kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Hiru gutun Iruñetik / Patxi Zubizarreta / Pamiela, 2012

Hiru gutun Iruñetik Adriano de Mata / hirinet.net, 2013-01-15

1936ko gerra-garaira garamatza Patxi Zubizarretak liburu honetan, nahiz eta gerra bera ez duen hizpide —izan ere, 1936 eta 1939 urteen artekorik ez du zuzenean aipatzen—. Liburua hiru ataletan banatzen da, erregistro eta narratzaile ezberdinekoak hirurak ere. Lehenengo atalean Gabriel Arratibel eta Rafael Zubeldia (ezizenez Pedro Badihoa eta Juan de Harrapazak, hurrenez hurren) txikitako lagunen arteko gutun-trukea ageri zaigu.

Gerra piztu aurretxoan Gabriel Afrika iparraldean dago soldaduska egiten, Rafael sorterrian, Ordizian, geratu den bitartean; elkarri kontu-kontari aritzen dira, soldaduskan bizitakoak, jaioterrian gertatuak, umetako oroitzapenak… Badirudi gutun-truke soila dela, inora ez daramana, gertakizun zein kontakizunen bilduma arrunta; alabaina, bertan esandakoek garrantzi handia izango dute liburuan zehar, ondoren gertatuko dena ulertzeko gako.

Bigarren atala 1939an hasten da, gerra dagoeneko amaiturik dela, eta Pirinioetan gertatzen da. Bidankozetik Igarirako errepidea zabaltzen dihardu gerrako galtzailez osaturiko Langileen Batailoiak, eta hango giroa eta gertaerak kontatzen dizkigu Zubizarretak, soldadu, teniente, ofizial eta presoen artean geratutakoak, hain zuzen ere. Benetako testigantza zein ikerketa historikoetan oinarritua da, eta narratzaile orojakileak hirugarren pertsonan dihardu.

Hirugarren atala Bidankozeko preso batek kontatua da, hirugarren eta horren arrunta izan ohi ez den bigarren pertsonan. Orain artekoan tentsioa igo besterik ez da egin eta, hirugarren atal honetan idazleak ezin hobeto lortzen du irakurleen tentsio-maila hori gorenera helarazi eta amaiera-amaierara arte mantentzea. Irakurleen mesedetan ezin dugu hortik aurrerako ezer esan, modurik harrigarrienean amaituko dela besterik ez (guk geuk, esatera, ez genuen amaiera hori inondik inora espero).

Geure gertuko historian horren ezaguna ez den gertaeraren bidez, Zubizarretak eleberri ederra eskaini digu, gozatzeaz batera nafar Pirinioetan duela ez horren luze gertatutakoa oroitarazten digularik, hainbat hizkera-mota (toka, zuka, lehen, bigarren eta hirugarren pertsonak, tarteka mendebaldeko eta erdialdeko euskalkiak ere) maisuki darabiltzala, euskara txukun eta ederrean. Hasiz gero amaierara arte utzi ezin den maisulan horietakoa dugu, ezbairik gabe, Patxi Zubizarretaren azken lana.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak