« Beti eder ez dena | Esporen biluztasuna »
Heriotzarako jantzita / Donna Leon (Jesus Mari Lasa) / Erein, 2009
Herio jantzia Karlos del Olmo / eizie.org, 2010-05-03
“Telebista da krimenik handiena, lerdoak sortzen ditu, jendearen ezjakintasuna areagotzen duelako. Eta jakineza dugu arazo politiko eta sozial gehienen sorburu”. Horrelako iritzi biribilak botatzen ditu 1981. urtetik Venezian bizi den idazle iparramerikar bakarzale honek, Donna Leonek (nahiz eta Alemanian Brunetti inspektorearen eleberrietan oinarrituriko telesail bat gauzatu duten, idazlea oso gustura uzteke, bestalde). Eleberri poliziakoen jatorria tragedia grekoak eta Biblia direlakoan dago, eta generoaren egungo loraldia leporatzen dio errealitatean gaizkileak zigorrik gabe geratzen diren arren, idazleari esker literaturan txarrek euren neurriko zapata topatu ahal izateari.
Erdi txantxetan hasi zen erro irlandarrak eta arbaso espainiarrak ei dituen idazle hau eleberriak idazten; lagunarteko giroan adiskide batek jasaten ez zuen lagun bat zelan finitu burugabeki ozen irudikatzen hasi zirenean taldekoak.
Eleberri poliziakoen zale amorratua izanik, dagoeneko generoaren Hall of Fame delakoan dugun Guido Brunetti inspektorearen sortzailea da, ezkongabe dirauen emakume baten gizonezko alter ego esposatua; Donnaren antzera, estereotipotik aldentzen den polizia da: “ez nuen neure denbora alkoholiko zoritxarreko batekin eman gura”. Ez da harritzekoa, genetikaz zoriontsua bide den idazle honek ez omen duelako inorekin aurrez aurre eztabaidatzen, ez delako inoiz indarkeriaren senda bihurretik abiatzen, nahiz eta giza txarkeriaren emaitzarik odoltsuenak letra bidez argitzen dendatzen den.
Venezian anonimatua, ikusezintasuna bilatzen du eta horrexegatik, besteak beste, ez du baimenik ematen bere eleberriak italierara itzultzeko. Eta arrakastaren morrontzek ikara eragiten diotelako. Bere jaioterriko nahiz bizitegiko jokabide politiko batzuekin ez dago batere pozik, eta etengabe halaxe adierazten du elkarrizketa guztietan, baita eleberrietan argi eta garbi azaltzen ere. Hainbat lanbidetan jardun ondoren, egun ia sormenetik bizitzeraino heldu da, hitzaldiak eta unibertsitateko eskolak lagun.
Jesus Mari Lasak euskaratu digun Heriotzarako jantzita 1994. urtekoa da, eta Brunetti inspektorearen sailean hirugarrena dugu; hala, euskara idazle honen lanak itzuli dituen hogeita bosgarren hizkuntza-edo bihurtu da. Leonek dokumentazio eta inspirazio iturri moduan egunkarietako berriak eta lagunekin izaten dituen entretenimenduak darabiltza. Honako honetan, aurpegia ankerki desitxuratuta agertzen den gorriz jantzitako trabesti asasinatu bat izango da abiaburua, eta handik, Italiako finantza, gobernu eta eliz mailarik gorenetara igaroko da, trama erakargarri bat dela bitarte. Brunettik eleberrian Donnarenak berarenak diren balio etiko anglosaxoiak erakutsiko ditu, egilearekin partekatzen duen sukaldaritza eta opera zaletasunarekin batera. Beste ezaugarri bat igartzen da berehala Heriotzarako jantzita honetan: Donna Leon ekologista sutsu-sutsua dela. “Aberatsei ez die batere ardurarik planetarekin zer gertatzen den. Diruaz bestelako irrikarik ez dute”.
Donna Leon ezagunago bihurtu da Millenium trilogiaren egile Larssonen gainean azaldu dituen iritzi ausartengatik, eleberri beltz europarra irauli duen idazle suediarrari buruz 2009an esan zuen-eta lehenengo liburua irakurtzen hasi eta patologikoki gaiztoa iritzita, bertan behera laga zuela, amaitzeke. Bere nobeletan ez bezala, Stiegen liburuetan maitasun harreman guztiak bortxaz beteak edo gizakien arteko berdintasunaren mugetatik harantzagokoak direla gaineratu zuen, unibertso ustel bat agertzen dutela.
Lasaren itzulpenaren gainean esan beharrekoa da oso atsegin irakurtzen dela, genero honetakoei dagokien moduan. Dena dela, argitaratu aurretik azken orrazketa baten beharra duela igartzen da, han-hemen. Jatorrizkoa letra etzanez idatziriko italierazko berbez josita dago, eta euskarazko bertsioan gehienak berdin emanda dauden arren, bat edo beste falta da, baina ez da irakurlearekiko zor lar handia. Baten bati, deskuiduan, harrigarri egingo zaio, hasi bidez, izenburua Heriotzarako jantzia barik, Heriotzarako jantzita eman izana; baina begi bistakoa da, aditu arretatsuago batean, bestela itzulita soinekoaz ari zela uler litekeela, eta ingelesez ez du halakorik adierazten. Eta izenburua honako idazlan honetan munta handikoa da.
Irakurlarioi dagokigu itzulpenari doakionez egia ez bihurtzea Brunettiren esana: “Jendeak gustuko du lagun hurkoaz gaizki pentsatzea; krimena zenbat eta handiago, orduan eta atsegin beteagoa”. Itzultzailearen honako lan hau ez da, inondik inora, krimena. Irakurri gogoz eta ondo pasatu Veneziarako txango honetan; azken buruan, gaizki pentsatzea libre da, gaizki esatea, ordea, ez.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres