kritiken hemeroteka

8.493 kritika

« | »

Sunset Park / Paul Auster (Oskar Arana) / Alberdania, 2010

Ahotsen amaraunean Beñat Sarasola / Berria, 2011-02-27

Dagoeneko ez gaitu harritzen Paul Austerren publikatze erritmoak. Ia urtero-urtero nobela bat eskaintzen digun autorea dugu. 2009an Ikusezin izan genuen, eta 2010aren hondarrean, Sunset Park, beti bezala Oskar Aranaren itzulpenaren eskutik.

Nobela berriaren istorioak Miles Heller izeneko 28 urteko gaztea du protagonistatzat. Miles Floridan bizi dela abiatzen da nobela, eta zenbait gertaera bitxien kariaz New Yorkera itzuli beharko du —Miles jaiotzez newyorktarra baita—. New York hiriko Sunset Park auzo degradatuko etxe okupatu batean ipiniko da bizitzen bere lagun zahar Bing Nathan dela medio. Nathanez gain, tesia idazten ari den Alice Bergstrom eta Ellen Brice erdi-pintorea izango dira haren pisukideak. Horiez gain, Floridan ezagutu zuen hamazazpi urteko neska-laguna —Pilar Sanchez— eta haren guraso bananduak dira —Mary-Lee Swann ama antzezlea eta Morris Heller aita editorea— nobelako pertsonaia nagusiak.

Mikhail Bakhtin literatur teoriko eta kritiko handiak esan zuen nobela modernoaren ezaugarrietako bat haren polifonia zela; hots, oso-oso labur eta zabarki esanda, pertsonaia eta ahots ezberdinen ikuspegien agerpena nobela berean. Fiodor Dostoievski ipintzen zuen polifoniaren adibide argigarritzat. Bada, bere erara, esan daiteke Sunset Park ere nobela polifonikoa dela bete-betean. Aipatu pertsonaia ezberdinen ikuspegitik (edo fokalizaziotik, terminologia zehatzagoa erabiltzearren) kontatzen baita istorioa. Pertsonaia nagusia izan arren, ez da Milesen ahotsa kontaketaren zama eramaten duena. Forma hori aski esplizitua egiten da bigarren zatitik —Bing Nathan eta konpainia— aurrera, non kapitulu bakoitzean pertsonaia ezberdinen nondik norakoak narratzen baitira. Kristal hautsien moduan ematen zaizkio irakurleari, beraz, zati diferenteak, eta denen arteko lotura eta puntu komunekin osatzen da, nolabait, kontaketa guztia. Dudarik gabe, ezaugarri fragmentario eta jori hori aski ezaguna egingo zaie Austerren literatur zaleei, baina haatik, artefaktuak nahiko ongi funtzionatzen duela iruditu zait, Ikusezin-ekoak baino hobeto, gertuen dagoen adibidearekin konparatzearren.

Istorioa gure garaian kokatua dago erabat, 2008 urtearen bueltan, eta gaurkotasun handiko gaiak sentsibilitate eta argitasun handiz azaltzen dira. Krisi ekonomikoak berak nahiko garrantzia du batez ere Morris Hellerren zatian, Heller Books argitaletxeak bere eragin nabaria jasango baitu. Alde batetik, Sunset Park-ek badauka alde argitsu bat, Austerren kontakizun gehienetan topatzen dena, alde ameslari eta inspiratu bat, gaztetasunaren, askatasunaren —etxe okupatua—, artearen —literatura, zinema…— aldarri dena. Baina badauka beste alderdi makurrago bat, pertsonaia guztiek baitute zer-edo-zer ezkutatzeko, zer-edo-zer galdu, inmoral, irrazionalen bat. Miles bera da horren adibide, Floridara New Yorken jazotako gertakari baten estiratik ihesi joan baitzen. Bien artean sexualitatearen ehuntze konplexu eta interesgarri bat aurkitu daiteke.

Austerren nobelek zulo ugari izaten dituzte begirada errealista-tradizional batetik begiratuz gero. Sunset Park ez da salbuespen. Gertakari asko ez dira ongi justifikatzen, pertsonaia gehienek puztuak dirudite, beharrezko neurritasun eta zehaztasunik gabe eraikiak. Horregatik egoten dira haren kontakizunak sarri sinesgarritasun literarioaren mugan. Aitor dut duela hamar urte Austerren proposamenek interes handiagoa pizten zidatela orain baino. Nolanahi den, Sunset Park da, ziur asko, haren azken nobeletatik gustu handienaz irakurri dudana.

Azken kritikak

Pleibak
Miren Amuriza

Jon Jimenez

Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien

Asier Urkiza

Oroi garen oro
Beatriz Chivite

Nagore Fernandez

Jakintzaren arbola
Pio Baroja

Aritz Galarraga

Antropozenoaren nostalgia
Patxi Iturregi

Hasier Rekondo

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Baden Verboten
Iker Aranberri

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ezer ez dago utzi nuen lekuan
Itziar Otegi

Mikel Asurmendi

Dolu-egunerokoa
Roland Barthes

Asier Urkiza

Guardasol gorria
Lutxo Egia

Nagore Fernandez

Zero
Aitor Zuberogoitia

Jon Jimenez

Hezur berriak
Ane Labaka Mayoz

Paloma Rodriguez-Miñambres

Simulakro bat
Leire Ugadi

Mikel Asurmendi

Ezinezkoaren alde
Iñigo Martinez Peña

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

Hedabideak