kritiken hemeroteka

8.301 kritika

« | »

Gauzen ordena naturala / Antonio Lobo Antunes (Iñigo Roque) / Alberdania-Erein-Igela, 2013

Itsasoa besarkatzeko asmotan Karlos del Olmo / eizie.org, 2013-11-29

Antonio Lobo Antunesen arabera, itzultzea idaztea da; idaztea beti izaten da itzultzea eta gauza horiek biak bizitza dira. Bestela ere azaltzen du: idaztea, itzultzea bezala, eldarnioa egituratu eta isiltasuna lantzean datza.

Lobo Antunesen ezaugarri nagusia introspekzioa da, idazleak bere txokorik gordeenak arakatu eta argitara atera behar dituelakoan dago eta; hortaz, haren ustez, itzulpengintzaren mamia ere horixe da: normalean helmenetik kanpo izaten ditugun sakontasun sekretuetan murgiltzea, berba bera baino aspaldikoagoak direnez gero sakontasunok. Hori lortuz gero, Lobo Antunesek dioenez, itzultzailea egilearen parean egongo da, eta itzulpena liburuaren bertsio berri bat izango da, partekatu beharreko beste testu bat. Eta horrexek eragiten du, hain suertez, jatorrizko liburu beraren bertsio on bat baino gehiago egon ahal izatea, egilearen iritziz.

Itzulpenak kulturen arteko konplizitateak lortzen dituelako iritzia du egileak, nahiz eta poesia itzultzea oso langintza zaila iruditzen zaion, egile batzuen indarra, intentzioa eta malezia itzultzea ia ezinezkotzat jotzen du eta. Poesia izan ez arren, haren irizkide bete-betekoa da Iñigo Roque itzultzailea, sarreran dioskunez, Loboren ezaugarri estilistiko nagusi batek sorturiko oztopoetako bat leuntzea erabaki duelako: “Irakurleak (…) jatorrizkoak ez dituen zenbait errazbide aurkituko dituela testuan, nagusiki puntuazioan”. Ezin jakin, dena dela, errazte ariketa hori egiteko baimenik edo iritzirik eskatu dioten idazleari. Iradokizun modura, bestalde, errazten hasita, zergatik ez egin ahalegintxo bat zenbait orri marraz halako zamatuta ez emateko, hau da, Euskaltzaindiak marrarik ez erabiltzeko aukera emaniko hitz elkartuetan marrarik ez erabiltzea, ikusita toponimo ezezagunak ugari ere ugari agertzeak marra asko ere eragiten zituela, ondorio estetiko berezi samarra sortzeraino?

Guztiarekin ere, Iñigok beste pasarte batean dioenez, “Itzulpen hau itzulpen posibleetako bat besterik ez dela esan behar genuke (edo gogorarazi)”. Eta litekeen itzulpenetako bat delako, hain suertez, ongi etorri egin behar dio euskal irakurleak, itzultzailearen aitorpen zintzo eta apal horrek murgiltze ondradu eta sakon bat dakarrelako emaitzatzat. Emari txukuna delako, ahozkotasunaren zantzuak eskaintzeko ariketa trebea ere dakarrelako opari. Itzultzaile batentzat ere Lobo Antunes euskaratzea erregalua den modura —itzultzeko orduan ordaindu beharreko prezioa handia izan badaiteke ere—.

Lobo Antunesek sano harreman estua izaten du itzultzaile batzuekin, eta duela urte gutxi zendutako Mario Merlinoren gainean adierazi duenez, itzultzaile hark idazlearen berba bakoitzari “merezi zuen arreta delikatua” ematen zion, liburu bat ez delako ideiekin egiten, eleberrietan tramak axola ez duelako, muntaduna eleak direlako, sentsazioak haien bidez modelatzen dira eta. Eta horri dagokionez, Antunes pozik dagoke euskarazko bertsioan Iñigo Roquek eleei eginiko laztanekin.

Egileak berak irudi baten bidez azaltzen du zer den berarentzat idaztea (itzultzea?): “Liburuak idaztea kalean botoi bat topatu eta haren bidez hura josita egondako berokia zelakoa zen berrasmatzearen antzeko zer edo zer da”. Eta alderdi horretatik, Gauzen ordena naturala liburuak ezin hobeto ordezkatzen du Lobo Antunesen unibertso literarioa: oroimena eta hitza, berbaldia gomuten bitartez egituratzen baitu. Noren oroitzak, barren? Egilearenak, jakina; pertsonaienak, zertan esanik ez… eta irakurlearenak berarenak, ezin bestela jazo…, irakurle bakoitzak bere oroimena jarri behar baitu gai eta testu zatikatuen zerbitzuan: “proposatzen dudan benetako abenturan narratzailea eta irakurlea biok biotara abiatzen dira inkontzientearen belztasunerantz, giza naturaren erroetara”. Eta horrexegatik ere, Ovidioren antzera, Antonio Lobok dioenez, idazle moduan izan lezakeen ospea gorabehera, bere liburuak hilko ez direlako ustean dago.

Eleberri koral eta polifoniko honetan, idazlariak pertsonaiei ematen die hitza, eta haiek, lehen pertsonan narratu heinean, trama ehunduz joaten dira, gertaera beraren askotariko bertsioak emanez, betiere gai berak erdigunetzat: familia, diktadura, Portugaleko koloniak, diktaduraren osteko demokraziak eragindako desilusioa, maitasun eta sexu harremanak… Eta anabasa horretatik, sinfonia oso bat lor dezake irakurleak, konpositoreak (egileak) idatzitako partiturari interpretazio (berbaren adiera gehienetan) pertsonal halako bat atxikita.

“Den-dena jokatu zuen idazteko ekintzan, eleberri bakoitza zerabilela aurrekoa zuzentzeko, inoiz ere korrejituko ez lukeen liburuaren bila, halako pasioz non ez zuen lortzen gogoratzerik zer jazoera gertatu ziren berak liburuak ekoitzi artean”. Honela laburtzen du Antunesek berberaren bilatze literarioa liburuetako batean, eta ezin hobeto definitzen du literatur itzultzailearen eginkizuna: inoiz ere zuzenduko ez duen itzulpena bilatu eta topatzea.

Haren beste esan bat parafrasea daiteke literatura itzultzea zen den azaltzeko: “Ez duzu idazten gura duzuna, ahal duzuna eskribitzen duzu. Lantegia da hitzetan jartzea, definizioz, hitzetara itzuli ezin dena”. Alegia: “ez duzu itzultzen gura duzuna, ahal duzuna baizik, berben bidez ordaindu behar baituzu, berez, itzulgaitza dena”.

Azken kritikak

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak