« Aldarrikapen poetikoak | Distantziak »
Basamortua / J.M.G. Le Clezio (Luis Berrizbeitia) / Elkar, 2009
Denbora kolonizatzen Bixente Serrano Izko / Berria, 2010-03-14
Historiatik kanpoko kulturetan denborak ez du datarik. Denbora ez doa, zirkuluetan dabil urtaroen, eguzkiaren, haizeen, ekaitzen eta lehorteen arteko joan-etorrietan. Mendebaldeko zibilizazioak asmatu du denboraren datazioa, eta kapitalismoak eraman urrearen parean jartzera. Berdintsu espazioarekin: kultura horietan espazioak ez du mugarik, haien kosmos osoa da, txiki izan ala handia gure ikuspegitik; kolonialismoak eraman du espazioak neurtzera, mugatzera, banatzera, bizileku ez, ustiatze gunetzat baizik jotzera.
Jauzi eta prozesu hori kontatzen digu Le Clezio Nobel saridunaren Basamortua eleberri zoragarriak. Nola bizi izan zen jauzi hori Saharako basamortuan —munduko geografia zehatz batean— XX. mende hasieran —une historiko batean—, baina dimentsio antropologiko eta zibilizaziozko batean: berdin izan zitekeen Asiako hainbat lekutan, Amazonian edo Afrikako ohian batean. Hiru ihesaldi eta hiru jazarpen eta inposizio jartzen dizkigu begi aurrean.
Lehenik, eleberriaren egituran bertan islatu duen dataziorik gabeko denboraren ihesaldia datazioaren inposiziotik; bigarrenik, neurri eta mugarik gabeko espazio eta bizileku baten ihesaldia, ustiatze gunetan sailkapen banatzaileetatik; hirugarrenik, bere historia legenda gisa eta bere bizi-espazioa kosmos gisa bizi dituen herri baten exodoa, agindurik gabeko inongo lurraldeetara, ihes hutsean, inora ere ez, ez bada bere betiko kosmos barnean bizi ahal izaten jarraitzeko modu baten bila. Betiere, hegoaldetik iparraldera —gure gaurko irudipenetako historiatik kanpoko hegoaldetik historia linealeko iparraldera—.
Historikoa da Ma el Ainin pertsonaia, eleberriko hainbat hiri, hilobi, mendi, oasik… kokapen geografikoak dituzten bezala, baina buruzagitzat bezain profeta eta maisutzat du bere herriak, sinboloz eta legendez betetzat dituen bezala basamortuko bazter eta unean uneko tradiziozko egonlekuak. Iheslariak ez dira abiatu, exodo biblikoan legez, ez Egiptoko esklabotzatik, ez aginduriko lurralde batera, ez argi-hodei batek gidaturik: historiaren asmatzaileek ekarritako urrezko denbora-dataziotik eta ustiatze guneetan neurturiko espaziotik abiatu dira, ez jakin nora, beraiek harrotu hautsezko hodeia gehienez ere gidari: “[…] gidari lana egiten zien hauts hodeia”. Herri herratua da eleberriko lehen planoetan gehien agertzen zaiguna, irakurleari ezezagunak (asmaturikoak izanen bailiran) zaizkion bazterretik bazter, eta data erreferentziarik gabeko denbora batean. Soilik amaieran, hirurehun eta hirurogeigarren orrialdetik aitzina datatuko dizkigu egileak gertakariak, denboraren neurtzaile kolonialistak aurkeztu ahala; hauek badakite, jakin, Ma el Aininen akabera denbora kontua dela, “hilabete zenbaitetako afera da, menturaz aste batzuetakoa”.
Bi istorio diakroniko paralelo kontatzen dizkigu: Ma el Ainin eta jarraitzaileen exodoarena basamortuan zehar, eta kosmos hura kolonizatu osteko Lalla neskarena, biak kronologiarik gabeak, biak hegoaldetik iparraldera. Ma el Aininena desertuko mugan, iparreko bihurtu Marokon bukatzen da, eta azken jarraitzaileak hegoaldera itzuli; Lalla Frantziara joanen da, non, zorte ona izan arren, muzin eginen dion iparrari eta basamortura bueltatu, bere umeaz (etorkizuna) erditzera. Indar poetiko paregabeko estilo geldoan kontatua, tragikoa, baina esperantzara irekia.
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi