kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Nemesis / Philip Roth (Beñat Sarasola) / Meettok, 2011

Ez da magia, ezta guztiz erraza ere Karlos del Olmo / eizie.org, 2011-09-01

Nemesis jainkosa greko bat zen, jainkoen justiziaren eta mendekuaren haragitzea zen. Gauaren alaba ere bazeritzoten. Jainkoek harroaren eta handiustearen nahiz lege-hauslearen kontra sentitzen zuten sumin legitimoa ordezkatu ez ezik, gizakien artean zoriona nahiz zoritxarra banatzen zituen. Inor ez zen egoten haren boterearen helmenetik at. Buruan koroa edota zapia jantzita zihoala irudikatu ohi zuten, esku batean sagarrondo adartxo bat daramalarik eta bestean gurpil bat. Arteetan mendekuaren nahiz etsaigoaren iruditzat erabili ohi da.

Philip Roth kultuko idazlea da hainbat txokotan, nahiz eta beste kritikari batzuek poesiaren ukiturik gabeko indarkeria gordinezko eta sexu esplizituzko eszena sail bat paratzeko trebezia besterik ez dioten aitortzen hogeita hamaika liburu plazara ekarri dituen idazle horri. Honako honetan aurkezten digun gaia, Estatu Batuetan 1944. urtean izan zen polio izurritea, beste egile batzuek ere lehendik jorratutako bidetik abiatzen da; horra hor, esaterako, Defoeren A journal of the plague year (Izurritearen urteko egunkaria). Dena dela, oraingo aldian idazleak aurreko eleberriek batutako kritika txarrak gainditzea lortu du; bederen, esan legez, aditu batzuek maldan beheran ez doala onartu baitiote, zenbateraino eta Samuel Bellowen eta Truman Capoteren Odol hotzean eleberriaren parean jartzeraino, kazetaritzatik hurbil dagoen idazketa baitarabil, arina, kontakizuna oztopatzen duten elementu apaingarri gabea eta digresio gutxikoa. Lan honen gainean halako baikor ez direnek aldezten dutenez idazketa anabasakoa dela, inoiz edo behin disparatera ere jotzen duena, bereizten ez duelarik mamia uzkinetik, erreala eldarniotik, teologia biologiatik, ikuspegia jauzi-jauzika doa, itzulipurdikariaren antzera eta prezio berean. Dena dela, aldekotasun grinatsuak bezain etsaigo izekiak pizteko gauza badira idazlea eta eleberria bera, irakurlearen ahalegintxoa ez da alferreko gertatuko.

Giroaren muina New Jerseyko Newark herriko juduen erkidegoa da. 1944. urteko udan polio izurritea lehertu da, eta hiru ekitaldiko egitura klasikoaren bidez —bi Newarken gertatzen dira; erdikoa, ordea, udako kanpaleku batean—, katarsi halako bat lortu nahi izaten du, idiliozkoa izan zitekeen bizimoduan polioak eragindako heriotzek elkartasun joera apurtzen dute-eta: herritarren maite epeltasunak eta sinagogan entzundakoek ez dute bihotz hautsien mina arintzen. Berehala hasiko dira erantzuleak, errudunak bilatzen: italiarrak, abere etxaldeak, izozkitegiko freskagarriak, auzoko lerdoa, eguzki galdatan beisbolean jardutea… Polioak susmoak, sumina, ezinikusia areagotzen ditu. Gorputzak ez ezik, arima ere usteltzen du plagak. Erkidego osoa ere jartzen du zalantzan, Jainkoarenganako, justiziarenganako edo errukiarenganako itxaroa galtzen duenez gero. Protagonistak ere erabaki behar klasiko bat izango du aurrez aurre: bere burua salbu jartzea beste lanpostu batean ala ikasleen ondoan jarraitzea, izurritearen erdi-erdian. Rothen polioak, gura eta gura ez, Camusen izurritea ere dakarkigu gomutara. Camusen erasana faxismoa zen, Nemesisen etsaia giza kondizioa bera da: gizakion eskakizun moralak bertan behera datoz beldurra agertzen denean, izuak moralaren aurreko egoera batera atzerarazten gaitu. Eta Jainkoa eguneroko bizitzan —itxuraz, bederen— halako aurrez aurre duen gizarte bati itaun egiten ausartzen da idazlea: Jaungoikoa halako on eta ahalguztidun bada, zergatik ez du galarazten errugabeak hiltzea? Protagonistetako batek ezbaian jartzen du Goikoa eta alde batera uzten, “Ahaztu ezak Jainkoa, esan zion bere buruari. Gainera, noiztik da Jainkoa hire ardura?”, zahar ergel eta krudel baten antzera jokatzen duenez gero. Gaurko gizarte estatubatuarraren metafora?

Literatura handiari ei dagozkion gaiak, beraz: izurria, heriotza, pertsonaren morala, jainkoa, gaizkia, irrazionaltasuna, banakoaren eta erkidegoaren arteko kontrakarra eta beti gaizkia ageri-agerian duen gizarte estatubatuarraren ankerkeria. Esperantzarako lekurik ez orrietan, eta Nemesis jainkosak esku hartzen duela iradokitzen duen amaiera batean, justiziak ez du jasotzen zor dioten zorra. Gizakia zaurgarria da, erabat, eta pertsona guztiak partzuer gara zoritxar berberean.

Literatur balioen aldetik, dena dela, Rothen asmakizunik burutsuena eleberriaren erdialdean tupustean aditzera ematen digun narratzailea dugu, are dimentsio tragikoagoa ere erantsiko diolako. Baliabide ekonomia nabarmen batez eginiko kontakizun iradokitzaile-iradokitzailea: zenbat eta jakintsuago idazlea, orduan eta argiago testua, ez baitago gauza konplexuagorik argitasuna bera baino.

Itzultzaileak maiteen duena izaten du Nemesis, hain suertez, itzulpengintza bera; haren lege eta apeta zorrotzetatik aldenduz gero, jainkosaren zigor latza baitator, paper zuriaren gainean itzultzailea lotsagarri uztea, dela berberaren hutsengatik, dela liburugintzan parte hartzen duten besteen erruagatik. Ordain krudel-krudela eskatzen du itzultzeak, eta liburu honetan ere han-hemenka itzultzaileak ordaindu behar izan duen bidesariaren lorratzak daude, plazara irten aurretik, euskarazko Nemesis honek beste orraztaldi baten beharrean zegoela igartzen delako.

William Burroughsek esan zuenez, Amerika ez da herri gazte bat, lur zahar, zikin eta perbertsoa baino, are indioek eurek lur horiek populatu aurretik ere: “Gaizkia hantxe zetzan, aiduru”.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak