kritiken hemeroteka

8.795 kritika

« | »

Irakurketaren aldeko manifestua / Irene Vallejo (Fernando Rey) / Pamiela, 2024

Big Bang argitsu bat Nagore Fernandez / Berria, 2024-12-15

“Irakurketak gure neuronen borborra eragiten du: Big Bang argitsu bat da gure adimenaren barrutian”. Halaxe diosku Irene Vallejok, Fernando Reyren itzulpen finaren bitartez, Pamiela etxeak argitaratu berri duen bere Irakurketaren aldeko manifestua liburuxkan. Behin baino gehiagotan irakurtzea eta horien inguruan hausnartzea eskatzen duten beste horrenbeste baieztapen biltzen eta aletzen dira bederatzi kapitulu laburretan zehar, guztiak ere literaturaren aldekoak: literatura, eta zehazki, ipuinak, babesleku bezala aurkezten zaizkigu lehenengoan, adibidez; bigarrenean, ostera, literatura perspektiba hartzeko eta bakoitza bere baitara horren bilduta ez egoteko baliabidea dela azaltzen zaigu; hurrengoetan, gizakion hezkuntzaren, historiaren, komunikazioaren, edo are, memoriaren parte dela, besteak beste; izan ere, “irakurtzea ez da entzutea edo ikustea bezain pasiboa; irakurtzeak birsorkuntza eta eferbeszentzia mentala dakartza berekin”.

Hala, Vallejoren obrak, hasi eta buka, irakurketaz dihardu, bai ikuspegi sinkroniko batetik, hemen eta orain irakurtzen dugun heinean; baina, baita ikuspegi diakroniko batetik ere, literaturaren garrantzia baloratzeko historiako zenbait unetara begira jartzen gaituela kontuan izanda. Atzera begiratze horretan, autoreak ipuinak aipatzen ditu bereziki, zentzurik zabalenean, noski, tradizional edo moderno sailkapen problematikoari erreparatu barik, alegia. Literaturaren historiako une horiek hautatzerakoan ipuinak aipatzea estimatu dudan alderdia izan da, inplizituki, generoari berari eta hark egindako bideari nolabaiteko aitortza egiten diolako.

Guztiz dibulgatzailea izan nahi duen lengoaia batekin egin dut topo ideiaz ideia; igartzen da publiko zabal batengana heldu nahi izan duela autoreak, eta guztien esperientzian eta kontzientzian hazka egin. Hala ere, ez dira falta literaturari indarra eta balioa ematen dioten aipamen jasoagoak, ezta testuartekotasuna elikatzen duten keinu literarioak ere. Prosa dibulgatzailea erabili arren, gainera, baliabide estilistikoekin jolas egiten du Vallejok; ideia zehatz bati forma ematen dioten askotariko metaforak eta sinboloak ekartzen ditu etengabe, maiz errenkadan, bata bestearen atzean. Hasieran, ideia beraren hainbat errealizazio eskaintzea interesgarria, are, estetikoa ere egin zaidan arren, bukaera partean, errepikakorra egin zait tonua, zenbaitetan, gehiegitxo aukeran.

Vallejoren hitzak Gustavo Martín Garzoren epigrafeak irekitzen ditu: “Ipuinetako uharte magikoetara bezala iristen gara liburuetara: ez norbaitek eskutik hara garamatzalako, baizik eta haiek bidera ateratzen zaizkigulako”. Ez nuke nahi, hortaz, nire hitzekin inor Vallejoren liburuxkara eskutik oratuta eraman; bai, ordea, liburua euskal irakurlearen bidean jartzeko bultzadatxoa izan, edonor, ustekabean, Vallejoren uharteetara iritsi ahal izateko; merezi du harekin estropezu egitea.

Azken kritikak

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak