kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Euskal harriak / Joseba Azkarraga / Alberdania, 2011

Hobera al goaz? Ibon Egaña / Deia, 2012-03-24

“Hobera al goaz?” galdetzen digu Joseba Azkarragak Euskal harriak saioaren hasieran, mugarik gabeko progresoaren ideia orain arte ia eztabaidaezina zalantzan jarriz. Euskal Herrian eta Mendebaldean hamarkada gutxitan izandako eraldatzearen balorazio kritikoa du soziologoaren liburu berriak abiapuntu eta progreso linealaren irudikapenaren ordez bestelako metafora proposatzen du: penduluarena. Mendebaldeko gizarteak azken hiru mendeetan mutur batetik bestera egin duela dio Azkarragak, eta sasoia heldu dela penduluak noranzkoa alda dezan, Modernitatearen gehiegikeriak alboratuz, eta gizarte aurre-modernoaren zenbait ezaugarri berreskuratuz (naturarekiko atxikimendua, komunitarismoa, baliabideen ustiatze arrazoizkoa…).

Tonu apokaliptiko agerikoz, krisia finantzarioa edo ekonomikoa bainoago zibilizazioarena dela defendatzen du Azkarragak, hainbat dimentsio dituena (kapitalismo finantzarioaren krisia, energiarena, elikadurarena, demografikoa, politikoa, psikologikoa…) eta azkenetan dagoena, guk ikusi nahi ala ez. Horregatik, errotiko eraldaketa eta norabide-aldaketa urgentea dela defendatuko du egileak, ezinezkoa dela sistema hau bizigarri egitea axaleko konponketak eginda (garapen jasangarria eta gisakoak barne). Liburuaren lehen erdiko etsipen apokaliptikoaren ostean, sakoneko aldaketa horrek izan beharreko norabideaz ere zenbait arrasto ematen ditu abadinarrak azken aldera, irakurleari arnasbidea ematen diotenak eta sakonera minimoko hausnarketa politiko batek aintzat hartu beharko lituzkeenak: hazkunde mugagabeari muga jarri beharra, gizarte auto-antolatuagoaren premia, bizitzaren jasangarritasuna politikaren erdigunean jartzea…

Atal labur-laburrez osatu du egileak liburua, hari narratibo-argumentatibo orokorrean bikain txertatzen diren eta aldi berean autonomia baduten dosi txikiko gogoeta motzez. Erreferentzia kultural eta literario ezagunez lagunduta idazten du Azkarragak, hizkera bera bereziki zainduz, metafora eta iruditeria oparoa baliatuz. Gogoetaren sakona ez ezik irakurketaren plazer estetikoa ere eskaintzen du beste behin ere Azkarragak, azken urteetan saiogintza dibulgatibo literarioan erakutsi duen trebetasuna berriro ere plazara ekarriz. Intentzio dibulgatibo-didaktiko horrexetan aurkitzen diot baina bakanetako bat liburuari: penduluaren irudiari jarraituz, kontrako indartsuak jartzen ditu etengabe aurrez aurre, eta hori azaldu nahi duen norabide-aldaketa sakona azaltzeko lagungarri den arren, batzuetan errepikakorra egin zait, eta inoiz gehiegizko sinplifikatzera jotzen dela iruditu zait (“askok uste izan du progresistena zela umeak masiboki aparkatzea haurtzaindegietan, txupetea eta pixoihalak daramatzatela”). Ikuspegi ideologikokotik ere baina batzuk jarriko nizkioke, horretara jarrita: kapitalaren banaketa injustuari eta klase-gatazkari nire ustez emandako leku bigarren mailakoegia, edo beharrezkoa dugun utopia eta noranzko berria diseinatzerakoan gizarte aurre-moderno euskaldun nahiz mendebaldarrari aitortzen zaion baliagarritasun (orain ere nire ustez) handiegia.

Edonola ere, krisiaren inguruko azaleko diskurtsoetatik harantzago joateko eta, batez ere, norabide berriak izan beharko lituzkeen ezaugarriez hausnartzeko eta eztabaidatzeko aparteko balioa duen tresna jarri digu Azkarragak eskura.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak