kritiken hemeroteka

8.758 kritika

« | »

Gailur ekaiztsuak / Emily Brontë (Irene Aldasoro) / Erein - Igela, 2017

Maitasun, gorroto, mendeku istorio Aritz Galarraga / Berria, 2025-01-12

Lockwood jauna, iritsi berritan, loriaturik geratuko da begien parean daukan ikuskizunarekin: “Hauxe bai lurralde ederra! Ingalaterra guztian, ez dut uste topatu ahal izango nuenik gizartearen zalapartatik hain erabat apartaturiko bizilekurik. Zeru perfektua misantropo batentzat”. Baina, maizter izanagatik, lekuko huts azkenerako, berehala igarriko dio “hainbeste zirela hango gertaera zelebreak”; alegia, oikonimoari men eginez, ekaitza nagusituko zaiola ia beti zeru perfektuari, eguratsean, nahiz, batez ere, etxe barruan. Heathcliffek, luze gabe, kontraste berezia egiten du bizilekuarekin eta bizitzeko moduarekin, “bere hizkera lakoniko, izenordez eta aditz laguntzailez gabetua”. Edo arrebaorde Catherinek, liraina, baina, ai begiak, so atseginekoak izan balitu: “ezinezkoa zen, umore gaiztoenekoak zirela ere, egunero denek bekozko hura erakustea”. Bi-bien arteko istorioa adituko du Lockwoodek nagusiki, nagusiki Nelly mirabearen ahotik.

Ez naiz ausartzen “maitasun istorioa” esatera, hori baino puskaz gehiago baita, hori baino puskaz nahasiagoa. Bekatu original bat badelako: bastarta da Heathcliff, Liverpooleko karriketatik hartua, eta, “hasiera-hasieratik, giro txarra sartu zuen mutikoak etxean”. Ijitokume esango diote, kontziente da diferentea dela, bestea: “Ile argia eta larru zuria eduki nahi nituzke, eta hura bezain ondo jantzi eta portatu, eta hura izango den bezain aberats izateko aukera izan”. Halako maitasun, halako pasio bat biziko du Catherine arrebaordearekin, halako pozoi bilakatuko dena: “Zernahiz eginak daudela ere arimak, harena eta nirea gauza bera dira”, aitortuko du Catherinek; “nire bizitzako asmo handia bera da. Beste guztia galduko balitz, eta bera bizi, nik ere izaten jarraituko nuke. Eta beste guztiak iraungo balu, eta bera suntsitu, unibertsoa ikaragarri arrotz bihurtuko litzateke”. Hainbestekoa da identifikazioa, ezen “ni naiz Heathcliff!” oihu egitera iritsiko zaigun.

Baina soilik maitasunezkoa izan balitz istorioa, eleberririk ez genukeen izango. Alde iluna, sasikoa, sosia utzi, eta klase sozial oneko Edgar Linton esposatuko du Catherinek. Ez, ordea, Heathcliff ahaztuta: “Lintoni diodan maitasuna basoetako hostaila da: denborak aldatzen du, neguak arbolak aldatzen dituen bezala. Heathcliffi diodan maitasuna, berriz, azpiko harkaitz betierekoen antzekoa da: atsegin ikusgarri gutxiren iturri, baina beharrezkoa” (“atsegin ikusgarri gutxiren iturri” dio, ze baikorra). Eta ordura arte ekaiztsu zena, urakan bilakatuko da, are Catherineren heriotza goiztiarraren ondoren. Hortxe du abiapuntua liburuaren bigarren zatiak, zeina, labur esateko, infernuetarako jaitsiera erabatekoa den. “Ez dago erdizka ere esaterik nolako infernua zen gure etxea”, kexu da Nelly gaixoa. Maitasun istorio zela uste genuena, azkar asko bilakatuko da gorroto, azken buruan mendeku batena. Mendeku Edgar Lintonen kontra, anaiaorde Hindleyren kontra, guztien seme-alaben kontra, baita seme propioaren ere. Mendeku basatia, krudela, izugarria, bridarik gabea. Adjektiboak falta zaizkit: “Inon den gizonik deabruzkoena da Heathcliff jauna, gorroto dituenak kaltetzen eta hondatzen gozatzen duena”. Georges Bataillek idatzi zuen garai guztietako literaturako libururik ederrenetako bat dela Gailur ekaiztsuak, giza gaizkiaren auzia ezin hobeki hunkitzen duelako.

Ordura arte ekaiztsu zena, urakan bilakatu da, are Catherineren heriotza goiztiarraren ondoren. Hortxe du abiapuntua liburuaren bigarren zatiak, zeina, labur esanda, infernuetarako jaitsiera erabatekoa den

Giza gaizkia, beraz, baina odolkidetasuna, familia, ordena soziala ere hunkitzen ditu, dinamitatzen, jendarte viktoriar hertsiaren baitan, ingelesak asaldatzen zituzten gaiak. Nobela osoan zehar aurkituko dugu kezka, nor norekin, nola igo-jaitsi, sentituko dugu lotsa, kulpa, inor ez dagoela eroso, inor gutxi bere lekuan. Heathcliffen esaldi hau demoledorea da: “Zoriontsuegi naiz, eta, hala ere, ez aski zoriontsu”. Eta, hala ere, eleberria ondo xamar bukatzen dela esan daiteke, eguzki printza batekin, madarikazioarekin bukatu nahi izan balute bezala; bi izakik elkar maite baitute azkenean: Catherine gazteak (Catherine maitatuaren eta Edgar Lintonen alabak, “amaren bigarren agerraldi bat”) eta Heathcliffen antza gehien duen Hareton ilobak. Garaipen partziala harentzat, edo porrot gozoa: “nire ondorengoa haien ondarearen jaun eta jabe ikustearen garaipena nahi dut”; ez odolezko ondorengoak, baina bai izaerazkoak betetzen baitu profezia.

“Ez al duzu zure bizitzan inor maitatu, osaba, inoiz?”, galdetuko dio Catherine gazteak Heathcliff deabruzkoari, galdera ezin aproposagoa, gehiegikeria, gaizkia, gizonkeriaren irudikapen den pertsonaia hau ulertzen saiatzeko. Erantzuna Emily Brontëk eman zigun, Harold Bloomen hitzetan, parekorik ez duen Gailur ekaiztsuak eleberrian. Parekorik ez du, akaso, Virginia Woolfek esan bezala, bizkarra eman zielako “betiereko pedagogoaren aholku eta aginduei: idatz ezazu hau, pentsa ezazu honela”. Eta, akaso, ez garaiko ugazabei jarraikiz, baizik eta idatzi zuelako bere senak agindu zionaren arabera.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Nagore Fernandez

Kantu leuna
Leila Slimani

Maialen Sobrino Lopez

Odola kantari
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Bihotzean napalma
Pol Guasch

Irati Majuelo

Izatearen arintasun jasanezina
Milan Kundera

Aritz Galarraga

Zerua hemen
Oihana Arana

Ibon Egaña

Espekulazioak
Arrate Egaña

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak