« Laguntasun-harremanak amaitzen direnean | Lagunak ginen, baina… »
Zoo / Goiatz Labandibar / Elkar, 2024
Izadiaren eta gizadiaren sinbiosi dekadentea Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2025-01-09
Berealdiko azalpena
Faktoria bereko (Elkar) bi liburu irakurri ditut 2025eko hatsarrean. Honen aurrekoak giza belaunaldien arteko arrakalak agertzen ditu (Mundu zitalaren kontra. Lizar Begoña). Bigarren honetan (Zoo. Goiatz Labandibar), belaunaldien arteko arrakalak agerikoak dira, bertzeak bertze. Ez da liburu honen ziorik nagusia, halaz ere.
Ez ditut liburu biak alderatu nahi, inondik inora ere. Alabaina, Literatura konparatua diziplina funtsezkoa zait literatura aztertzeko, iruzkintzeko edota interpretatzeko. Literatura konparatua, labur zurrean erranik, ez da literaturaren zientziaren barruko diziplina. Literatura konparatua metodologia legez ulertu behar dugu, eta halatsu ulertzen dut neronek.
Literaturaren historia, literaturaren teoria, kritika literarioa… Literaturaren zientziaren barruko diziplinak dira/dituzu horiek. Egia zor —nire izate honetan ez dago banitaterik, ez benazkoa ez faltsurik—, ez naiz diziplina berberetan aritua ez aditua, ez zaildua ez iaioa ere. Alegia, niretzat, liburu bat interpretatzean gure literatura lanen konparazioak munta hartzen du. Nire iruzkinak ez dira luze-sakoneko lanak. Horregatik iruzkinak dira, funtsezko kritika izatetik urrun. Literatura konparatua aintzat hartu dut, eta ulertu ezazu euskal literaturaren markoan ari naizela.
Kontuak kontu, nire asmoa ez da Zoo eta Mundu zitalaren kontra alderatzea. Bi belaunaldiko idazleen arteko lanak, alegia Ez. Inola ere ez. Kontua da, ni neroni zein belaunaldikoa naizen aintzat hartzea. Hots, egiten ari naizen interpretazio honen jitea bere testuinguruan kokatzea eta bere zentzuan ulertzea. Izan ere, ez naiz euskal literaturaren markoan iruzkingile-kritikari ari diren besteekin parekatzen. Edo gehienekin, behintzat. Belaunaldi berriko iruzkingileez ari naiz.
Ez naiz iruzkingile horien belaunaldi berekoa, agerikoa denez. Antza, “normala” dena, hain ziur, ez ditugu irakurri liburu berak. Beraz, alderaketa edo konparazioa ezin antzekorik izan. Dena dela ere, literatura “bera” irakurri ez izana baino, funtsezko diferentzia hauxe dukezu: ez dugu literatura-liburuak sortu zireneko garaiak berak bizi izan. “Bizitza-lege” hau ere, noski.
Berebiziko azalpen luze horren ostean
Zoo liburua hamabi narraziok osatuta dago. Hamaikagarrenak —izen berekoa— ematen dio liburuari izenburua. Ez ditut berauek alderatuko. Ezta ere berauek banan-banan komentatuko. Batzuen harian jasotako inpresio-doiak aurkituko dituzu iruzkin-testu honetan.
Izenburuak eta azalak (Irune Izquierdo egile) ongi adierazten dute liburua: giza-faunaren erretratua. Fauna, aro modernora arte ez zen gizakion adierazle. Alegia, izadia —natura— zegoen batetik eta gizadia bestetik. XX. mendera iritsitakoan, izadia eta gizadia “nahasten” hasi ziren. Jakina, aurreko mendeetan ere, gizakiok izadia eta hiria artean akomeatu ginen. Alabaina, industrializazioaren aroan eta aro moderno berantiarrean gizadiak leku berezi bat hartu zuen izadian. Ez modu naturalean halere, modu artifizialean baizik.
Leku berezi horiek aro modernoan gauzatu ziren. Jendartearen aisialdi-guneak kontsolidatu ziren. Oporrak edota bakazioak —lanaldiaren barkazioak?— goi-klasekoen aldi esklusiboak ziren: monarkenak lehenik, oligarkenak gero. Burgesenak ondoren “demokratizatu ziren”.
Langileria ere aisialdirako klasea bihurtu zen. Sistemak behar zuen —sistema ekonomiko-politiko-sozialak—, baita beharrizan horretan ederto moldarazi ere. Izan ere, hedonismoa ez da klase bakar baten dohain esklusiboa. Horiek horrela, Zoo liburua mendebaldeko jendarte demokratizatutakoaren aisialdiaren erretratu paregabea duzu. Hamabi piezek osatzen dute erretratua. Mosaiko suerte bat da. Pinturaz, urez, hareaz edota harriz egindakoa. Tonu poetiko literarioa eman alderako eleak dituzu hondar horiek.
Pinturaz, urez, hareaz, zurez, harriz, ehun puskaz egindakoa. Zoologiko suerte hori duzu globalizazioaren berebiziko adierazle. Alegia, berean parte hartzen duten animaliak —giza-animaliak nahiz bestelakoak—, genero ezberdinetakoak dituzu: umeak, nerabeak, gazteak, helduak edota agureak. Hainbateko nazio-kide, estatuko hiritarrak edota herritar soilak. Besterik gabe: gizabanakoak.
Historian izan dira zoologiko humanoak. Erroman izan ziren lehenbizikoak. Aro modernoko kolonizazioaren ostean eta eraginez, metropolietan zabaldu ziren hainbat zoo-humano ere. Parisen edota Madrilen, kasu. Post-modernotasunean berriz, kanpinak zoologiko modukotzat hartu daitezke, ezta? Nire burutazioa duzu, estranbotiko samarra. Tira, burutapentzat har daiteke. Burutapen logikoa ote den besterik da.
Literatura logika guztiak hausten dituen espresioa bada, Zoo liburuaren gaineko interpretazio hau ere izan daiteke logikoa. Izan ere, zer ote da gaurko mundua zoologiko bat ez bada. Zoo logikoa izatea besterik da, jakina. Zer ote gara gizakiok, munduan barrena ibilki, zoo-kanpinak berauek bisitatzen eta osatzen ditugunean. Euskaldunok barne, bistan da. Zoo delako honetan euskaldunok berebiziko tokia dugu eta.
Erretratuak erretratu, hona Goiatz Labandibar idazlearen istorioek iradokia:
Hamabi narraziok osatzen dute Zoo. Halaxe izendatu ditut hatsarrean. Ipuinak eta narrazioak literaturaren kidekoak al dira? Galdera hori jalgi ohi zait sarritan. Direnak direla ere, Zoo liburuko istorio hauek egunkarietan publikatu izaten diren ipuinak begitandu zaizkit. Urteko oporraldietan edota aisialdi garaian publikatuen jitekoak.
Programa izena du lehen ipuinak. Bada, berau hala nola gainerakoak ipuin programatuta legez irakurri eta bizi izan ditut. Gaur egungo istorioak dira. Ez dute giza-historia ukatzen inolaz ere. Narrazio zintzoak dira alajaina. Egungo gizakion —emakume-gizonaren— izaera azalekoaren adierazleak.
Lehen istorioa irakurri dut, baita bigarrena ere, eta atezuan nengoen. Bestelako giza-lagin-istorio baten aiduru egon naiz. Giza-heteroaz harago joanez, heterosexualen arteko istorio soilak izan beharrean, heterosexualen istorioren bat ere agertuko ote zen beha, alegia. Baita agertu ere: bi lesbiana ageri dira zoo-logikoan. Alta bada, pertsona(ia) horiek homosexualitatea nola bizi duten ezagutzea espero nuen. Baita heteroen aldean kontrobertsiarik eragin ote zuten jakin ere. Euren arteko eta bestelako sexuren arteko bizipenak ezagutzeko irrikan nengoen, alegia. Ez dut horrelakoak antzeman batere.
Hamakaldia ipuina bukatu berri, Aimar eta Aitana protagonisten arteko alamena aditurik, hauxe bururatu zait: “Euskaltel, lerdo ella eta ergela él!“. Gatzgabeko istoriorik bada, horra ipuin txepel.
Miss Karaoke ipuinak —Arrate protagonista izaki— “Cien años de soledad jatetxe batean irakurtzea eguerdiko ordu bietan ez dagoela sozialki onartua” aditzera ematen digu. Kontua hauxe: ipuinean arratsaldeko Ordubiak eguerdia da, hots, midi (milieu du jour). Halaxe da ere gure mendebaldean. Frantses esaera batek honela dio: “Ne cherche pas midi à quatorze heures / Ez bilatu eguerdia 14 orduetan”.
Oharra: postmodernitatean, arratsaldeko Ordubiak eguerdia da. Ez bilatu nire jardun honetan aparteko azalpenik.
“Desiratzen nago lagunei oporrak kontatzeko” esaldia aurkitu dut ere Zoo logiko honetan. Ezinbestean espero ere. Egungo munduaren logikaren araberako erranairu eta bizipena duzu. Belaunaldi bat joan beste bat heldu, eta gizakia etengabeko iniziazioan ari da. Nago, modernitatearen osteko iniziazioak izarigabeak ote diren. Alimalekoa dugu giza-animaliak bizi duen aroa. Gero eta gehiago, animalen antzekoa.
Honatx Zoo izeneko istoriotik erreskatatu dudana:
— Ama, kanpin hau tortura hutsa da. Utzi etxera itzultzen… Gera zaitezke Imanolekin zinemara joateko edo afaltzeko. Niri bost. Baina salba nazazu zoologiko honetatik.
Ojigi da azken istorioa. Honezkero ezin dut politesiaren errituala bete. Politesia-kortesia-jendetasuna ezinbesteko jitea izan da giza-historian. XXI. mendera iritsita, milurteko baten hatsarrean, aburuak aburu, horratx liburuaren gaineko nire interpretazioa: izadiaren eta gizadiaren sinbiosi dekadentea.
Post Scriptum luzea
Irakurri ahala, istorioak istorio, hona liburuak iradokitako hainbat burutazio:
— Ez naiz fetitxista, ez literatura kontuetan ez bestelakoetan ere.
— La España vaciada edo España vacia. Hustutako Espainia, alegia. Mundua husten ari da, jendeak bidaiatze hustuetan. Bidaia hutsa bihurtu dugu poetaren barne-bidaia.
— Arau idatz gabeak berberak gidatzen du abuztuetako sozializazioa hala urte osoko nola gizaldi guztien sozializazioa.
— Literaturak ez gaitu libratu psikologo baten kontsultatik pasa behar izatetik.
— Amarekiko zilbor-hestea moztea gero eta ekimen berantiarragoa da.
— Ku-ku. Ku-ku. Kukua kantari. Azken mendeko gizakiok kukuaz mintzo gara, kukua sekula santan entzun gabe.
— Literatura modu anitz daude, askotarikoak alafede. Flâneur izateko ere, hamaika modu izan daitezke. Idazle flâneur delakoak modernitatean jalgi bide ziren. Gaur egungo flâneur idazleek —emaztekiak edo gizonkiak izanik ere— behatzen ote dute tarteka beren baitara? Preziatuko nuke.
Nire aburuak batzuetan zioak dituzu eta bestetan penak. Domaiaz, literaturan pena gehiago kausitzen dut ziorik baino. Nork bere jitea. Zook gutxitan eragin dit irribarrea, irriñoren bat doi-doia tarteka-marteka.
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Jon Jimenez
Lurpeko ezkutuan idatziak
Fiodor Dostoievski
Asier Urkiza
Gailur ekaiztsuak
Emily Brontë
Aritz Galarraga
Pleibak
Miren Amuriza
Joxe Aldasoro
Zoo
Goiatz Labandibar
Mikel Asurmendi
Pleibak
Miren Amuriza
Aiora Sampedro
Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña
Mikel Asurmendi
Hetero
Uxue Alberdi
Jon Jimenez
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Aiora Sampedro
...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo
Mikel Asurmendi
Lurrez estali
Ximun Fuchs / Axut! kolektiboa
Irati Majuelo
Pleibak
Miren Amuriza
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Hetero
Uxue Alberdi
Amaia Alvarez Uria
Irakurketaren aldeko manifestua
Irene Vallejo
Nagore Fernandez