kritiken hemeroteka

8.749 kritika

« | »

Izatearen arintasun jasanezina / Milan Kundera (Karlos Cid) / Alberdania-Elkar, 2009

Tristezia forma, zoriontasuna edukia Karlos Del Olmo / eizie.org, 2009-09-08

Izatea, bizialdia, bi amildegiren artean luzatzen da: bateko, fanatismoa dugu, besteko, erabateko eszeptizismoa. Milan Kunderaren bi obsesio horien artean dabil Karlos Cid Abasolok euskaraturiko Izatearen arintasun jasanezina saio itxurako eleberri, eleberri itxurako saio hau ere. Lan honetan, idatzi dituen gainerako guztietan bezalaxe, umoreak badu eginkizun berezi bat, ez baita alferrekoa idazleak estalinismoaren garaian irribarrea edo barrea bera erabiltzea estalinista ez zen jendea ezagutzeko baliakizun moduan: irribarre egiten zuen pertsona ez zen estalinista. Munduak umore sena edo joera galtzea, horra idazlearen beste gai obsesibo (eta beldur sekretu) horietako bat: ez daukanak ongi ohi daki edukitzea zein den ona, eta berdin dio, azken batean, ez edukitze hori zeri dagokion: askatasunari, umoreari, arrakastari, laguntasunari, maitasunari, osasunari…

Eleberri honek, dena dela, saioaren iturburu agortezinetik edaten duen arren, ez du ezer zabal eta argiro baiesten: galderak bilatu eta planteatu egiten ditu. Idazleak istorioak asmatzen ditu —ala benetako Historiaren baitan txertatzen edo handik ateratzen—, eta horren bitartez itaun egiten du, etengabe. Milan Kundera ez da ergela eta ez du uste, askok legez, galdera guztien erantzuna duenik. Eleberriaren jakinduria, dena dela, gauza guztietarako galdera bat izatean datza. Eleberrigileak irakurleari mundua galdera moduan onartzen irakasten dio, eta hartu-eman horretan jakinduria ez eze, tolerantzia ere bada. Nobela egia santu eta finkoen gainean eraikitzen bada, hilik egongo da. Mundu totalitarioa (bakoitzak jar diezaion bere erreferentzia) itaunez barik, erantzunez ehunduriko mundua da: horrelako mundu batean eleberriak ezin du egoitzarik antolatu. Kunderaren iritziz, gaur egun munduan jendeak ulertu baino gehiago, gurago izaten du epaitu, itaun egin beharrean, erantzun. Eta gizakion sasi-sinesmen zarata ergel horretan, literaturaren ahotsa ia ezin da entzun.

Ardura barik esan liteke Izatearen arintasun jasanezina (1984) Milan Kundera (1929) idazle eta intelektual txekiar ospetsuaren lanen gailurtzat jo daitekeela. Errusiarrek herria inbaditu zietenean txekiar askok bizi behar izan zuten dramaren eleberria da, eta ia ezari-ezarian, amodiozko eta giza harremanezko eszenen bitartez, ezein saiok bezain ondo erakusten du komunismo estalinistak indarrez txekiarren bizimodua aldarazteko entseguak nolako eragina izan zuen bai bizitza publikoan bai bizitza pribatuan. Guztia, jakina, hezurdura intelektual eta filosofiko sendo baten bitartez, baina fikzioaren arintasuna inondik inora gandutzeke.

Gai nagusia, izenburuak dioen moduan, izatearen arintasun jasangaitza da, XX. mendeko existentzialismoari estu loturiko gai bat. Baina gehiago ere badu, eta hain zuzen ere, eduki politiko, kultural eta existentziako horien nahasketak bultzatu zuen Philip Kaufman zuzendaria 1987an eleberria film bihurtzera. Egokitzapenak idazlea guztiz ez asetzearen ondorioz, ez du berriro baimenik eman bere beste lanik zinemaratzeko.

Narrazioaren ardatza izatezko zalantzek inguraturik bizi den bikote bat da, hainbat gorabeheren artean, euren maitasun harremanean arintasun, mehetasun halako bat sortzen dela ikusten duten gizon bat eta emakume bat. Baina bada aurrekoarekin halako kontraste moduko bat eragiten duen beste bikote bat: protagonistaren amorante den emakumeak beste gizon batekin eraturikoa. Eta bi gizonon jarrera erabat ezberdina izango da maitasunari dagokionez: baten errealismoa bestearen idealismoaren ifrentzua da.

Idazketa denbora maisuki menperatuta, bi maitasun (edo maitasunik ezezko) istorio horietan zeloak, fideltasuna, larridura, luxuria, asperdura, traizioa eta hainbat giza miseria eta sentipen bikain nahasten dira, Kunderak sen eta trebezia literario bikainez islatzen dituela irakurlea katarsi moduko bateraino eroan arte, pertsonaiekin bat eginik sentitzeraino, Txekiako Errepublikak 1968an bizi izan zuenaren gaineko kritika politiko eta kulturala ahaztu barik. Eta horien guztion gainetik, Nietzscheren kontzeptu bat: itzulera eternala, alegia, noizbait bizi izandakoa behin eta berriro bizi beharra.

Kunderaren beste lan ere badu itzulita Karlos Cid Abasolok, Amodio barregarriak, eta honako hau ez da Literatura Unibertsala bilduman plazaratzen duen aurrenekoa, horra hor Xveik soldadu onaren menturak. Oso itzulpen irakurterraza eta txukuna paratu du, ia didaktikoa dela esan ahal izaterainokoa, lanaren bikaintasunari ezer kentzen ez dioten zenbait apurreria gorabehera.

Liburuak oso itaun hil edo bizikoa egiten digu: “Hobe da oihukatzea eta horrela nork bere akabua azkartzea? Edo isildu eta heriotza mantsoago bat lortzea?”. Kunderak galdera horren eta beste askoren erantzun modura hauxe dio: “Unibertso bakarra dut: eleberria”.

Azken kritikak

Bihotzean napalma
Pol Guasch

Irati Majuelo

Izatearen arintasun jasanezina
Milan Kundera

Aritz Galarraga

Espekulazioak
Arrate Egaña

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Asier Urkiza

Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa

Nagore Fernandez

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Maialen Sobrino Lopez

Ni, laiko
Markos Zapiain

Mikel Asurmendi

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark

Irati Majuelo

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Joxe Aldasoro

Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak