« Igelak hiltzen direlako | Herririk gabeko hilobi ilegitimoa »
Nemesis / Philip Roth (Beñat Sarasola) / Meettok, 2011
Zoritxarreko biografia Saioa Ruiz Gonzalez / Argia, 2011-10-23
Philip Rothen azken eleberriak jaso dituen iruzkinek ustekabean harrapatu naute. Egia da pertsona bezainbeste gustu dagoela, batez ere liburuez, irakurleez eta irakurketa mailez ari garenean. Zentzu horretan, iritzi aniztasunak ez ninduke zertan harritu baina, Rothek Nemesis eleberrian kontatzen duena transzendentziarik gabekoa dela dioten kritikak lekuz kanpo daudela iruditzen zait. Are gehiago, aurreko lanetako Roth “berdinaren” aztarna ageri ez dela bezalako argudio, ene iritziz, pisu gabekoetan oinarritzen direnean.
Ez daukat idazle estatubatuar honen defendatzaile sutsuaren itxura emateko intentziorik, erabat profanoa naiz bere obraren gainean. Hala eta guztiz ere, ez dut uste Beñat Sarasolak eleberri ezdeus bat itzultzeko asmoa zuenik; Bucky Cantor izeneko gazte baten istorioa euskaratua izatetik harago, konturatzen gara Rothen prosak badaukala zer esanik.
1944ko udan, AEBetako indarrak Pazifikoan borrokatzen ari ziren garaian, eta gazteen zintzotasuna Bigarren Mundu gerran parte hartzeko gaitasunen arabera neurtzen zeneko momentu berean, polio epidemia batek hamabi urte inguruko haurren aurkako gerra piztu du. Newarkeko auzo juduak jasaten dituen bizi galerek panikoa zabaldu dute, eta desesperazioak bultzatuko du komunitatea errudun bat bilatzera. Bucky Cantorren bizitza ez da erraza izan; ama galdu zuen jaiotzean, kartzelan preso egondako lapurra zuen aita, eta harengandik jasotako ikusmen arazoek, armadan parte hartzeko gazte ezgaituen zerrendan gelditzera kondenatu zuten. Aitonari esker, barneratu zuen bizitzari aurre egiteko ikuspegi heroikoa: “prezio bat pagatu behar duzunean, pagatzea” (29. orrialdean) baina, nola egin jaiotzeko momentu beretik markatua izan zarenean? Nola gainditu, kanpotik geureganatzen dugun Ni-aren konstrukzio ideialari, “behar bezala” erantzun ezin izanak, eragiten duen porrot sentimenduaren oinazea? Gure printzipio moralek azal dezakete gertatzen den ororen zergatia? Non hasten da eta non bukatzen gertaeren gaineko giza erantzukizuna?
Rothek ez du erantzunik ematen, inork ez baitu bizitzaren eremu zentzugabekoari aurre egiteko errezetarik. Nahikoa du, giza adimenaz azaldu ezin denaren inguruko galderak formulatzearekin. Bucky Cantorren istorioak bizitzaren alderdi ilun, irrazional eta gupidagabekoena islatzen du; “zergatik polio epidemia? Zergatik hil da? Non dago justizia? Zergatik tragediak gutxien merezi duen jendea du eraisten?” (46. orrialdean). Erantzun zein erantzulerik gabeko kaosaren aurrean pertsonaiak errudun baten irudia bilatuko du, halabeharraren tirania hutsak ez du asetzen, eta aitonarengandik jasotakoari jarraiki, berak ere, dagokion prezioa ordaindu beharko du.
Intranszendentea? Ez, zori hotz eta kaotiko hutsa erantzule duen mundu baten emaitza.
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Barazkijalea
Han Kang
Jon Martin-Etxebeste
Café Mokka
Jabier Muguruza
Aiora Sampedro
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi