kritiken hemeroteka

8.808 kritika

« | »

Malenkonia arabiar bat / Abdela Taia (Patxi Zubizarreta) / Alberdania, 2009

Nitasunetik Mikel Ayerbe / Berria, 2009-09-06

Duela bi urte argitaratu zen Abdela Taia idazle marokoarraren Salbazioko armada liburuaren ostean, Malenkonia arabiar bat nobela laburra kaleratu berri da. Oraingoan ere Patxi Zubizarreta arduratu da itzulpenaz. Bi liburuen artean bada antzekotasunik: besteak beste, Abdela Taia bera izatea protagonista; kontaera intimistaren aldeko hautua; sexuak eta bestelako harreman afektiboek duten garrantzia, eta, kasu honetan, homosexualitatearen inguruko bizipenek eta gogoetek liburuan duten lekua…

Izan ere, Malenkonia arabiar bat honetan gazte homosexual marokoar baten bizipenak narratzen dira, betiere Abdela protagonistaren (eta idazlearen, edo alderantziz) gogara eta nahiera kontatu ere. Hamabi urte inguru zituenean jasan zuen bortxaketaren inguruko gertaeretatik abiatzen da, eta ondoren izandako elektrokuzio istripuarekin jarraitzen, non heriotzaren amildegian erortzear egon baitzen. Baina abailan-abailan edo lasterka, Abdelak aurrera egitea lortuko du, behin eta berriro erortzeko. Eta erorketa bakoitzaren inguruan, gizonezkoak, maitaleak edo lagunak, zein lagunak eta maitaleak, Xouaib edo Ali, Javier, Karim eta Karabino, Slimane…

Identitateak eta norberaren nortasuna eraiki eta babestu beharrak ere garrantzia du Abdelaren kontakizunean, eta hortik idazlearen autofikziorako joera (ez alferrik, bere lanetan behin eta berriz errepikatua). Errealitatearen eta fikzioaren arteko lerro horretan mugitzen baita etengabe Taia, kontatutakoaren eta bizitakoaren artean mugak lausotuz. Eta nonbait, autofizkioaren inguruko Manuel Albercaren laneko hitzak halamoduz hona ekarriz, “autofikziozko lanetan ezin da inoiz jakin zer den autobiografikoa eta zer fikzio hutsa, eta benetakoaren edo balizkoaren arteko gatazka horretan, protagonista-idazlearen kontaerak bestelako balio bat hartzen du irakurlearentzat”. Horrela, Taiak autofikzioaren bidez bere testigantza, bizipen eta aitortzak txertatzen ditu asmatutako edo mozorrotutako kontakizunean, behin eta berriz bere biografia fikzioa egiteko lehengai gisa hartuz.

Horregatik, agian, kontamoldearen kutsu intimistaren aldeko hautua ere. Nitasunetik abiatuz, kontraesanez betea, duda-mudez gainezka edo adierazpen abstraktuen zein sinbolikoen bidez, protagonistaren barne mundua azaleratzen baita orriotan, eguneroko bat balitz bezala. Hain zuzen, liburuko azken atalean eguneroko baten zatiak eta gutunak agertzea ez da kasualitatea. Izan ere, Malenkonia arabiar bat oroitzapen jakin batzuen kontaketara mugatzen den neurrian, liburuko pasarte guztiak oso fragmentarioak dira, eta atal nagusiek elkarren artean lotura narratibo gutxi dituzte, ez bada gertaeraz gertaera protagonistaren bilakaeraren berri ematea.

Dena den, irakurle gisa helduleku gutxi aurkitu dizkiot kontakizunari. Idazketaren estilo telegrafiko eta zuzena, esaldiak erlojuaren tik-tak-tik-tak gisa eratuz, erakargarri iruditu arren, nobelaren egitura orokorrak nahiko hotz utzi bainau. Ziurrenik, kontakizunean garapen narratibo argirik ere ez dudalako sumatu. Bizipen zehatz batzuetan oinarrituriko narrazio poetikoa izanik ere, nobela labur gisa testigantza intimoen pilaketara mugatzen den egitura gailentzen delako. Beharbada, zerikusia izango du duela bi urte kaleratutako Salbazioko armada liburuaren ostean, beste mota bateko narrazio moldea aurkitu nahi izan duelako irakurle honek. Eta oso estilo finkatuko idazleekin maiz gertatzen den bezala, lehendabizi irakurtzen den liburuak irakurlea ezustean harrapatzen duen bezala, sarritan ondorengo lanek ez dutelako izaten aurrenekoaren eragin berbera.

Azken kritikak

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak