« Lur bat herri antzerkiari | Urte amaieran hizpide izango den liburua, seguru »
...eta gauetik, euria / Fertxu Izquierdo / Pamiela, 2023
Literaturak ezin du errealitatearen simulakroa izan, ez luke behar Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2024-12-22
Azalpen modura
Fertxu Izquierdo poeta eta eleberrigilearen …eta gauetik, euria nobela dut hizpide. Ez naiz eroso ari. Nago, zentzugabekeriaren edo desarrazoiren bat edo bertze eginen ote dudan iruzkin-izkribu honen bitartez. Idazlearekiko errespetuz ari naiz, haatik. Lan gaitza egin baitu.
Liburua irakurri ostean, buruan ditudan ideiak ordenatzen ari naiz. Pare bat ohar abiaburuan, ohar bidegabeak agian: 1. Duda-mudan, ez dut liburuaren sinopsirik eginen. 2. Ez ditut nobelaren traman sartzeko helbideak emanen. Lotsagabekeria galanta izan daiteke. Ardura eskasa. Iruzkingile lanari itzuri egiteko modu bat, baita ezintasuna ere.
Demagun, eleberri hau harturik, literaturaz jardun nahi dudala. Eginen dudana —egin nahi dudana— bertze liburu baten karietara egin nezake, noski. Uneak eta zoriak —zorigaitzak, naski— halaxe izatea determinatu dute izkribua. Patua eta zoria batbedera. Gaitza eta ongia nola.
Benetan eta penetan
…eta gauetik, euria izenburutik beretik hasita, literaturaren ezaugarri batzuk ezpalduko ditut. Alegia, literatura osatzen duten ezaugarri bakan batzuk aipatuko ditut. Ez denak horregatik. Eta daudenak ere eztabaidagarriak izan daitezke, bistan da.
1. Estetikaz edo poetikaz. Edertasunaren esentziaz ari naiz, literaturaren hizkuntzaz. Kasuon, eleberri honenaz. Domaia zait, Fertxu Izquierdo nobelagileak, poeta izaki, testu hauek sortzean bere dohain poetikoak horren gutxi landu izana. Testu pila katramilatzen dituzu nobelan, nahas-mahas adigaitzak, totum revolutum alimalekoak, munduko hainbat iraultzaren zurrunbiloak. Dolugarria zait, horrenbeste bider poesia aipaturik, horren poesia gutxi ekarri/sortu izana.
Erran nahi baitut: literatura arketipo baten gainean eraikitzen da. Nobela da, naski, artefaktu-arketipo literarioaren emari paradigmatikoena. Alabaina, nobelari hizkuntzaren “poesia” antzeman behar zaio. Kasuon, nobela gisara ekarria, artefaktu nobelistiko latza sortu du idazleak. Huts egin daiteke, jakina. Idazleak ez baitu sekula lortzen buruan duen guztia liburuan moldatzea irudikatzea zertzea… Edozein dela arte espresioa halaxe izaten da. Alabaina, literatura emariak, gutxienez, estetika bat —poetika bat— eskaini behar du. Alegia, nobela honen tramak huts egin dezake, baina anartean, poetikotasun gisako bat ageri behar zaio. Nire uste zuloan, idazleak ez du asmatzen eleberri orekatua eraikitzen, behin eta hasteko, bere armadura/arketipoa desarmatzen dituen hamaika istoriok osatuta baitago. Nire usteko lehen ezaugarria ez du erdiesten. Huts, beraz.
Poetikotasunaz aritzearen ildoan, …eta gauetik, euria izenburua aintzat hartuko dut. Iruñean euria ari du, ari duzu. Ari da. Iruñea ez da nobelaren lokalizazio soila, hiri-buruzagia ardatza duzu, nobela unibertsala —globala?— eraiki nahi izanaren nahikundea. Nahikari bihurtutako nahikeria, apika.
Honezkero, aspaldiko honezkero, literatura izanen bada, bustitzen ari zarela adierazteko, euria hitza bera erabiltzeak ez du inolako poetikotasunik aditzera ematen. Alegia, irakurleak antzeman behar du hiria trenpatuta dagoela edota bere pertsonaiak blai ibilki direla, berez.
Konparazioenera, idazleak liburuaren eskaintzan honela dio: Laia, Iria. Xiana, zuentzat, bustitzen nauen euria zaretelako. Hor badu baduzu badugu poetikotasun suerte bat. Bada, horrelako printzak edo antzekoak isuri behar zaizkio —behar litzaioke—eleberriaren testuari. Aldian aldi, tarteka-marteka, bederen. Hartara, literaturaren ezaugarrietako bat bederen, antzeman litzaioke nobelari. Berez, lan gaitza den eleberri honi.
Bref: literatura ezin da egunkarieraz gauzatu. Lengoaia literarioak eguneroko hizkuntza arrunta “txikitu” behar du. Hemerotekaren gainean eraikitzen den nobela batek nekez iradoki dezake literaturarik. Jadaneko aditzera eman izan denaren gaineko “liluramendu” eskasa dakarkigu.
2. Fikzioaz. Literaturak errealitatearen isla behar izan badu, fikzioak erreala iradoki behar badigu, literaturak erdiestea xede duen errealitatea irudikatzeko bitartekoak eman behar dizkigu. Ezin da iragan batean gertatua narrazio soil gisara ekarri. Ez duzu haizu, ez duzu zilegi, ez duzu sinesgarria. Areago, iragana konta ahala zenbatzea nekeza den hamaika istorioez osatua denean. Literaturak ezin du errealitatearen simulakroa izan, ez luke beharko. Literatura ez da errealitatearen simulakroa. Literatura errealitateaz desengainatzeko artefaktua da, eta hala berean, kontrakarrean eta kontraesanean, literaturaren fikzioak iradoki diezaguke errealitatea. Horretantxe dautza literaturaren mentura eta onura.
Egiari zor, iruzkin hau zertzean, ni ere errealitatean nauzue gatibu. Literatura duzu, hartakotz, errealitatean libertatea antzeman ahal izateko paradigma.
Puntu eta kontu baino gehiago nituen buruan, baita ohar andana alboan emana ere. Bertan utziko dut ene jarduna. Nobela honen interpretazioa, alegia. Barkatuko al dit Fertxu Izquierdo nobelagileak “harrotasun” adierazpide hau. Exegeta grotesko samarra agertu naiz, nauzu, nauzue… Egileari baita irakurle posible horri ari natzaio natzaizue.
Akitzeko, une batez hauxe pentsatu dut: “Ezin dut etsi nobelaren trama aipatu barik, ez da bidezkoa nobelagilearen tesia azaldu gabe amore ematea. Izan ere, irakurleak esan diezaaket: ‘Faltan botatzen ditut, zuk ez?'”.
Oharra: ipar-ekialdean ari naiz. Bego.
363. orrialdean nago, nobelaren azken aurrekoan. Nobelaren soinu banda entzuteko zorian. Johnny Weissmuller lagun. Spotify edo YouTube delakoei engantxatu ezinean eman dut irakurketa.
Amaitu alderat: Durito kakalardoren kronika izan daiteke nirea ere. Nobelako pertsonaia guztiei ene diosala, Duritori egin aipamenaren bitartez.
Mina ematen duena ahanztura da. Bai horixe. Haatik, are mingarriago begitantzen zait ahanztura simulakroa bihurtzea.
Nobelagilea fingidorea da / Itxura guztizkoa duzu / Mina delako itxura egitera iristen da / Benetakoa duzu bere mina
Hots, …eta gauetik, euria benazko penen eta minen eleberria dukezu.
Maxima bat azken buruan, ez dakit nirea den ere. Beno, nirea den legetxe erabili ohi dut: “Ez dago absoluturik. Absolutu bakarra jainkoa da, eta horrek ez du izaterik”.
Kasuon, jainkoa berbaren ordez interpretatzailea idatzi. Hots, ez dago interpretatzaile guztizkorik. Ezta ni ere, prefosta.
Hetero
Uxue Alberdi
Jon Jimenez
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Aiora Sampedro
...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo
Mikel Asurmendi
Lurrez estali
Ximun Fuchs / Axut! kolektiboa
Irati Majuelo
Pleibak
Miren Amuriza
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Hetero
Uxue Alberdi
Amaia Alvarez Uria
Irakurketaren aldeko manifestua
Irene Vallejo
Nagore Fernandez
Berbelitzen hiztegia
Anjel Lertxundi
Asier Urkiza
Itzulpena-Traducción
Angel Erro
Jon Martin-Etxebeste
Idaztea gibelera zenbatzen ikastea da
Hasier Larretxea
Mikel Asurmendi
Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz
Jose Angel Irigaray
Asier Urkiza
Idazketa labana bat da
Annie Ernaux
Nagore Fernandez
Bisita
Mikel Pagadi
Jon Jimenez
Hamlet
William Shakespeare
Aritz Galarraga