kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Suite frantsesa / Irene Nemirovski (Mikel Garmendia - Joxe Antonio Sarasola) / Alberdania, 2011

Suite osagabea Karlos del Olmo / eizie.org, 2012-01-30

Idazlan batzuk ospetsu bihurtzen dira nahiz eurengatik nahiz idazlearen bizitzak ala herio moduak eraginda. Ez da harrigarria, beraz, munduan zehar, are Euskal Herrian bertan ere, egileak irabazitako ospearen ondorioz (idatziengatik zein nazien eskuetatik izan zuen amaiera lazgarriagatik), Irene hil ondoren agerturiko liburu hau plazaratzeak pizturiko irrika bizia. Honako eleberri honek balio erantsiak ere baditu: haren inguruko gertaerak eta dakartzan material osagarriak. Bestaldetik, euskal bertsioak beste erregali bat ere badakar: oso arrunta ez den itzulpen prozesu baten emaitza izatea.

Idazlea bera desagertu ostean (atxilotu, deportatu eta hil), senarra ere gatibatu zuten. Tutoreak senar-emazte desditxatuen bi alabak jendarmeen atzaparretatik salbatzea lortu zuen, eta Bordeleraino ekarri zituen ihesaldi bati ekin zioten, gerra amaitu artean. Gerraostean amonarengana jo zuten, baina hark ez zuen ezer jakin gura izan haietaz, Nizan bizimodu erosoa zuen arren. Ihesaldian, tutoreak eta bi neskatoek aldean eroandako maletetan, besteak beste, Irene Nemirovskyk eskuz idatzitako orri batzuk, letra txiki-txikiz eta paper txarrean paratuak. Eskapada luzean, neskatxetako bat gaixo paratu arren eta arrisku guztiak gorabehera, maletak beti-beti alboan eramaten zituzten. Gurasoak, ordea, ez ziren inoiz nazien zigor eremuetatik itzuli. Urtea joan urtea etorri, lana makinaz idaztea erabaki zuten alabek, erakunde bati dohaintzan emateko asmoz. Lan eskerga, letraren txikia zela bitarte. Hiru idazketaren ondoren, euskarri elektronikora igaroaraztea lortu zuten. Alabek eguneroko halako bat espero zuten arren, eleberri baten aurreneko bi parteak leitu zituzten transkripzioaren ondoren: Suite frantsesa. Halaxe, idazlea 1942an hil eta 62 urte igarotakoan, idazlan honi esker Nemirovskyk Reanudot saria irabazi zuen. Eta Frantzian argitaratu zenetik urte banaka batzuk baino joan ez direla, hona hemen horren euskarazko ordaina.

Euskarazko edizioan, sarreraz gain, eranskin interesgarri-interesgarri batzuk: Irènek liburuaren egituraz eta edukiaz nahiz bizitzea egokitu zitzaion egoera politikoaren gainean idatziriko iruzkinak eta zenbait gutun, liburu osagabe honetaz hobeto jabetzeko lagungarri. Euskaratzeko prozesua berezia izan omen da, itzultzaileek biok biotara jardun ez dutelako testu osoaren gainean, bakoitza zati batez arduratu baita, editorearen esku geratu dela batasun itxura ematea. Beraz, lan egiteko modu berezi horrek eta denboraren aurkako borrokak esplika ditzakete irakurleak topa ditzakeen gorabeheratxoak; dena dela, itzultzaile biak estilo aldetik antzeko samarrak omen direnez gero, zatien arteko aldea ez da nabarmenegia, eta horrexek axola dio irakurlariari batez ere. Alderdi teknikoaren aldetik, musikaren erritmoa orrietara eramaterik lortzen ez ei zuenez gero, “zinemagintzan erritmoa deitzen dutena” eranstea lortzen ahalegintzen zen idazlea: askotarikotasuna eta harmonia. Eta itzultzaileen lanak horren oihartzuna helarazi digu.

Ezin jakin dezakegu nokakoa izango zen lana egileak berak idazten amaitu eta orraztu balu. Beraz, alderdi literarioaren aldetik, musika pieza baten antzera izkiriaturikoaren benetako hotsa ez zaigu inoiz helduko. Izan ere, idazlan amaigabe honek, are egileak berak ere, kritikarien eta irakurleen artean bi iritzi talde handi sorrarazi ditu: batzuen aburuz, bai idazlea bai lan hau bikain-bikainak dira; beste batzuen aburuz, Suite frantsesa lanak ez du balio literario handirik (bestelako alde onik bai, ordea), eta idazlearen beraren ospea hanpatuegi dago, neurri handi batean, jatorriz judutar izateagatik izan zuen amaiera lazgarriagatik (gure artean ere itzala bereganatu du nazien inbasioaren aurretik Hendaian familiarekin ematen zituen udaldietan Nemirovskyk euskaraz ere ikasi ei zuelako). Dena dela, seguru asko eleberria klasiko bihurtuko ez den arren, orri batzuek dir-dir egiten dute, eta batez besteko kalitatea handia dute. Istorioak, orokorrean, interesgarriak dira, irakaspenik edo sasiko pinpirinkeriarik edo patetismorik gabeak, jendeari zer jazotzen zaion azaldu besterik ez du egiten. Kontua da narrazioak oso argi erakusten duela herri okupatu bat eroso bizi daitekeela okupatzaileen ondoan.

Heldu zaizkigun bi zati horietan ondo samar erakusten dizkigu nazien inbasioak pertsonaia askoren bizitzan eragindako iraulketa eta drama, ia erreportajetzat halako bat eginda; eta horixe du, beharbada, baliorik handiena, informazioa, batez ere lehen zatian, ihesari, exodoari dagokion Ekaitza ekainean txatalak. Bigarrenak handik hilabete batzuetako Frantzia okupatua agerrarazten du, eta balio literario handiagokoa da. Biotan ezin hobeto azaltzen da garai hartako frantses askoren degradazioa, naziak baino, eurak zirelako justiziarik eza, anabasak eta ofentsak eragiten zituztenak. Ikusi besterik ez dago zer dioen Irenek material osagarrian: “Emazte zaharrarekin nola, hala zeuden frantsesak Errepublikarekin nekatuta. Haientzat, parranda jotzea zen diktadura, desleialkeria bat. Emaztea engainatu egin nahi zuten, ez hil. Orain, Errepublika, haien askatasuna, hilda ikustean, negar egiten dute”. Eta hurrengo esaldian: “Gauza bakarra da urte batzuetatik hona gizarte-maila jakin batean egiten den ororen eragile: beldurra. Horrexek eragin ditu gerra, galera eta gaur egungo bakea”. Korolario moduan, idazlearen kezkak eta teknika ezagutzeko urregorria balio duen material horretan agertzen den esaldi bat erabil dezakegu, haren bitartez Irènek esperantza mezu bat bidaltzen digulako, egungo garaiotarako guztiz ongarria gertatzen dena: “Zorionez, gehienetan, guri eman zaigun denbora krisiari eman zaiona baino luzeagoa da”.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak