« Xahmaran | “Puta la hueá” »
Jakobian eraikina / Alaa Al Aswani (Xabier Olarra - Arantzazu Royo) / Igela, 2011
Bizitokia, bizitzaren metafora Inma Errea / eizie.org, 2012-04-18
Gure artean aski bakanak dira, oraindik, arabieratik euskarara ekarritako literatur lanak, eta horrek berez egiten du interesgarri Jakobian eraikina nobela hau. Baina, horrez gain, are interesgarriago bihurtzen du orain argitaratu izanak, noiz eta Egipton eta beste herri arabiar batzuetan aldaketa politikoen bidetik abiatuta daudenean. Izan ere, Alaa Al Aswani nobela honen egileak, musulman ezkertiarra bera, parte-hartze aktiboa izan zuen Mubarak presidente ohiaren kontrako oposizio-mugimenduan, eta orain ere borroka ideologikoan segitzen du Egipton benetako demokrazia ezartzearen alde.
Egileak Jakobian eraikina nobela —1930ean Kairoko hirigunean Jakobian gizon armeniar aberatsak altxatutako benetako eraikinean girotuta— errealistatzat jotzen du (idazleak bere dentista-kontsulta izan zuen eraikin horretan), eta ez nobela ideologikotzat —behin eta berriz esaten baitu helburuaren arabera bereizten dituela bere idazlanak, eta eleberriak zerbait kontatzeko baliatzen dituela, eta artikuluak, berriz, ideiak azaltzeko—. Hala eta guztiz ere, zenbaitek Egiptoko gizartearen metaforatzat hartu dute nobela. Halakoek uste dute Egiptoko gizarte-antolamenduaren eta ezaugarri politiko, erlijioso eta ekonomikoen isla direla hala nobelari izena eman dion eraikin dotorean eraiki zenetik berrogeita hamar urte pasatu ondoren bildutako bizilagunak —jatorri eta jite askotarikoak— nola beren arteko harremanak —sarri askotan gizarte-klaseen arabera eta hierarkikoki eratuta—.
Jakobian delako eraikina kontatzen diren gauza guztien ardatz harturik, Egipton zein beste herri arabiarretan eta mendebaldean arrakasta handia lortu duen nobela honek —zeina film bat egiteko ere baliatu baitute— 1990ko hamarkadako gertaeren (Golkoko lehen gerra, besteak beste) eta zenbait pertsonaiaren ibileren berri ematen digu.
Nobelan azaltzen diren gauzak, jakina, ez dira samurrak, Aswanik berak aitortu duen bezala Egiptoko errealitatea gogorra delako. Egiptoarrek egoera zail askori egin behar izaten diote aurre, hala nola agintarien eta aberats batzuen ustelkeriari, bidegabekeriei, pobreziari, lan- eta bizi-baldintza kaskarrei, erlijioaren inguruko auziei —besteak beste, fundamentalismoari— edota emakumeen eta homosexualen bazterketa eta zapalketari. Horiek guztiek dute oihartzuna eleberrian Jakobian erakineko biztanleen bizipenetan islatuta.
Xabier Olarrak eta Arantzazu Royok egindako itzulpenak oso modu egokian helarazten dizkigu nobelan bildutako errealitate-zertzeladak. Itzulpenari glosario bat gehitu diote irakurle euskaldunoi ezezagun edo arrotz gertatzen ahal zaizkigun kontzeptu, errealitate edota pertsonaiei buruzko argibideak emate aldera. Eta egilearen biografia labur bat ere erantsi dute, Aswani ez baita, orain arte behintzat, oso ezaguna gurean. Amaitzeko, aipatzeko modukoa da itzultzaileek ezin izan dituztela baliatu Euskaltzaindiaren azken arauak; izan ere, nobela 2011ko azaroan argitaratu zen, eta Euskaltzaindiak 2011ko abenduan eman zituen Ekialde Hurbileko eta Ipar Afrikako toponimiaren euskarazko ordainei eta arabieraren alfabetoan idatzitako izenak euskarara aldatzeko transkripzio-sistemari buruzko arauak.
Beste zerbait
Danele Sarriugarte
Maialen Sobrino Lopez
Palinpsestoa
Joxe Austin Arrieta
Asier Urkiza
Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu
Nagore Fernandez
Haize begitik
Mikel Ibarguren
Paloma Rodriguez-Miñambres
Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea
Mikel Asurmendi
Esker onak
Delphine De Vigan
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Enarak
Bernardo Atxaga
Irati Majuelo
Ez da erraza gizon on bat aurkitzea
Flannery O'Connor
Aritz Galarraga
Moebiusen ertzak
Garazi Kamio
Joxe Aldasoro
Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro
Mikel Asurmendi
Odola kantari
Unai Elorriaga
Asier Urkiza
Rosa Parks: Nire istorioa
Rosa Parks / Jim Haskins
Nagore Fernandez
Eguna hasteko olerkiak
Miren Billelabeitia
Paloma Rodriguez-Miñambres
Izen baten promesa
Hedoi Etxarte
Mikel Asurmendi