« Alfa eta omega | Liburua habitatzen »
Alferrikaldua / Thomas Bernhard (Ibon Uribarri) / Alberdania-Elkar, 2009
Bernhard bariazioak Karlos Del Olmo / eizie.org, 2009-07-16
Thomas Bernhard (1931-1989) letren errepublikaren menpeko nazioarte zabalean XX. mendeko idazle handien artean handienetako batzat dute. Umezaroa ia osorik eman zuen amaldeko aitita-amamekin, oso gazte zela haiengana bidali zutenez gero (ez zuen aita ezagutu). Haren prosa ikonoklasta eta errepikakorrak berdin bereganatu zituen miresle sutsuak eta kritika sutuak. Ez zuen elkarrizketatzerik onartu ohi, eta hil baino hiru urte arinago onarturiko autu horietako batean adierazi zuenez, beste idazle askori ez bezala, hari bost axola zion bere liburuen patuak. Izan ere, ardurarik handiena berberaren zoria, adua zuen, eta ez liburuena. Thomasek Alferrikaldua euskaratu dion Ibon Uribarri itzultzailea ezagutu ez bazuen ere, euskal itzulpenarekin ere erlazionaturik dagoen beste esakune biribil bat bota zuen ziplo: haren liburuen itzulpenek bost piper axola ziotela, itzulia beste liburu bat delako. Zioenez, itzulitakoak ez du ezelako zerikusirik jatorrizkoarekin. Liburu itzulia itzultzailearena da, ez egilearena. Berak alemanez idazten zuela eta bere liburuen itzulpenak jasotzen zituenean, gehienik ere, azaleko irudiek miresmena sor ziezaioketela, besterik ez. Idazlan itzuliek ez dutelako idazlariaren lanarekin inongo zerikusirik, izenburu harrigarriro ezberdina salbu. Itzulpenari ezinezko zeritzon. Esku artean dugun eleberrian landu zuen gai nagusietako bat ekarri zuen berbabidera itzulpenaren ezintasuna azaltzeko: musika pieza bat berdin jotzen da mundu zabalean zehar nota idatziak erabilita, baina bere liburu bat beti jo beharko da alemanez, egilearen beraren orkestrarekin.
Antzerkia ere idatzi zuen, eta antzezlanei gagozkiela ere iritzi berekoa genuen: Der Weltverbesserer (Mundu-konpontzailea) lana antzezle jakin batek hiri jakin batean antzezteko idatzi zuen, egileak antzezlaguna ezagutzen zuelako eta, haren ustetan, beste inork ezin zuelako rola egokiro jokatu. Beste herriren batean bestelako antzezle batek antzeztuz geroz, ezer ez zen berdina izango. Gauza bat eginda arazoak besterik sortuko ez bada, hobe ez egitea, horixe uste zuen.
Ospearen alorrean, itzal handiagoa lortu zuen Austriatik kanpo barruan baino: “Austrian musika eta antzerkia besterik ez dute maite. Enparauak hutsaren hurrengo dira austriarrentzat”. Halere, berak eta bere pertsonaia batzuek ezer ez zitzaiela axola aldarrikatu arren —axolagabezia unibertsal moduko bat—, letrek ardura zioten, inoiz ez ziolako idazteari utzi. Bere burua piano-jotzaile baten antzera ikusten zuen: zer edo zer ondo egin nahi izanez gero, astiro joan beharra dago. Hasieran, saiatu hiru notarekin. Gero, hogeirekin. Atzenik, den-denak ezagutzeraino helduta, gainerako bizialdia ikasitakoa etengabe bikaintzen eman beharra izango da. Sortzailea (itzultzailea ere?) horretarako biziko da. Halaxe jokatzen zuen Thomas Bernhardek hitzekin. Hori bezain erraza eta… halako zaila! Artearen erakarpena, muina, aukeraturiko instrumentuan geroago eta hobeago izaten saiatzean datza. Alferrikaldua idazlanak ere horretaz berba egiten du: onena izateaz eta onena ez zarela konturatzearen ondorioz amore eman beharraz.
Itzulpenari dagokionez, irakurleak, Euskaltzaindiak onartzen ez omen duen izenburu batez gain, han-hemenka puntuazio, hitz elkartu eta komunztadura harrigarriren bat edo beste topatuko du, baina horrek ez dio alerik kenduko berez zail den testu bat irakurleengana hurbiltzeko Ibon Uribarrik egindako saio eskerga honi. Dena dela, ai itzultzaile guztiok itzultzea balute, Bernhardek bere lan itzulien gainean adierazitako axolagabekeria lagun, Ibonek bezain nasai eta estutasunik gabe!
Hildakoan ere berezi-berezia izaten jarraitzea lortu du, debekaturik utzi bazuen bere antzezlanak ostera ere antzeztea. Egile honi dagokionez, irakurleoi beti geratuko zaigu zalantza handi bat: ea idazleak adierazi nahi izan zuen guztia benetan harrapatzerik lortu dugun. Eta horretan ez zaigu batere lagungarri gertatuko Thomas Bernharden esana: “Ergeltasuna ezin da osatu. Bueltarik ez duen gertaera dugu”. Eskerrak beste nonbait ere adierazi zuela “jendeak hamarkada joan hamarkada etorri ugari bota ditzake ergelkeriak, baita nik ere”.
Izen baten promesa
Hedoi Etxarte
Joxe Aldasoro
Zahartzaroaren maparen bila
Arantxa Urretabizkaia
Aiora Sampedro
Aizkorak eta gutunak
Edorta Jimenez
Mikel Asurmendi
Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Maialen Sobrino Lopez
Ahanzturaren aingerua
Maja Haderlap
Asier Urkiza
Espekulazioak
Arrate Egaña
Nagore Fernandez
Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez
Txani Rodríguez
Azken batean
Lourdes Oñederra
Mikel Asurmendi
Auzokinak
Gorka Erostarbe
Maddi Galdos Areta
Esker onak
Delphine De Vigan
Irati Majuelo
Meditazioneak gei premiatsuen gainean...
Martin Duhalde
Gorka Bereziartua Mitxelena
Urte urdin ihesak
Jesus Mari Olaizola "Txiliku"
Hasier Rekondo
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Maialen Sobrino Lopez