kritiken hemeroteka

8.544 kritika

« | »

Hamlet / William Shakespeare (Juan Garzia) / Elkar, 2012

Laugarrenean, agidanez Inma Errea / eizie.org, 2013-02-14

Maiz entzun ohi dira kexak, euskaraz ez ditugun edukien faltaz. Kasu gutxi batzuetan, ordea, ezin gara kexatu, beste hizkuntzetan beste, edo gehiago, baitugu. Hori da Shakespearen obren kasua (Susa argitaletxearen Shakespeare gurean izeneko web orrian eta Armiarma webgunearen Euskarari ekarriak izeneko atalean ikus daitekeen moduan), eta zehazkiago, iruzkin honen xede den Hamlet tragediarena.

Hamlet 1952an agertu zen euskaraz lehen aldiz, Bingen Ametzagak euskaratu eta Ekin etxeak argitara emanda Buenos Airesen. Bere aldetik, Bedita Larrakoetxeak, Shakespeareren lan guztiak euskaratzeari lotu zitzaion apaiz eta idazleak, Hamleten beste bertsio bat eman zuen argitara 1976an, Odol Antzerkiak-A izeneko liburukian.

2002an, euskara normalizatuan egindako Hamleten lehen bertsioa irakurri ahal izan genuen, Juan Garziak euskaratu eta Ibaizabal argitaletxeak argitaratuta, Literatura Unibertsaleko bilduman.

Egin berri den bertsioa, 2012koa, 2002ko itzulpenaren bertsio hobetua eta eguneratua da, eta Urrezko Biblioteka bilduman eman da argitara. Bilduma hori EIZIEk abiarazi du, Literatura Unibertsalaren bilduman 1990etik hona euskaraz argitaratutako literatur lanetatik lehenengo 100 izenburuak paperean eskuraezin direla ikusita. Guztira, 20 lan hautatu dira berriro argitaratzeko.

Hamlet obrari buruz, ezer gutxi dago esateke, ez bada beti atera daitekeela, harrigarria bada ere, hari-punta berriren bat haren matazatik, eta horri esker lortu duela, hain segur, klasiko bat izateko meritua. Horri dagokionez, gomendatzeko modukoa da Juan Garziak edizioaren hitzaurrean adierazitakoak irakurtzea obraren beraren irakurketari ekin aurretik.

Hitzaurrean bertan, Juan Garziak azalpenak ematen ditu Hamlet itzultzeko orduan kontuan hartutako irizpideei eta egindako aukerei buruz, eta halakoak jakitea ere interesgarria da beti. Itzultzaileak berak adierazitakoaz gain, esan beharra dago oraingo bertsio honetan hizkuntz maila eta esparru batean baino gehiagotan egin dituela itzultzaileak hobekuntzak: batetik, lexikoa eguneratu du, euskararen bilakaerari eta Hiztegi Batuaren eskakizunei erantzunez; bestetik, joskeran eta puntuazioan ere egin ditu zenbait aldaketa, ulergarritasunaren eta zehaztasunaren mesedetan; azkenik, aurrekoak lagun, adierazkortasuna areagotu du zenbait pasartetan, eta beldurrik gabe jokatu du horretan, hitzak eta esamoldeak kenduz, moldatuz edota erantsiz, beharrezkoa jo izan duen guztietan.

Emaitza itzulpen konplexu eta oparoa zenaren bertsio hobetua dugu, betiere klasiko honi dagokion legez irakurleei ahalegintxo bat eskatzen diena: irakurleek eguneroko euskara estandarrean ohikoak ez diren egitura sintaktiko, hitz eta esamoldeak aurkituko dituzte, bai eta gutxitan ikusten diren aditz trinkoak ere. Baina ezein irakurle ez dadila izutu, testuingurua izanen baitu beti makulu. Eta antzerkia denez, jostatzeko beta ere ematen digu Hamlet honek: proba ezazue zenbait pasarte ozenki deklamatzera, eta miretsita ikusiko duzue hitzak nola eraldatzen diren, edertzen eta handitzen, ozenki esaten direnean. Antzerkia baita hau, eta antzerkiaren funtsa, finean, antzeztua izatea da.

Azken kritikak

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Jon Jimenez

Reset
Aitziber Etxeberria

Mikel Asurmendi

Baden verboten
Iker Aranberri

Jose Luis Padron

Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza

Jon Jimenez

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Hasier Rekondo

Haragizko erreformak
Mari Luz Esteban

Mikel Asurmendi

Eusqueraren Berri onac
Agustin Kardaberaz

Gorka Bereziartua Mitxelena

Juana
Jon Artano Izeta

Mikel Asurmendi

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Jon Jimenez

Simulakro bat
Leire Ugadi

Maddi Galdos Areta

Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu

Ibon Egaña

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Paloma Rodriguez-Miñambres

Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga

Mikel Asurmendi

Turismo hutsala
Fito Rodriguez

Asel Luzarraga

Artxiboa

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

Hedabideak