kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Emakume abeslari burusoila / Eugene Ionesco (Jon Muñoz) / Elkar, 2011

Maistra kantari burusoila Karlos del Olmo / eizie.org, 2012-03-26

Literatura Unibertsala bildumako lehen 100 izenburuak nekez eros daitezke paperean gaur egun. Hori dela bitarte, EIZIE eta Eusko Jaurlaritza Urrezko Biblioteka bildumaren bidez plazaratzen hasi dira ehuneko horretan hainbat ziotan oinarriturik eginiko aukera bat. Zergatik Urrezko Biblioteka, ordea? Gauza jakina da izenburu gehienek, are bilduma izendapenek ere, areago erantzuten diotela marketin asmo bati beste ezeri baino: unibertsal deitura lan bati eranstean, zer gura dugu aditzera eman, gainerako guztiak ez direla unibertsalak? Ez, bada. Bestalde, zer edo zertan laguntzen dio irakurleari etiketak? Ezbaiko kontua da. Urrezko Bilduma izendapenak zilar, burdina edo berun bihurtzen ditu gainerako lan unibertsalak? Ez… baina bai, aldez edo moldez. Bide horretatik abiatuta, baliteke beste maila batzuk asmatu behar izatea, Diamantezko Biblioteka, kasurako… Dena dela, konturik garrantzizkoena harrera da, irakurlea. Eta irakurlaria gogoan, lagungarri gertatzen da etiketa? Otezko auzia da. Bestaldetik, lanbideari gagozkiola, eta bilduma bat bataiatu behar izanez gero, zergatik ez adierazi literatura itzulizkoa dela?

Izen, izendapen eta izenburuei ekinda, zer hobe horrelako iruzkin bati oratzean Ionescoren lan hau ospetsuago egiten lagundu duen izenburua abiaburutzat hartzea baino? Bateko, literatura dramatiko gutxi argitaratu ohi delako, eta horrek goresgarriago bihurtzen du aukera; besteko, itzulpenik xumeenak ere aurkezten dituen arazoen erakusgarri delako —izenburuak, esaterako—. Bilduma aurkezteko testuan EIZIE elkarteak berak dioenez, “Aspaldi itzulitako obrak direnez eta bitarte horretan euskarak berak hainbat gauza finkatu dituenez, orrazketa edo zuzenketa beharra dute itzulpenok, eta horretarako prozedura ere finkatu da (…) Zuzentzaile talde batek obra bakoitzari buruzko irizpena idatziko du, itzulpenaren puntu ahulenak, liburuan sumatzen dituzten joerak eta hobetu litezkeen gauzak azalduz, eta, horretan oinarrituta, argitaletxeko zuzentzaileak egingo ditu jorratze lanak, beti ere itzultzailearen oniritziarekin”. Lehen adierazi bezala, lehenengo eguneratze nabarmen bat izan da: jatorrizko itzulpenaren izenburua aldatu eta Emakume abeslari burusoila eman dute, lan hau euskal itzulpengintzaren txikian ere ospetsua delako planteatzen duen arazo teknikoagatik: zelan eman euskaraz “cantatrice” berba, batez ere kontuan izanda pertsonaia hori ez dela inondik inora agertzen antzezlanaren barruan, hau da, ezin dela testu barruko beste ezerekin ordezkatu? Argigarriagoa da oraingo bertsioa lehengo Abeslari burusoila baino? Seguru asko bai. Bestelako arazorik sor dezake izenburu berriak? Javier Rojo kritikaria iritzi horretakoa da, bederen: “Zehazte aldera egindako aldaketa da hau, izenburuak indarra galdu duela iruditu zaidan arren”. Ingelesez itzultzaileek arazoa konpondu dute Soprano burusoila emanda. Jakina, azken aukera horrek beste mota bateko arazoak sortzen ditu fideltasunaren aldetik, baina adierazpen indar handiko izenburua gertatzen dela ezin uka daiteke.

Urrezko Bibliotekako abio lan honek baditu alderdi goraipagarri batzuk. Horietako bat, zalantzarik gabe, portada orria dugu, lan itzulietan gutxitan ez bezalako informazio zabal eta ondo antolatua eskaintzen duelako. Zalantza egin daiteke, dena dela, frantsesezko izenburuak ez ote lukeen beharko letra etzana. Alderdi formalaren ikuspegitik, azalari dagokionez, bestalde, eta itzultzaileen elkarteak apailatzen eta babesten duen bilduma izanik, zergatik ez aipatu Jon Muñoz izenaren ondoan “itzultzaile” tasuna? Lotsaizuna ote lanbidea aipatzea? Nago nahasgarriago gerta daitekeela itzultzailearen izena bestelakorik gabe aipatzea egilearen izenaren azpian. Eta lana zuzendu eta orraztu dutenez gero, zergatik ez aipatu, gainera, zuzentzailearen izena kredituetan? Honako honi zehatz-mehatz gagozkiola, adierazi legez, sarrera bera ere baliotsua da oso, testuaren erraiak hobeto ulertzeko laguntza ederra eskaintzen duelako, are izenburua nondik datorren jakiteko ere —hanka sartze bat baitu oinarri—.

Badakigu gaur egun, inoiz baino areago, munduan ez dagoela gauza preziatuagorik (eta garestiagorik) denbora baino, batez ere liburuen inguruko negozioari gagozkiola; guztiarekin ere, aukera aparta galdu dute orrazte lanetan urrunago joateko (batez ere gogoan izanda laguntza ofiziala duen egitasmoa dela eta argitaratzaileek ez dutela hainbeste arriskatzen). Puntuaziori dagokionez, esaterako, bertsio zaharretik berri honetara gauza asko aldatu dituzten arren, eguneratu-edo beharreko beste batzuek lehengoan diraute. Bestalde, gaurko idazketa formalean —antzezlana izanda ere— ozta-ozta onartzen den formaren bat edo beste agertzen da, bai eta joskera mailako beste auziren bat edo beste ere han-hemenka; dena dela, horiek guztiak gorabehera —eta jendeak uste izaten duen arren literatura dramatikoa bakarka irakurtzekoa barik agertokian entzutekoa dela—, antzerki testu honek tasun literario ukaezinak ditu, eta gozamen handia eskaintzen du banako irakurraldian ere. Jon Muñozek ederto asmatu du testuari emaro darion umore beltzari eusten, baita abangoardia-abangoardiakoa izan zen lan honi bizirik iraunarazten ere (“antipieza” zeritzon arren egileak).

Azken batean, Eugene Ionescok berak idatzi zuen legez, “Umorea askatasuna da”.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak