« Haserre profetikoa | Sarri apostolua eta inoiz euskalgeisha »
Moroak gara behelaino artean? / Joseba Sarrionandia / Pamiela, 2010
Zertan ari zen Unamuno? Bixente Serrano Izko / Berria, 2011-01-30
Unamuno, hil arte, bere kontraerranak bizkarretan. Euskaldunoi espainiartasuna, nazionala eta hizkuntzazkoa, opa izaten luze ibili ondoren, eta gero ere horretan temati jarraitu arren, “poema arraro bat” —Joseba Sarrionandiaren hitzak— idatzi zuen 1909an, ?”Aste Tragikoaren ingurugiro hartan?”, Salutación a los rifeños izenburukoa, non Sarrionandiari bere liburu hau izendatzeko balio dion lerro honekin hasi zen: ?”¿Somos moros en brumas??”. ?”Gu?” horiek, poeman, euskaldunok gara, erran gabe doa.
Gutxitan gertatzen zaigu liburu-iruzkingileoi honetaz bezain nahi eta ezinean gelditzea obra batez labur idazterakoan. Liburuaren luzera ez ezik, haren barren mamitsua ere bada gaina hartzen diguna. 542 testu-orrialde gehi 1.387 ohar bertze 161 orrialdetan. Alta, inolaz ere ez irakurlea gogaitzeko, zin egiten dut. Egia erran, bi saiakera dugu liburu bakarrean.
Lehen 21 ataletan, amazigei (berbereei) buruz mintzo zaigu: haien sinesmenez, kulturaz, hizkuntzaz, arazo sozial, ekonomiko, politiko eta historikoei buruz. Bereziki, frantziar eta espainiar inperialismoek, bai eta berauen txotxongilo Marokoko sultanek, amazigekin saiaturiko mota eta arlo guztietako mendekotasuna, ustiatzea, zibilizapen arrazista, zigor-kanpainak, genozidioa…, XIX eta XX mendeetan, hartu ditu ikergai Sarrionandiak. Dokumentazio arrunt oparoak, datuen aberastasunak, ez diote batere kentzen irakurgarritasunari, egile honen idazkera komunikatzaileari, gure gaurko kezketara hurbiltzeari. Ez da, noski, janaldi batean irensteko, baina ez dago asebetetzerik, aspertzerik, behin eta berriz platerkadari ematerakoan. Kolonialisten mentalitatea, metodoak —bakezko eta sarraskigileak—, euskaldunon testigantzak eta parte-hartzea —garai hartako bertsolaritza, memoria liburuak, gutunak…—, misiolari erlijiosoen papera —tartean, Oizko Pedro H. Sarrionandia frantziskotarraren amazigeraren ikerketa linguistiko paregabeak— makro- zein mikro-historiako pertsonaia eta gertakari anitz, biztanleria zibilaren kontrako arma apurtzaile, erretzaile eta kimikoen bonbardaketen lehen laborategia, gero Munduko Gerretan —gurean, Gernika kasu— erabiliko zirenena, guretzat guztiz interesgarriak eta ezin konta ahala diren hainbat eta hainbat aspekturen narrazio bizi-bizia dugu liburuaren zati hau. Kritika bat egin behar diot argitaletxeari: hain aberatsa denez izen eta gertakarietan lana, ezinbertzeko deritzot falta duen izen-aurkibide bati (pertsonak, lekuak, gertaerak, tribuak, dialektoak, mitoak…).
Hurrengo 12 atalek bertze liburu bat osa zezaketen, 240 orrialde gehi 662 oharrekoa. Gogoeta-saiakera dugu hau, liburuaren izenburuak iradokitzen duen ildotik: amazigera hizkuntza mespretxatua, basatitasun eta kultura-ezaren irudi, abiapuntua da euskarari buruzko gogoetetan hasteko. Sarrionandia idazle eta sortzailearen sentsibilitatearekin, arlo teorikoetan sartzen denean ere. Hizkuntzaz ez ezik, naziotasunaz, globalizazioaz, emigrazio-immigrazioez, kultur aniztasunaz, bizikidetzaz, menpekotasunaz, zibilizazioaz, kultura kontzeptu orokorraz, politika sasi-zibilizatzaileez… ere bai. Ideiak guztiak ez dira amen batean barneratzeko, are gutxiago irakurleak bere egiteko, baina planteamendu guztietan aurkituko ditugu aukera politak gure usteetan sakontzeko, berauei ñabardurak emateko, birplanteatzeko agian, baina betiere ikuspegiak aberasteko, hauxe delarik azken finean saiakera bati eskatu behar dioguna: emankortasuna, alegia.
Lan izugarria, zinez, baina inolaz ere ez bertan murgiltzeak izutzeko.
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Maddi Galdos Areta
Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña
Asier Urkiza
Izotz ura
Lide Hernando Muñoz
Nagore Fernandez
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Mesfida zaitez
Bea Salaberri
Irati Majuelo
Transgresioa irakasgai
Bell Hooks
Bestiak Liburutegia
Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu
Paloma Rodriguez-Miñambres
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Asier Urkiza
Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena
Nagore Fernandez
Zoriontasunaren defentsan
Epikuro
Aritz Galarraga
Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga
Aitor Francos
Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro
Sara Cabrera
Gizon barregarriak
Joxean Agirre
Sara Cabrera