kritiken hemeroteka

8.693 kritika

« | »

Fahrenheit 451 / Ray Bradbury (Nagore Tolosa) / Txalaparta, 2010

Literaturak salbatuko gaitu (nola ez) Leire Lopez Ziluaga / Berria, 2010-10-10

Badirudi argitaletxeak euskararako itzulpenen aldeko apustua egiten ari direla azkenaldian. Asteon izan dugu azken adibidearen berri egunkari honetan bertan: Ereinek eta Alberdaniak Batera izeneko bilduma sortu dute elkarrekin, nazioartean onetsitako liburuen itzulpenak argitaratzeko. Orain dela gutxi arte, Literatura Unibertsala bilduma eta Igela argitaletxearen itzulpenak alde batera utzita, ez zegoen erdaraz argitaratutako liburuak euskaraz irakurtzeko aukera handirik. Uda ostean argitaratuko diren itzulpenetako bat da, hain zuzen, Nagore Tolosak itzulitako Fahrenheit 451 nobela, Txalapartak argitaratu berri duena.

Guy Montag suhiltzailea da Ray Bradburyk XX. mendearen erdialdean idatzitako distopiaren protagonista. Montag bizi den toki eta garaian, sua itzali beharrean, liburuak erretzeaz arduratzen dira suhiltzaileak. Izan ere, liburuak debekatuta daude, irakurtzen dituztenei pentsarazi egiten dietelako, eta pentsatzeak zoriontasunetik urruntzen dituelako pertsonak. Denok dakigu azkarra izatea kondena bat dela. Antzematen ez duten bakardadean gustura isolatzen dituen hedonismoan bizi dira liburuko pertsonaiak: ez dute elkarrekin hitz egiten, telebista bizi interaktibo bihurtu diren egongelako hormak begiratzen igarotzen dute denbora, pilulak hartzen dituzte, itsas oskolak jartzen dituzte belarrietan soinu isolatzaileak entzuteko. Jokabide arrotzak, inondik inora. Gauzak aldatuz joango dira Montagek Clarisse gaztearekin eta Faber irakaslearekin topo egin eta liburuen gaineko interesa pizten zaionean.

Bradburyk 1953an idatzi zuen Fahrenheit 451, McCarthy senatariaren eraginpeko garairik gogorrena hastear zenean. Bost urte lehenago 10 zentaboko komikiak erretzen hasi ziren New Yorken, eta beste toki batzuetara zabaldu zen irakasleek, apaizek eta gurasoek bultzatuta. Liburua argitaratu zen urtean, berriz, komunista edo komunisten adiskide omen zirenen liburuak Estatu Batuetako liburutegietatik ateratzeko agindu zuten, eta zenbait tokitan liburu horiek erre zituzten. Telebista ere orduantxe ari zen zabaltzen etxeetara, 1948an berreskuratu baitzen II. Mundu Gerraren ondorioz geldiarazitako ekoizpena. Beraz, sortu zen garaiarekin lotura handia du liburuak, baina ez da zaharkitua geratu, eta gero eta zailagoa egiten da horrelako nobelak zientzia-fikziozkotzat hartzea.

?”Erremediorik gabeko erromantikoa zara?”, esaten dio Faberrek Montagi 125. orrialdean. Eta liburuari buruz horixe bera esan dezakegula pentsatu nuen nik esaldia irakurritakoan. Irakurketaren ikuspegi erromantikoa baitu Fahrenheit 451-k: liburuek pentsatzen laguntzen dute, eta irakurleak kritiko bihurtzen; hortaz, liburuak inprimatzen hastea, eta haiek diotena jendeari ezagutaraztea da herritarren alienazioa bukatzeko modua. Hala ere, eta beste adibide erromantiko bat jartzearren, gainerako adierazpide artistikoak ez daude debekatuta, baina liburuak ez die irakurketari ematen zaion indar eraldatzaile bera ematen.

Erreparo horiek alde batera utzita, liburua oso gustura irakurri dut. Nobela laburra da, betegarririk gabea. Zentsurari, telebistari eta kritikotasunari buruz hausnartzeko bidea ematen duenez, egokia izan daiteke eskoletan irakurtzeko (eta honekin ez dut esan nahi helduek irakurtzeko aproposa ez denik, jakina). Euskararako itzulpenei gaztetatik zaien ezinikusia amaitzen hasiko ginateke agian. Gainera, literatura zein ona den ikasiko dute ikasleek. Eta hobe literatura ona dela literatura onarekin ikastea.

Azken kritikak

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Irati Majuelo

Clevesko Printzesa
Madame de La Fayette

Aritz Galarraga

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Joxe Aldasoro

Akabo
Laura Mintegi

Mikel Asurmendi

Mio marito deitzen zion
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Nagore Fernandez

Barazkijalea
Han Kang

Maialen Sobrino Lopez

Beste urte batez
Samira Azzam

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Ulhaintsaren negarra
Jon Garmendia

Aiora Sampedro

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Irati Majuelo

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Aiora Sampedro

Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Esne berriketan
Uxue Alberdi

Mikel Asurmendi

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

Hedabideak