kritiken hemeroteka

8.644 kritika

« | »

Nire amaren autobiografia / Jamaica Kincaid (Alberto Martinez de la Cuadra) / Alberdania-Erein-Igela, 2012

Konkistak Iratxe Esnaola / Berria, 2013-01-13

Arrotz zaigun egile baten lana lehenengoz eskuratzea beti da kitzikagarri, eta zer esanik ez, lehen gerturatzea euskaraz egin badezakegu. Karibeko Antigua eta Barbuda uharteek osatzen duten nazioan du jatorri Jamaica Kincaid-ek (1949), baina 17 urterekin, Amerikako Estatu Batuetara bidali zuen familiak handik mantenduko zituen itxaropenean. Urte batzuk geroago, The New Yorker-en idazten hasi eta 70eko hamarkadarako egile ezagun bihurtua zen. Nolanahi dela, uharteetako bizi esperientzia izan du material agorrezin, izan fikziorako, izan gogoetarako, Nire amaren autobiografia honetan gertatzen den bezala. Hau ez da biografia bat, hala ere. Memorian gordetako egintzak gogara maneiatu eta aldatu ditu egileak. Bestalde, uharteetako emakume genealogiatik baliagarri izan zaiona hartu du, eta berdin, historiatik komeni zitzaiona, horrekin guztiarekin fikzio bat osatzeko, hain zuzen, bere amaren belaunaldiko emakumearen istorioa irudikatzeko. Irudikapen hori Xuela Claudette Richardson andrea da eta bere biziaren bakarrizketa dugu eleberria. Fikzioa Dominika uhartean gertatzen da, Britainiar kolonizazioaren ondorioz, bertako karibetarrez hustu eta Afrikako esklaboz bete zuten uhartean. Arrazakeria mailakatua pairatzen duen herri eta garai batean kokatzen gara; beraz, piramidearen goialdean gizon zuri britainiarra dugula, mestizoak hurrena, beltzak geroago, eta karibetar ia desagertuak azkenik.

Eleberrian ez da elkarrizketa-lerro bakar bat ere. Prosa joriz, mintzo-parrasta aurkezten zaigu Niaren pentsamenduz, deskribapenez eta gogoetez mukuru. Ni honek bi obsesio ditu, aita eta ama, eta noiz bati jarraika, noiz besteari, bagoaz narrazioan aurrera. Ama, uharteko azken karibetarra, Xuelaz erditzean hil zen eta hura ezagutu nahiak eta ezinak modelatzen du Xuela. Harekin batuz uko egiten dio zapaltzaileen ohiturei; hots, Britainiar Inperioko erlijioari eta hezkuntzari, zeinak hizkuntzaren eta historiaren bitartez zapalduak euren artean zapaltzaile bihurtzea duen xede. Xuelak, emakume den neurrian eta ez zuri, gizon zuriaren eskubide eta legitimitaterik ez duela badakien ahots samin sumina du. Apika, mingostua ere bai, klase arraza eta genero bereizketek markatzen dituzten injustiziei aldaezintasuna darielako, haren ustean. Askok egilearen obretan etsipenezko mingostasun hori ikusi izan du eta begirada ilun pesimista azpimarratu. Duda gabe, ez du esfortzurik egiten kolonizazioaren historia zuritzeko; ez aitzakiarik, ez barkamen hitzik. Baina aurrez aurreko eskakizunik ere ez dago. Aldaezintasuna onartu eta orainean geratzen da ekintzara iragateke. Bere buruaren ezagutzan eta jabetzan aurkitzen du nazio berria, garaitu duten nazioa ordezkatuz. Gorputza ezagutzeko eskaintzen duen denbora, esate batera, edo bere indar sexualari ematen dion arreta, bestela, indartsu eta misteriotsua da, uharteko beste hainbat espiritu eta indarren antzera. Eta hori guzti hori, non eta mendebaldeko edertasun kanona beste kolonizazio mota bihurtu duten lekuan. Beraz, bere gorputzaren eta ahotsaren aldarri erabatekoa da. Nola bestela, jaiotzean abandonatu zuen aita kolonizatzaileen zerbitzura jarritako polizia makurra izanik. Hura duenez bigarren obsesio, behin eta berriro deskribatzen du hark diruari dion grina, ahulari dion mesprezua, eta zapaltzaileen eskaileretan duen posizioa, den-dena arreta biziz jarraituz. Hain zuzen, arreta gupidagabe hau da eleberria kohesionatzen duena, pertsonak biluzi eta deskribatzeko Niak duen arreta. Sentipen mingotsa eragin diezaioke horrek zenbaiti, begiratu eta epaitu egiten baitu ezer berririk proposatu gabe, norbere baitako lurren konkista beste helbururik gabe.

Azken kritikak

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Amaia Alvarez Uria

Zer egin Miranderekin?
Askoren artean

Irati Majuelo

Azken batean
Lourdes Oñederra

Paloma Rodriguez-Miñambres

Independentziaren dekalogoa
Joseba Gabilondo

Mikel Asurmendi

Beste zerbait
Danele Sarriugarte

Maialen Sobrino Lopez

Palinpsestoa
Joxe Austin Arrieta

Asier Urkiza

Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu

Nagore Fernandez

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Paloma Rodriguez-Miñambres

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Mikel Asurmendi

Esker onak
Delphine De Vigan

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Enarak
Bernardo Atxaga

Irati Majuelo

Ez da erraza gizon on bat aurkitzea
Flannery O'Connor

Aritz Galarraga

Moebiusen ertzak
Garazi Kamio

Joxe Aldasoro

Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

Hedabideak