kritiken hemeroteka

8.693 kritika

« | »

Piknika izotzetan / Andrei Kurkov (Olga Mtz. de Marigorta) / Alberdania, 2009

Pinguinoei buruzko hausnarketa Saioa Ruiz Gonzalez / Argia, 2010-06-20

Andrei Kurkoven Piknika izotzetan irakurtzera bultzatu ninduena ez zen eleberriaren izenburua izan, idazlea bera baizik. Autorearen izenari erreparatzea nahikoa da imajinatzeko Europa ekialdeko mundu urrunetan murgiltzeko aukera izango dugula. Andrei Kurkov, San Petersburgon (lehengo Leningrad) 1961ean jaio zen idazle ukraniartua da, eta errusieraz idazten duen arren, Kiev bilakatu du bere eleberri gehienen tramaren gertaleku.

Garai post-sobietarreko Kiev batean topatzen dugu eleberriko protagonista. Viktor Zolotariov, “kazetaritza eta prosa txikiaren artean gelditutako letra-gizona” (8. orrialdean) dugu. Neskalagunak alde egin zionetik, Misha izeneko pinguino depresibo baten konpainiaz bakardadea arintzen saiatzen da. Baina egun batetik besterako lan eskaintza batek bizitza errotik aldatuko dio. Stolitxnie Vesti egunkariko erredakzio-buruak eskainitakoari baietza eman eta, oraindik bizirik dirauten goi mailako kargudun pertsonen ohar nekrologikoak idazteari ekingo dio. Viktorrentzat literatura hutsa dirudiena, errealitatean, pertsona horien heriotza kudeatzeko plangintza da. Nazioa garbitzea helburu duten operazio kriminalen partaide bilakatu dela ohartzen bada ere “horrek ez zuen eraginik eguneroko haren bizitzan eta lanean” (206. or.). Baina, esaten den bezala, usteak erdia ustel. Egun batean, bere ohar nekrologikoa idazten hasiko den pertsonarik ez baita faltako.

Prozesu horretan, orotariko pertsonaiak gurutzatuko dira Viktorren bizitzan: Sonia izeneko lau urteko neskatxa umezurtz aberatsa, Nina izeneko amorantea, Pipdali, pinguinoetan aditua den agurea, Liosha, ehorzketa serioen zelataria, erredakzio-burua bera, eta abar. Kanpoan egosten hasia den heriotza kateatuen giro lanbrotsu horretan, Viktorren bizitzak nolabaiteko egonkortasuna berreskuratuko du; odolez zikindutako, baina aurrera egiteko baliagarri zaion lansari potoloa, familia baten irudia gogorarazten duen Sonia eta Ninaren presentzia, eta erlazio horien guztien lotura ardatza den Misha pinguinoa, eleberriaren funtsezko elementua.

1991. urtetik aurrera, Sobietar Batasunaren zatiketak eta alderdi komunistaren desagerpenak, kolektiboki bizitzera “ohituta” zegokeen gizarte baten gainbehera ekarri zuen. Programa baten araberako bizi antolatu horren ezabaketak, gizabanakoa noraezean eta bakardadean bizitzera kondenatu zuen. Pinguinoak ere, programa baten arabera, taldeka bizi diren animaliak dira eta, beraz, zer gerta liteke Misha bezalako izaki bat basamortu batean txertatuko bagenu? Idazleak badu horren erantzuna: “Programa eten egiten da”.

Azken kritikak

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Irati Majuelo

Clevesko Printzesa
Madame de La Fayette

Aritz Galarraga

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Joxe Aldasoro

Akabo
Laura Mintegi

Mikel Asurmendi

Mio marito deitzen zion
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Nagore Fernandez

Barazkijalea
Han Kang

Maialen Sobrino Lopez

Beste urte batez
Samira Azzam

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Ulhaintsaren negarra
Jon Garmendia

Aiora Sampedro

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Irati Majuelo

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Aiora Sampedro

Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Esne berriketan
Uxue Alberdi

Mikel Asurmendi

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

Hedabideak