« Denak batera | Mugaren leihoan dagoen prosa poetikoa »
Iruzurgilea / James M. Cain (Xabier Olarra) / Igela, 2002
“Hard-boiled” Gotzon Hermosilla / Euskaldunon Egunkaria, 2002-07-06
Josu Landak Odolbildua eleberria aurkeztu zuenean, aukera baliatu zuen Igela argitaletxearen Sail Beltza goraipatzeko, eta aitortu zuen sail horretako liburu guztiak irakurriak zituela, Mentxu eta osterantzekoen abenturak idazteari ekin baino lehen, bere burua kokatu eta girotzeko. Landaren adierazpenek hizpidera ekarri dute ostera ere Igela argitaletxea, nobela beltzaren klasikoak gurera ekarriz, egiten ari den lan isil eta eredugarria. Beraz, une egokia da sail horretan hamalaugarrena egiten duen Iruzurgilea James M. Cainen liburuaz ohar pare bat egiteko.
Mundu guztia bat ei dator The postman always rings twice (Postariak beti bi aldiz deitzen du) Cainen lanik nabarmenena dela adieraztean. Horretan, noski, zerikusi handia izango zuten nobela hori oinarritzat hartuta egin diren bi film ezagunek. Iruzurgilea bi urte geroago argitaratu zuen, 1936an Liberty aldizkarian, eta 1943an berriro kaleratu zen beste bi nobela laburrekin batera, Three of a kind izeneko bilduman. Iruzurgilea ere pantailaratua izan zen, 1940an, Money and the woman izenburupean, baina haren arrakasta ezin da The postman-ek lortu zuenarekin alderatu.
Dena dela, Xabier Olarrak oraintsu itzuli duen lanak eta postariarenak harreman handia dute. Hasteko, eta narratzen zaizkigun istorioak guztiz desberdinak diren arren, bietan agertzen da Cainen obsesioetako bat: neurri bako pasioa. Bietan, gizon bat emakume ezkondu batekin maitemintzen da, eta pasioak, grinak, inkernuak (Otxandio aldean dioten moduan) edozein gauza egitera bultzatuko ditu, krimenik lazgarrienak barne. Postariak… eleberrian, senarra hiltzera deliberatzen dira maitaleak; hemen, aldiz, senarrak ustez egindako iruzurra estaltzen eta konpontzen saiatuko da Dave Benett narratzailea; eta horretarako, arriskuan jarriko ditu lana, etxea, ondasun guztiak, ospea eta, azkenean, bizia bera ere bai. Den-dena, liburuan esaten den moduan, “sexu-tiramenak” eraginda.
Traizioa da Cainen beste gai kuttuna, Postariak… irakurri edo ikusi duzuenok jakingo duzuenez. “Adiskide, emakume batek burua zenbateraino hartua dizun jakin nahi baduzu, hasi pentsatzen ziria sartzen ari zaizula, eta ikusiko duzu”, diosku Benettek liburuaren pasarte batean. Eta nobela osoan zehar etengabea izango da Benetten (eta irakurlearen) zalantza. Azken momentura arte, matazaren hari guztiak askatzen diren unera arte, ez dugu jakingo non dagoen benetako iruzurra, nork sartzen dion ziria nori.
Eta hori guztia, hard-boiled estilorik gordinenean idatzirik, apaingarririk gabeko elkarrizketez hornitua, Cainek hain gogoko zituen biolentzia-eztandek zipriztindua, eleberri beltzaren tradiziorik behinenean. Grinazko istorio bat kontatzeaz gain, AEBek 30eko hamarkadan nozitu zuten beheraldi ekonomikoaren osteko gizartea ederto deskribatzen du Cainek, eta bere pertsonaiak patuak agintzen dien bizimodu gris eta hitsetik ihes egiten saiatuko dira behin eta berriro, horretarako eskura dituzten lanabesak erabilita: lapurreta, iruzurra, indarkeria. Iruzurgilea ez da maisu-lana; Postariak… eta Olarrak berak itzuli eta Igelak argitaratu zuen Galbidea nobelekin erkatuta, bigarren mailako lana begitantzen zaigu. Baina, hala eta guztiz ere, entretenigarri soila izatetik urrun dago, eta Cainen idazkeraren eta obsesioen adierazgarri aparta dugu.
Amaitzeko, nobelak on line jartzen diren garaiotan, liburua objektu bezala maite dugunok badugu zer eskerturik Igelari; izan ere, liburuaren itxurak (formatu txikia, azal bigunak, paper merke grisaxka) pulp edizioak edo gaztetan irakurtzen genituen detektibe-nobela ziztrin baina xarmaz beteriko haiek ekartzen dizkigute gogora, eta eleberri beltzak argitara emateko formatu egokia delakoan gaude.
Zero
Aitor Zuberogoitia
Amaia Alvarez Uria
Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga
Aiora Sampedro
Carvalho Euskadin
Jon Alonso
Mikel Asurmendi
Egurats zabaletako izendaezinak
Rakel Pardo Perez
Jon Jimenez
Antropozenoren nostalgia
Patxi Iturregi
Asier Urkiza
Barrengaizto
Beatrice Salvioni
Nagore Fernandez
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Aiora Sampedro
Berbelitzen hiztegia
Anjel Lertxundi
Mikel Asurmendi
Haize beltza
Amaiur Epher
Jon Jimenez
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Asier Urkiza
Girgileria
Juana Dolores
Nagore Fernandez
Berlin Alerxanderplatz
Alfred Döblin
Aritz Galarraga
Teatro-lanak
Rosvita
Amaia Alvarez Uria