« Balizko negoziazioa | Oroimenaz »
Izatearen arintasun jasanezina / Milan Kundera (Karlos Cid) / Alberdania-Elkar, 2009
Txundidura Bixente Serrano Izko / Berria, 2009-09-13
Narraziogile orojakilearen gutxiespen halako bat modan dagoeneko aroan, argi izan du Milan Kunderak eleberrigile guztiak orojakile direla: “Ergela litzateke irakurleari sinestarazten saiatzea bere pertsonaiak benetan bizi izan zirela. Ez ziren amaren gorputzetik jaio”, “metafora batetik” baizik. Hots, bertzelako plantak eginik ere, nola ez da orojakile izanen narraziogile bat?
Horixe dugu Milan Kunderaren eleberri hau. Filosofikoa, gainera, baina inolaz ere ez tesi-nobelarik. Mundu ikuskera filosofiko bat du egileak, hain argia non dudapean txunditurik bizitzera eta galderez beteriko narrazioa egitera kondenatu zuen bere burua. Mundu ikuskera bat, bai, baina, nolabait, “ezer ez dakidala baizik ez dakit” ondorioztatzeko modukoa. Egile orojakilearen plantak eginez behin eta berriz nabarmentzen du bere burua, honetaz edo hartaz galdezka, bere pertsonaien barnean sartuz, bere hipotesiak arakatuz, hainbat filosofori eta mitori irakurketa berriak eginez.
Maitasuna ala “adiskidantza erotikoa”, leialtasuna ala traizioa, printzipioei eusteko etika ala axolagabetasuna, norbanakoaren erantzukizuna ala errugabetasuna, arima ala gorputza, izatearen astuntasuna ala arintasuna, Ediporen mitoa, Paradisuarena, sinesmen guztien estetika kitsch-aren indarra…, hainbat eta hainbat gai sakon jorratzen du Kunderak, bai pasarte narratiboetan, bai haietan txertaturiko gogoetetan. Eta beti horrelako dualtasun baten jokoaren barnean.
Joko horretan, betiereko itzuleraren ideiari irakurketa berezia egiten dio, pertsonaien bizipenak argitzerakoan ez ezik, eleberriaren egitura eta garapena antolatzerakoan ere. Irakurketa berezia, bai horixe: “Per negationem“, berak dioen bezala; hau da, Nietzschek berraurkitu zuen betiereko itzuleraren mitoak, zerbait erratekotan, “behin betiko desagertu eta itzultzen ez den bizitza itzalaren antzekoa dela” dio, “pisu gabea, aurretiaz hila; eta baldin eta lazgarria, ederra edo gorena izan bada, laztasun, gorentasun edo edertasun horiek ez dute ezer esan nahi”.
Beldur naiz honaino jarraitu didan irakurle bat baino gehiago izuturik ez ote den izanen eleberri astun eta ulergaitz baten aurrean gaudelakoan. Bada, inolaz ere ez. Eleberri irakurterraza, erritmo ongi neurtu eta arinekoa da (izatearen arintasun jasanezina, hain zuzen, haren sakontasunera eraman gaitzakeen arintasun guztiz jasangarri batekin garatua); gainera, ongi ere ongi islatu ditu Karlos Cid euskaratzaileak haren dohain narratibo eta estilistikoak.
Egitura landua du eleberriak, performance-edo eran, betiereko itzuleraren kiribilez osaturik. Funtsezko gertaera guztiek halako kiribilak egiten dituzte: bi aldiz eramaten du egileak irakurlea egoera berberera, baina protagonista desberdinen begietatik bizi izanda. Egileak giza izatearen berezko zama eta nahitaezko arintasunaren artean mugitzen ditu protagonistak, 1968ko Txekoslovakiako errusiar inbasioaren gauzapen eta ondorioetako ehunean brodatuak; pisutasunaren aurkako hegalaldi arinetan saiatzen dira pertsonaiak, nahiz eta jasanezina izan arintasun hori, nahiz eta astuntasunak, patu halako batek, tiraka eraman azkenik beherantz.
Eta bereziki bitxia amaierako kiribila, harridura sortu diona hainbat irakurleri: amaitu baino askoz lehenagotik utzi du esplizitu egileak Tomas eta Teresari eman dien irtenbidea, baina eleberriaren itxiera irekiak (balio dezan oximoronak), itxi gabeko kiribilak, ezbaian uzten gaitu. Bere mundu ikuskera filosofikoaren aurrean Kundera bera bezain txunditurik.
Izena eta izana
Jon Gerediaga
Asier Urkiza
Amok
Stefan Zweig
Nagore Fernandez
Auzo madarikatua
Felix Urabayen
Jon Jimenez
Lur jota Parisen eta Londresen
George Orwell
Amaia Alvarez Uria
Olatuak sutzen direnean
Haritz Larrañaga
Joxe Aldasoro
Bisita
Mikel Pagadi
Mikel Asurmendi
Lur jota Parisen eta Londresen
George Orwell
Asier Urkiza
Eresia
Goiatz Labandibar
Nagore Fernandez
Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu
Paloma Rodriguez-Miñambres
Borrero txiki bat
Xabier Mendiguren
Mikel Asurmendi
Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain
Jon Jimenez
Txori Gorri. Andre siux baten idazlanak
Zitkala-Sa
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Profilak (Mugetan barrena)
Amaia Iturbide
Paloma Rodriguez-Miñambres
Paradisuaren kanpoko aldeak
Bernardo Atxaga
Mikel Asurmendi