kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Bitan esan beharra / Rikardo Arregi Diaz de Heredia / Alberdania, 2012

Zeru gorenak, hemengoak Igor Estankona / Deia, 2013-01-12

Leun eta gozo engainaturik garamatza Rikardo Arregi Diaz de Herediak poesiara, poesiarik ez daukatela diruditen ahapaldi, orrialde, kapituluetan zehar. Rikardoren poesia da inplizituki dakarrena hitzak, berau sentimendu bihurtzen denean. Berba zehatz ondo aukeratutakoaren bitartez dei egiten die maitale ideialei, galdetzen dio heriotzari noiz arte, hausnartzen du esfortzuaren gainean, kausitzen du bere burua inorentzako ez diren arrosekin: “Norbaitek pentsa dezake aurreko azalpen hori guztia aitzakia hutsa dela nire burua zuritzeko hainbeste urte poema libururik argitaratu gabe emateagatik. Ez dut baietz esango, ezta ezetz ere, baina literatur genero honetan, poesian, presak edo goranahiak absurdoak dira nire ustez. Beti pentsatu dut literatur genero honek, poesiak, gaur duen abantaila handiena, beste generoekin erkatzen badugu, askatasuna dela merkatutik kanpo baitago, ia-ia merkatutik kanpo”.

Liburua bekatu originalaren ideiarekin hasten da: “Muinoan, Burdin Aroko aztarnak. / Hortik erromatarren harbidea. / Goian eliza, ateak itxita”. Eta irakurleari bihotza uzkurtzen zaio bat-batean, galtzada esan ordez harbide aukeratzeak daukan kargaren eraginez, historiaren pisuaren pisuaz, eta ateen astuntasunagatik. Baina hurrengo poemak materialik gabe lantzen ditu, oroitzapenei buruzkoak dira, ezerezaz ari dira, eta arintasun horrekin alaitzen zaigu bihotza arean, sartu ahala idazlearen azken hamabi urteotako produkzio oparoan, non gazi-gozoek eta ezti-mingotsek osatzen duten halako nahaste atsegin bat, behe lainoaren eta bainugelako lurrunaren artekoa.

Ofizioa badaki Arregik. Eguneroko detaile itxuraz garrantzi bakoa filosofia bihurtzeko gaitasuna dauka, eta abstrakziorik handienak —heriotza, banaketa, absentzia, literatura…— elementu sano sinpleekin iristen ditu, ahotsa goratu gabe, erraz. Modu horretan tristezia, malenkonia edo pesimismoa ez dira konbentzioak baino, zabal eta atzemanezin ageri zaigun existentziaren aldean: “Abesti zahar hauek guztiak / entzuten ditut etxean / zure zain nagoen bitartean, / egun joanak gogoan ditut / lasai betiko moduan”. Eta, era berean, euforia eta zoriona ere bare datoz, ez dira ezer: “Berrogei urte duzu. / Benetan, orain dela hogei baino / jainkoagoa zara. / (…) / Zure antzerakoak / ondoan ikusteak / liluragarri egiten du lurra”. Eta hain berea den maitasun indibidualista estetikoki triste eta xamur hura dakar berriro, biribildua, perfekzionatua, liburu honetara. Beraz arrazoia zeukan Koldo Izagirrek zioenean beste inork eta aspaldi idatzitakoak diruditela maiz Arregirenak. Pavese, Kavafi eta beste klasiko moderno batzuk aipatu genitzake liburu honen izpirituaz ohartarazteko, baina sinplifikazioa litzateke. Bitan esan beharra autobiografikoa eta gezurrezkoa da bizitza bera bezala, edo editoreak aurreratzen digun legez “bizitzaz eta arteaz” ari den liburu baten aurrean gaude, “bizitza artea ez bada ez baita bizi, eta artea bizirik ez bada ez baita arte”.

Mistiko jartzen denean eta modu hanpatuan hitz egiten duenean errealitatera gerturatzen den idazle bakan horietakoa da, irrigarri gelditu gabe jainko laikoekin hitz egin dezaketenen arrazakoa: “Badakit ez zaudela hemen, zure hilobian / leku hau sakratuena bada ere niretzat, / liburuetan zaitudala aldarrikatzea / errazegia da, baina ez egia niretzat; / erraietan zaitut, nire haragi bihurturik”. Elegantziaren ahapaldiak dira ilusio frustratu ederrok.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak