako eremuetan. Genozidioa gertatu da Gazan, eta hainbat gerra daude, oraindik, odolaren zerga kobratzen. Baina idazleak idazten segitu du, jakinik ez duela gerra geraraziko, ez duela tortura ezabatuko, ez duela minik kenduko.

Cannetti, hasieran, aipatutako testua irakurritakoan, haserretu egin zen. “Ausardia behar da, halakoak esateko!”. Gero, ordea, miresmena azaldu zuen testuaren egilearekiko. “Idazlea da —idatzi zuen— gizatasuna zer den ahaztu ez duena”.

Eta hala ere…

Bizitzeko artea ezin ulertu irakurtzeko arte hori gabe. Edo Hölderlin poetak idatzi bezala: “Gizakiak mundua era poetikoan bizi du”. Errealitatearen gainean zerbait eraiki dugulako bizi gara, gehienbat. Izan daiteke transzendentea, izan daiteke zerbait materiala, izan daiteke poesia. Poetarentzat etikaren eta estetikaren artean alde handirik ez.

Poesia ere ezin ulertu musikarik gabe. Eta musikak ezin aurrera egin sentimenduak garraiatu gabe. Edo Juan Kruzen hitzetan: “Poema gertaera psikikoa da, eta fisikoa bihur daiteke: zirrara, arritmia, astindua, ezkabia…”.

Eta sendabide ere bai. Poesiak sendatu egiten du, sendatu egiten gaitu. Lierniren poemak sendabide dira, geure egoeraren txikiaz ohartarazten baikaitu, geure minaren handiaz, era berean. Filosofiak bezala. Horregatik Epikuro sendagiletzat zuten ikasleek.

Azken kritikak

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak