kritiken hemeroteka

8.497 kritika

« | »

Hamar / Andrej Longo (Josu Zabaleta) / Pasazaite, 2012

Aukeran lañoegia Aritz Galarraga / Deia, 2012-09-08

Argitaletxe baten sorrera beti da berri ona. Esan nahi baitu jende bat badela sinesten duena literaturaren nolabaiteko balioan, eta diru bat jokatzeko prest dagoela enpresa ziur baino zalantzagarri horretan. Are da notizia hobea argitaletxe berriak, euskaratutako literatura izanik katalogokoa, itzulpena eta itzultzailea ere zaintzea badu helburu nagusien artean. Ezaugarri horiek guztiak biltzen ditu, luze gabe, Pasazaite argitaletxe jaio berriak. Literatura unibertsal txukuna euskaratu nahi du, itzulpena zaindu, eta behar duen aitorpena eman itzultzaileari. Hori ematen du aditzera, behintzat, argitaletxeak kaleratu duen lehen aleak, Josu Zabaletak itzuli duen Andrej Longo idazle italiarraren Hamar ipuin bildumak.

Izan ere, garrantzitsua da argitaletxe berri baten lehen alea, erakusten baitizu haren asmoa, zer egin nahi duen, nondik jo, eta nola. Ondorioz, bereziki zaindu beharreko apustua dela iruditzen zait. Aurretik gaztelaniaren filtrotik pasa gabea, Galiziako Rinoceronte argitaletxe ezin interesgarriagoan ezagutzen genuen Longoren bildumari egindako itzulpen bakarra. Ez alferrik, galiziar azentua baitu sortzaileen artean Pasazaite jaio berriak ere. Nahiko nuke horrek atea irekiko balio, adibidez, literatura galegoa euskaratzeari, edota bestelako hizkuntza gutxituetako literatura onari, literatura ona egin egiten baita hizkuntza gutxitu horietan. Lehen ale honek, ordea, italiera du jatorri, eta puntu geografiko jakinago bat: Napoli. Hain zuzen, Italiako hiri horren inguruan kokatuak daude izenburua adina diren liburuko ipuinok. Hamar manamentuei harturik tituluak, hainbat istorio jasotzen dira kontakizunotan: etorkizun iluna baino beltzagoa duten gazteak, gizonezkoen nagusigoa sufritzen duten emakumezkoak, familia apurtuak, amets handiak eta zapuztuak dituen jendea, jende apala, jende langilea, jende bizitzak neurrigabe zigortua. Eta guztiak ere patu beraren baitan ibiltzera daudenak kondenatuak: kamorraren sarearenean.

Ez dakit nola esan: Napolin girotutako ipuin bilduma bati aurreikusiko zenizkiokeen kontuak guztiak. Ipuinok ez zaituzte bereziki harritzen, ez zaituzte sorpresaz harrapatzen, oro har ez dizute aurretik intui ez zenezakeen gauza berezirik erakusten. Gutxi-asko ezagutzen duzu kontatuko dizutena, edo imajina dezakezu besterik ez bada. Zilegi bekit konparazioa, telebistako albistegiak ekarri dizkidate gogora, non, ados, kontatzen dizuten istorio lau edo pikoago bat, baina ez zaituzten eramaten sobera urrunera. Eta literaturaz ari gara hemen, eta gehiago eskertuko nuke, konparazioarekin jarraituz, dokumentalgilearen eskua, nabaritzea atzean badela idazle bat, subjektu pertsona azken batean hankabiko bat, eta ez hainbeste hamaikatan kontatu zaigun istorioa irakurtzen ari den albistegietako aurkezlea. Ez dakit ulertzen zaidan.

Hartara, Hamar ez da ipuin bilduma borobila, bai zuzena, akats berezirik gabea, baina aukeran zuzenegia, ertz nabarmenik ez duena, kolpatu astindu pentsatze bidean jarriko zaituen gailu apartekorik gabea. Lañoegia, aukeran, argitaletxe baten lehen aleak beharko lukeen karta sendoa jokatzeko. Dena den, lehen aleak erakusten dituen asmoak oso dira kontuan hartzekoak, eta horrek are berri hobea egiten du Pasazaite argitaletxearen sorrera.

Azken kritikak

Basokoa
Izaskun Gracia Quintana

Joxe Aldasoro

Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart

Gorka Bereziartua Mitxelena

Ez-izan
Jon K. Sanchez

Aiora Sampedro

Pleibak
Miren Amuriza

Jon Jimenez

Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien

Asier Urkiza

Oroi garen oro
Beatriz Chivite

Nagore Fernandez

Jakintzaren arbola
Pio Baroja

Aritz Galarraga

Antropozenoaren nostalgia
Patxi Iturregi

Hasier Rekondo

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Baden Verboten
Iker Aranberri

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ezer ez dago utzi nuen lekuan
Itziar Otegi

Mikel Asurmendi

Dolu-egunerokoa
Roland Barthes

Asier Urkiza

Guardasol gorria
Lutxo Egia

Nagore Fernandez

Artxiboa

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

Hedabideak