kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Martutene / Ramon Saizarbitoria / Erein, 2012

Verba victis (minbizitik biziminera) Jokin Muñoz / Berria, 2012-09-06

“Itzuli zara, ba”, esan diogu Saizarbitoriari, Mitxelena zenari bere amak nola, neke-neke eginda hura ere, gerran hara eta hona ibili ondoren, etxean aspaldiko partez agertu zenean. “Itzuli zara, ba”. Hori baino ez. Mozoloak gu, mozoloak garenez. Analfabetismo emozionalaren ordainak. Baina hori bakarrik balitz, gaitzerdi.

Ukalondoz-ukalondo pilatuta garamatzan treneko bagoi ilun-zikinetik mintzo natzaizue. Atzo gora altxatu genuen soldadu lagunok Saizarbitoria, bagoiaren sabaiko leihatilatik burua agertuta paisaia deskriba ziezagun —begi zolia beti Ramonena, gure mugetatik haratagokoa ikusteko—, baina hor aritu da oraintsu arte, temoso halakoa, tar, tar eta tar uzkur alferrikakoan, zertan eta estepa mortuari, elur isilari barrukoon miserien berri ematen. Esana dago, geure buruaz baino ez dakigu hizketan soldadu abailduok. Behin konturatu denean bere kalamatika estepa mortuak, elur isilak irensten zuela, atzera eseri zaigu bagoiko bazter ilunean ??”“itzuli zara, ba”—, eta bertan kuxkurtu da, mutu, luzerako berriro ere, Sarrionandiaren ondoan. “Itzalpean ezkutatu nahi nuke, itzalaren itzal izan, ezer ez izan”, dioskute, nork bere gartzelatik.

Ihes betea zilegi balitz, urra ahal baledi katea… Ezin urra, ordea. Lotuta gauzka belaunaldiz belaunaldiko segida horrek, aitaren, aitonaren, berraitonaren etxeko zaindari bakartiok. Hain baita zaila ihes egitea bagoi honetatik. Euskaldun izatea bezainbeste. Euskarazko idazle izatea bezainbeste. Kepa da bakarra, Pedro Ruiz, kanpotik datorrenez. Iritsi berrien abantailak. Izen aldaketa aski balitz gure amonen begiradatik ihes egiteko. Izana kondena dugu, ordea. Iragana zelatari. Horrexegatik da Martutene, hasi eta buka, ihes egin nahiaren eta ezinaren fresko halako bat. Aireportuan hasi Keparekin, aireportuan buka Keparekin. Bera da gutatik hegan dagien bakarra. Eta gazte jendea, noski, gurasook hegazkinean bultzaka sartuta, gerra garaiko umeak Habana hartan bezalaxe, Ingalaterrara bidean. Gu astunegiak gara-eta ihes egiteko. Soberako karga daramagu gure liburu isilunez mukuruetan. Gartzelako poemak baino, Poema gartzelatuak gure liburu ia guztiak. Poema koarteleratuak. Book-crossing-ik ez Martutene-rentzat. Nork-nola eraman, bestela, Loiutik JFK-ra berbaro amaitezin hori?

Nola hustu ote da gure literaturaren sakona?

Martutene-k arintasuna, samurtasuna, xalotasuna falta izan duen belaunaldi baten —batzuen— bukaera dakar, azken bidaiaren kontaketa geldoa. Solemnidadeak, zeregin handietarako deituak ginelako uste okerrak bizi izan gaitu urte luzeetan —Aberria maitatu, Aberria defendatu, Aberria sendatu, Aberria esplikatu, militantzia orok dakarren nekearekin—, eta orain, giza sentimendurik behinenaren altzoan hartu nahi dugu atseden: txera; eta txerarekin batera gauza ttipiekiko plazerra —plazerra, bai, zera ominoso hori—: te kikaratxo batek, kale-bueltaxka batek, txokolate pixka batek damaigukeena, esaterako.

“Ni zendu nintzenean, semea nintzendu zen”, zioen gure berraitonak, zioen gure aitonak, zioen gure aitak; baina gure ondokoak ez dira ginenduko gu zendu eta gero. Izan zirelako gara gu garen bezalakoak: errudunak, neurotikoak, gaixo terminalak azken batean, eta garenak garelako bagoiko kirats honetatik urrun nahi ditugu seme-alabak, London eta EEBBra bidean. Eta ez aipatu auto-gorrotoa. Ez gara hain xinpleak —ahal bagintez!—, nekea baino ez da, endogamia orok dakarren ahultze ezari-ezarikoa, bagoiaren neurriek ez dute-eta gehiagorako ematen. Izan ere, horixe, aro baten azkena, batere epikarik gabea da Martutene, gure artean azken mohikanorik ez baitago, Heriotza mantso bat baizik, gure Venezia propio degradatuan.

Zaila da, zaila denez, Sabinoz geroztik euskaldun izatea —Patzikuren ingurukoek baino ez dute euskaldun naturala izateko pribilegioa gurean—, eta zailtasun hori psikopatologia askoren eragile izan da XX. mendearen joan-etorrian. Orain, Santa Kruzen koadrilakoek armak azken geltokiko kontsignan utzi eta gero —nork daki—, West Virginia University-ko psikologiako ikasle askok hegazkineko txartela hartua dute jada Gasteizko kanpusean gradu ondoko masterra egiteko. Egia baitzioten entornokoek: dena ez da ETA. Tamalez, diot nik; derrotaren garaiotan errazago baita txoroari trabukoa kentzea gaixoari tumorea erauztea baino, batik bat bagoiaren tirri-tarra amaigabe honekin eskuek, bihotzak, barruko kirio guztiek dardara egiten dizutenean.

Minbiziak bizimina ebatsia zigun soldadu abailduoi, eta egunez eguneko etsipen gozo-lasaian abaroa aurkitu uste genuenean —degradazioaren estetikaren ederra—, aingeru batek bizipozaren, bizigozaren, bizinahiaren berri ekarri digu bagoi ilunera, bukaeraren atari. Hegalak bilduak baitauzka, oinez dator. Borroka galduetatik gatozenon begirada umelak, gure tristura errotikoak errukia baino txera ernatu dio. Oraingoz, ez du hegan egin nahi. Aingura gaitu. Edertu ere, derrotaren erotikak ez gaitu-eta bakar-bakarrik Historiaren aurrean edertzen —“Gloria victis!”, aldarrika egiten dute bagoi-kide batzuek, zerua amets—.

Aingeruak hegalak zabaldu eta ni naizen derrotatu honen gorputzari heltzen dionean, ordea, hel diezaiola maitte-maitte izara pean, non, poetak zioen bezala, benetako zerua dagoen.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak