« Neurtitz urratua | Boz katalogoa »
Zubi bat Drinaren gainean / Ivo Andritx (Karlos Zabala) / Alberdania-Elkar, 2010
Zubiaren begia Iker Zaldua / Gara, 2011-08-20
Zubietako eraikuntza-elementuen artean begiak aurkituko ditugu, zubia dotoretzen dutenak, ibaiari bidea erakusten diotenak. Drinaren gaineko zubiak, ordea, badu begi berezi bat, dena ikusten duena eta gertakizun oro historiaren memorian iltzatzen duena. Ivo Andritx idazle bosniarrak memoria horretan geratu dena ekarri digu liburu honetan, hots, zubia hara iritsi zenetik begiak itxi zituen arte jazotako guztia.
XVI. mendean paratu zituen pilareak Vixegrad hirian zubiak eta Lehen Mundu Gerran kalte handiak izan zituen. Bitarte horretan arrantzaleak, haurrak, kafe-saltzaileak, merkatariak, soldaduak edota iman eta popeak igaro dira handik, turkiar, serbiar eta bosniarren arteko elkarbizitza konplexu eta zalapartatsua taxutuz; kristau, musulman eta juduen bateraezintasunaren lekuko. Errealitateak gobernatzen duen agertoki horretan fikziozko zenbait pasarte tartekatzen dira liburuan; elezaharrak, ipuin zoragarriak eta gertakari harrigarriak lau mendetako historia izugarriaren espazio egiazkoan.
Obaba etorri zait gogora behin baino gehiagotan liburua osatzen duten hogeita lau kapituluetan egindako bidaia zirraragarrian, kasu honetan egiazko hiri bat da gorabehera guztien lekuko, baina egituran antza hartu diet bi liburuei. Zenbait pasarte bakarka irakurrita itzelak dira, zenbait pasarte irakurtzeko ez da derrigorrezkoa aurretik dagoena irakurtzea, baina aurrera egin ahala ohartzen gara, kapitulu guztiak ongi josita daudela eta azkena aurrez garatutako kontakizunaren ondarea dela. Obaban basurde zuriaren ipuina bereizten dut nire imajinarioan gordetzeko, kasu honetan Milan jokozale amorratuaren kapitulua gorde dut patrikan.
Baina esan dudan bezala, kapituluak elkarri lotuta daude, zenbaitetan kronologiak egiten du zubi-lana, beste batzuetan ahaidetasun-lotura da aurrekoa eta hurrengoa besarkarazten dituena. Adibide batera, Milan jokozaleak badu bere kapitulua, aurrerago bere ilobak, Nikola Glasintsanin gazteak izango duen bezala. Horrela ahaidetasun-loturak egiten hasita, hirixkako zuhaitz genealogiko polita landa daiteke.
Kontakizun guztiek zubiarekin lotura zuzena dute, han gertatuak dira edo han “kontatuak”. Ivo Andritx zubiaren gainetik hegan balego bezala kokatzen da, dena ikuskatuz eta dena ikusiz, ez da bozeramaile lanetara mugatzen, sarritan bere iritzia ematen du itzulingurutan ibili gabe eta historia luze horri buruz esatekoa duenaren zertzelada batzuk irristatzen zaizkio. Gogoan izan behar da idazlea bera zubi hartako egoile izan zela eta berak ere kontagai duen historia horretako zati bat partekatzen duela.
Alberdania eta Elkar argitaletxeen artean osatzen ari diren Literatura Unibertsala sailean 151. zenbakia hartu du zubiak. Karlos Zabalak egin du itzulpena eta primeran egin ere. Leku-izenei dagokienez, jatorrizkoak errespetatu dituen arren, gure grafiara moldatu ditu hobeto ulertze aldera edo. Bestalde, zenbait hitz jatorrizko hizkuntzan paratzea erabaki du eta amaieran hiztegi bat moldatu du esanahia erakutsiz. Neronek hitz horien azalpena orrialdean bertan eskertuko nituzke, atzera-aurrera ez ibiltzeko, baina tira, hori edizio kontua izango da.
Azkenik gomendio egiten dizuet Kapijan (zubiaren erdialdeko terrazan) esertzeko, gozamen itzela hartuko baituzue hogeita lau kapituluk ematen diguten ikuskizunarekin.
Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart
Gorka Bereziartua Mitxelena
Ez-izan
Jon K. Sanchez
Aiora Sampedro
Pleibak
Miren Amuriza
Jon Jimenez
Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien
Asier Urkiza
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Nagore Fernandez
Jakintzaren arbola
Pio Baroja
Aritz Galarraga
Antropozenoaren nostalgia
Patxi Iturregi
Hasier Rekondo
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Baden Verboten
Iker Aranberri
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ezer ez dago utzi nuen lekuan
Itziar Otegi
Mikel Asurmendi
Dolu-egunerokoa
Roland Barthes
Asier Urkiza
Guardasol gorria
Lutxo Egia
Nagore Fernandez
Zero
Aitor Zuberogoitia
Jon Jimenez