kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Mugaldeko jendea / Xose Luis Mendez Ferrin (Bego Montorio) / Elkar, 1998

Konpromiso bat literaturarekin Aritz Galarraga / Argia, 2012-03-25

Literatura galegoari gutxi-asko tarteka begiratzen diogunok sarri askotan egin dugu topo Xose Luís Mendez Ferrinekin. Dela idatziak dituen lanak ugari direlako —poesia, narratiba, saiakera—, dela belaunaldi ezberdinek aitortzen diotelako nolabaiteko aitatasuna. Pentsa, adostasuna erabatekoa izan zen 1999an, Mendez Ferrin Nobel sarirako hautagai proposatu zutenean. Eta arraro-arraroa ere ez da, ez alferrik idazle hori dugu literatura galegoa modernitatera ekarri zuena, oraindik literatura ahots berezko eta indartsuenetakoa dena.

Egia da ez dela beste batzuk bezain ezaguna, ez behintzat Madriletik honako bidean. Eta motiboak bilatzen hasita, egiten dugu topo harri kozkor batekin: politika. Eta jakiten dugu gaitz larri batek jota duela idazlea, independentista eta marxista dela aldi berean —jainko potzoloa!—. Eta horregatik akaso euskaraturik dioten lanik garrantzizkoenak, Mugaldeko jendea honek eragin dezake gauza bat besteren gainetik: harridura. Narrazio errealista mezudunak espero dituenak ken dezala laster batean ideia burutik, oso bestelakoak baitira hemen aurkituko dituenak. Oso bestelakoak eta haien artean ezberdinak oso.

Muga da Galizia eta Portugal bereizten dituena, Ourense hegoaldean. Eta ez da hainbeste lurralde literario baten sortzea, nola lurralde erreal baten literariotzea, diakronikoa gainera, liburuak kurritzen baitu XIX. mendetik 36ko Gerra artekoa. Geografia baten denboran zeharreko ibilbidea, beraz, nahiz ipuinak izan ukitu fantastikoa (Galtza urdinak), nahiz izan onirikoa (Adosinda izuturik), toponimo errealak hemen irakurleak aurkituko baititu zientoka. Berdin ipuin itxuraz errealistagoak direnean ere, Ignacio Martinez de Pison idazleak Partes de guerra hartan bildutako Beste horiek adibidez. Edo antologia berean egon litezkeen Gomazko botak eta Militantearen amets urdina. Eta denen gainean halako esperimentazio kutsu bat aurkituko dugu, denborak, pertsonak nahasteko joera, irakurketa exigente bat, irakurlea aktibo izatea eskatuko duena. Konpromiso bat literaturarekin, edozer, bertan goxo egotea baino.

Eta egia da Mendez Ferrin ez dela beste batzuk bezain ezaguna, zer dakit, Manuel Rivas bat edo, Nunca mais antolamendukoei laguntzearren, Euskadi Irratiak egin kanpainan bildutako txekea hartzera etorri zenean El Pais egunkariko bisita-txartelak ematen zituen galegoa zen idazle ez-galego hura bezain. Beharrik ere. Arazoa geurea da, haatik, inoiz utzi behar baikenioke Madrilen derrigor geltokia duen trena soilik hartzeari.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak