« Gudari zaharraren gerra galdua | Arestin bizi da poeta »
Odolaren sua / Irene Nemirovski (Jose Antonio Sarasola) / Alberdania, 2012
Erreka jota Iker Zaldua / Gara, 2013-11-24
Ez dakit non dagoen liburu honetako istorio hunkigarriena, interesgarriena, arreta gehien ematen duena, izan ere, eleberria tartean gordetzen duten argitaratzailearen oharrak eta, batez ere, gibel solasak Irene Nemirovskiren istorioa kontatzen dute, istorio tragikoa, laburra bezain bizia, behinola, Ukrainian jaio zen eta ibaiaren ibilguak Auschwitzen gazte, gazteegi letren zoritxarrerako, hiltzera eraman zuen emakumearen istorio gordina.
Bere bizitzako istorio horretan idatzi zuen liburuaren azalean irakur daitekeen Odolaren sua. Haatik, idazlea hil zela urte asko igaro diren arren, hamarkada bat ere ez da kontakizun osoa irakurgarri dagoela, izan ere, 2005ean Institut Mémores de l´Édition Contemporaine artxibo zentroan estu idatzitako hogeita hamar orri agertu ziren arte, kontakizunaren herena baino ez zen ezagutzen.
Askotan gertatzen denez, biografiak eta bibliografiak harreman estua dute kasu honetan, esan nahi baita, eskuz idatzi zituenak bihotzez sentitu zituela Nemirovskik. Zenbaitetan idazleak katamaloa janzten du eta irakurleak asmatu egin behar du non dauden autobiografia arrastoak. Kasu honetan, aski da biografia hori apur bat ezagutzearekin, izan ere, disimulurik gabe eta, zenbaitetan, izenak aldatu gabe agertzen ditu bere bizitzan ikusitako leku eta pertsonak, disimulurik gabe azaldu odolaren suak nola eramaten gaituen zentzuak aholkatzen ez dituen ekintzak egitera eta nola eraikitzen den tragedia, “gero egin dezakegu hondamenen balantzea” egiten dugularik.
Horixe baita, finean, Odolaren sua, tragedia bat. Agertzen diren pertsonaia guztiek dute beren sekretua, azala garbi izan arren, arima “zikin”, odolaren suak bultzatuta behinola egindako ekintzen erruz. Kontakizunaren lehen erdia bare igarotzen da, gero etorriko den uholdearen zertzeladak ematen badira ere. Frantziako landa-eremuko bizimodua deskribatzen da, bertako bizimodu “lasaia”. Baretasun horretan badirudi pertsonaiak lauak direla, bizitza lineala izan dutenak, ibaian behera urak jauzirik egin gabe egiten duela aurrera, erreka jo gabe. Eta badirudi ez dela deus gertatuko azken puntura heldura ere. Zenbaitetan azken puntura helduta ere irakurlea sentsazio horrekin geratzen da, asaldurarik, astinaldirik gabe pasa direla orriak, alegia. Kasu honetan, ordea, nobela beltz on baten maisutasunez ekintzak arrapaladan jazotzen dira bigarren zati horretan, irakurlea ustekaberako prest dagoen arren, kontakizunak ezustekoa ematen dio eta asaldatu egiten da.
Gaitzat, izenburuari kasu eginez, odolaren sua hartzen badugu, esan dezakegu, engainuak, iruzurrak, adulterioak osatzen dutela liburuko saltsa, maitasunaren aldaera horiek. Zentzuak bide bat markatu eta suaren ondorioz beste batean muturra sartzean ibaia oldartzen hasten da. Bizitza eta ezkutuko bizitza (bide batez, ageriko ezkutuko bizitza, sekretua oihartzun isil bat baita) kontrako noranzkoan bi bide dira, baina zein da benetako bizitza?
Uste dut galdera horren gogoeta dela liburuan egiaz plazaratzen den gaia, zenbaitetan sarkasmoz hitz egiten baitu bizitza zentzudun horretan, Jaunak markatutako bide horretaz.
Ia mendea igaro da Nemirovskik orri hauek idatzi zituenetik eta, beharbada, harritu egingo litzateke, ustez horrenbeste garatu den munduan, bere galdera gaur ere ausartegia litzatekeela jakingo balu.
Garondoan
Gorka Bereziartua
Asier Urkiza
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Nagore Fernandez
Kantu leuna
Leila Slimani
Maialen Sobrino Lopez
Odola kantari
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Bihotzean napalma
Pol Guasch
Irati Majuelo
Izatearen arintasun jasanezina
Milan Kundera
Aritz Galarraga
Zerua hemen
Oihana Arana
Ibon Egaña
Espekulazioak
Arrate Egaña
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Asier Urkiza
Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa
Nagore Fernandez
Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa
Maialen Sobrino Lopez
Ni, laiko
Markos Zapiain
Mikel Asurmendi
Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti
Maddi Galdos Areta