« Pasadizoak eta paperekoak | Garondoan gogortuta »
Erregearen eguna / Abdela Taia (Patxi Zubizarreta) / Alberdania, 2011
Herririk gabeko hilobi ilegitimoa Karlos del Olmo / eizie.org, 2011-10-26
Abdela Taia idazle marokoarra Frantzian erbesteraturik dago Marokoko gizartearen aurrean homosexuala zela aldarrikatu zuenetik. Erregearen eguna lanak izan ditzakeen merezimendu literarioez gain, haren ausardiagatik ere eman zion iaz Saint-Germain-des-Prés kafetegiak antolaturiko Prix de Flore saria kazetari independente talde batek eraturiko epaimahaiak. Hala, 1994. urtean premioa ematen hasi zirenean abiarazitako idazle multzo esanguratsu batera elkartu da; haietatik, orain artekoan, euskaraz Amélie Nothomb besterik irakurtzerik ez badugu ere. Eta zertan datza idazle marokoar honen ausardia? Hassan II.a erregea agerian kritikatzen ausartu izana; haren erregimen odoltsu eta ankerra salatzeko, parabola moduko bat eratuta: Hassan II.aren alter ego izan litekeen protagonistaren aita ??”etxeko erregea??” biluzik eta negarrez, emazteak lagata, ikusten duen gaztearen desenkantuarena. Dena dela, idazle izan aurretik ere erregimenaren aurka agertzen zen Abdela, eta idazten hasi zenean zentsuraren zigorra jasan zuen arren, denboraren poderioz Hassanen seme Muhammed VI.a erregearen onarpena ere irabazteraino heldu ei da.
Idazlearen laugarren eleberriko parabola hori bitarte dela, Marokoko gizarte hausturaren albiste ematen du, trama bi gazteren arteko harremanen inguruan ehunduta. 1987. urtean Rabatetik Sale herrira doan errepidean, bi gazte Hassan II.aren zain daude, aberatsa bata, pobrea bestea. Aurrenekoa erregeari eskuan muin egiteko aukeratu dute. Haien arteko harreman estua pitzatzen hasita dago horren ondorioz, jeloskeriaren eraginez.
Autobiografia izan ez arren, Abdelak hainbat elkarrizketatan azaldu duena oinarri hartuz gero, bi lagunen ezaugarrietan eta haien arteko harremanean idazleak txikitan bizi izandako hainbat ñabardura topatuko dugu zentzumen guztiei dei egiten dien eleberri labur honetan; esaterako, elkarri musu ematean haietako batek besteari igartzen dion kanela zaporearen gaineko aipua. Txiroaren ikasteko irrikan ere asko dago Taiak umetan bizi izandakotik. Errege (aita) horren aitzakian antolaturiko kontakizunean, zentzumenen presentziarekin batera, ageri-agerian, sexua: gizonen artekoa batez ere; baina baita gizonen eta emakumeen arteko hartu-emanak ere. Sinesmenak eta sineskeriak ere ez dira gutxirako gauzak Erregearen eguna liburuan ehuntzen diren ekaien artean.
Abdela Taiaren ustez, norberaren burua antolatzea bizitza osoa dirauen eginkizun latz-latza da, eta halaxe igartzen da eleberriko pertsonaien esan-eginetan. Eleberria oso ikusizkoa da, eta ez da harritzekoa, idazlearen egungo nortasuna eratzen zinegile eta film batzuk zeinen garrantzizkoak izan diren ikusita: Viscontiren Herioa Venezian, Fassbinder-en Querelle, Almodovarren Desioaren legea. Bestalde, erraza gertatzen da irakurlearentzat eleberri honetan beste irakurketa maila bat topatzea: sasoi hartan (soilik?) Marokoko gizartean aspaldiko tradizioek eta hierarkiek eredutik aldentzen zen pertsonari leporatzen zioten zama astuna, banakoaren askatasuna kezkabide izan beharrean, hierarkion iraupena besterik ez duten aldetik, gizakia gizakiaren jagole eta salatari bilakatzea besterik gura ez dutelako. Gizarte marokoarrarekin konformidadean bizitzea besteak bezalakoxea izatea da, hipokrita hutsa, borondatez gizarte balio inplizituei atxikitzea. Eta balio horien artean, pobrearentzat ate guztiak itxita egotea dugu. Nola eman aurpegia, bakarka, familiari, botere politikoari eta erlijioari? Zeren zain eta noiz arte egon behar dute gizarte balioekin bat ez datozen pertsonek?
Liburuaren egitura formazkoan denbora da hezurdura, erregearen harako bisitaldi hura gertatu beharreko aldia, baita narrazioan ahots bat baino gehiago sartzeko apukoa ere.
Alberdania argitaletxearen aspaldiko ekanduari jarraiki, itzultzailearen izena ez da azalean agertzen, zenbaitetan hura aipatzea marketin aldetik balio erantsia gerta daitekeen arren, honako honetan legez, esaterako, Patxi Zubizarretak ondo irabazitako itzala baitu euskal irakurleen artean. Patxik mamitu itzulpena argia eta irakurterraza da, beste orrazketa batek erraz ezabatuko zituen laprastadatxo batzuk gorabehera.
Eleberrian agertzen den Hadda neska beltz “ikusezinak” ondo bai ondo laburbiltzen du Taiak erretrataturiko gizartearen beste haustura bat: “Irudipena dut egunen batean hilketa bat egingo dudala (…). Krimena saihesteko, hitz egiten dut. Ahopean hitz egiten dut. Xuxurlaka. Irakurri. Ikusi”. Eta segituan, “Jainkoa ez dago hilik. Lotan baino ez dago”.
Baden Verboten
Iker Aranberri
Asier Urkiza
Diesel
Bertol Arrieta
Nagore Fernandez
Maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza
Mckenzie Wark
Jon Jimenez
Basokoa
Izaskun Gracia Quintana
Joxe Aldasoro
Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart
Gorka Bereziartua Mitxelena
Ez-izan
Jon K. Sanchez
Aiora Sampedro
Pleibak
Miren Amuriza
Jon Jimenez
Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien
Asier Urkiza
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Nagore Fernandez
Jakintzaren arbola
Pio Baroja
Aritz Galarraga
Antropozenoaren nostalgia
Patxi Iturregi
Hasier Rekondo
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Baden Verboten
Iker Aranberri
Paloma Rodriguez-Miñambres