kritiken hemeroteka

8.475 kritika

« | »

Egun bat nire bizitzan / Bobby Sands (Mitxel Sarasketa) / Txalaparta, 1991

Egun bat Bobby Sandsen infernuan Fernando Rey / Diario de Noticias, 2006-09-14

Jende gutxik lotzen du Bobby Sandsen izena literaturarekin. Niri, adibidez, izena adituta, oroitzapenek 22 urteko saltoa egiten didate atzera, eta Txantreako kale jakin batean goiz batez agertu zen pintada bat etortzen zait gogora: Bobby Sands muerto en huelga de hambre.

Bobby Sands, gehienbat, bere borrokagatik izan da eta da famatua. Oso gazterik IRAn sartu eta 18 urte zituenerako atxilotu, torturatu eta kartzela-zigorra bete behar izan zuen Long Keshen. H-Blokeetan manten borroka ospetsuan sartu eta, harrezkeroztik, presoen buru bihurtuta, Sinn Féinek hautagaien zerrendaburu jarri, hauteskundeak irabazi eta kartzelan ukatzen zioten estatus politikoa lortu zuen. Baina, batez ere, 1981ean preso politikoen estatus politikoaren defentsan eta britainiarren errepresioa salatzeko hasitako gose-greba azkeneraino eramateko erabakia hartu zuelako famatu zen Bobby. 66 egun gose-greban pasatu eta gero hil zen, 27 urte besterik ez zuela, eta zirrara eragin zuen bai Irlandan eta bai Britainia Handian eta handik kanpo ere, modu berezian Euskal Herrian. Bobbyren ondoren beste preso batzuek hartu zioten lekukoa heriotzarainoko gose-greban, 10eko zerrenda osatu arte.

Bobbyk gustukoa zuen poesia eta poemak idazten zituen, baina Egun bat nire bizitzan du obra nabarmenena. Liburuan Bobbyren kartzelaldiko egun oso bat kontatzen digu. H-Blokeetako manten borrokan buru-belarri sartuta zegoenekoa, brit-ek preso errepublikanoei jasanarazten zizkieten sufrimenduaren eta torturen berri ematen diguna.

Liburua zirraragarria da, baina edukia bezain zirraragarria da kasik liburua idazteko nola moldatu zen jakitea: bere kontakizun sentimenduz betea komuneko paperean idatzi baitzuen, ipurtzuloan gordetako boligrafo batekin.

Bobby ez zen idazlea, baina hitza abileziaz erabili zuen errepresioa salatzeko eta duintasunaren defentsan.

Infernurik baldin badu bizitzak —eta bistan da badituela—, kartzela da horietako bat. Bi errealitate gordin erakusten dizkigu liburuak: bata, maitasunak eta elkartasunak baizik ez diotela zentzurik ematen sufrimenduari, egoera beltzenari; bestea, gizakia gauza dela, muturrera eramana, izugarrikeria lazgarrienak egiteko, baina baita heroitasun eta elkartasun ekintza miresgarrienak egiteko ere. Gerra da muturreko egoera horietako bat, eta gizakiak, gizaki bada, duintasuna zor dio etsaiari ere, baita etsaietan etsaiena denari ere.

Ez dakit Bobby Sandsek nolako asmoa zuen idatzi zuenean kontakizun hau: borrokaren defentsa edo testigantza. Nik, gehienbat, pertsona baten bizitza hunkigarri eta zirraragarria ikusten dut. Pertsona baita, infernu beltzenean ere, duintasunaren tenplua.

Egun bat nire bizitzan berrargitalpena da. 1991ean argitaratu zen Mitxel Sarasketa euskal presoak egindako itzulpen hau. Orain, 15 urte pasatuta, edizio berritua kaleratu du Txalapartak. Hamabost urte joan dira eta ukitu dexente behar izan ditu liburuak. Gutxi dira ukiturik ez duten esaldiak, euskararen bilakaeraren adierazgarri. Izan ere, euskararen munduan denbora hori, 15 urte ez, baizik askoz ere gehiago direla ematen baitu. 1991. urtea, euskararen corpusaz ari garela, iragana dela esan dezakegu.

Bobby Sandsen kontakizunaren oinarrian dagoen sufrimendua ere, partez, iragana da, iragan hurbila baina iragana azken batean. Berdin nahi genuke gehienok Euskal Herriarentzat ere. Hemen, hurbiletik ezagutu ditugun tortura mota guztiak, giza eskubideen urratze guztiak, infernu guztiak, iragan bihur daitezela.

Azken kritikak

Zero
Aitor Zuberogoitia

Amaia Alvarez Uria

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Aiora Sampedro

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Mikel Asurmendi

Egurats zabaletako izendaezinak
Rakel Pardo Perez

Jon Jimenez

Antropozenoren nostalgia
Patxi Iturregi

Asier Urkiza

Barrengaizto
Beatrice Salvioni

Nagore Fernandez

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Aiora Sampedro

Berbelitzen hiztegia
Anjel Lertxundi

Mikel Asurmendi

Haize beltza
Amaiur Epher

Jon Jimenez

Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola

Asier Urkiza

Girgileria
Juana Dolores

Nagore Fernandez

Berlin Alerxanderplatz
Alfred Döblin

Aritz Galarraga

Teatro-lanak
Rosvita

Amaia Alvarez Uria

Artxiboa

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

Hedabideak