« Donostiako Sotero | Zure arimaren truke »
Sei istorio / Somerset Maugham (Xabier Olarra) / Igela, 2008
Jokamolde gizatiarren erretratuak Inma Errea / Diario de Noticias, 2009-05-14
William Somerset Maugham idazle aski ospetsua da, baina haren obra eta bizitza ez dira agian hain ezagunak gaur egun. Sei istorio hau irakurtzen hasi nintzenean, ohartu nintzen ezer gutxi nekiela Somerset Maughamez, nahiz hari buruzko nolabaiteko interes lauso eta zehazgabea nuen. Irakurketak jakin-mina piztu zuen niregan.
William Somerset Maugham nor zen eta zer egin zuen jakin nahian, hainbat datu eskuratu nituen. Kasu baterako, 91 urte bizi izan zela, 1874tik 1965era, eta britainiarra zela, baina oso britainiar bitxia, Parisen jaio eta Nizan hil baitzen. Jakin izan nuen, baita ere, obra-kopuru itzela idatzi zuela, 1915ean bere lehen nobela argitaratu zuenetik, eta genero ugari jorratu zuela, hala nola eleberrigintza, antzerkia, artikulugintza, bidaia-liburuak eta ipuingintza. 120 ipuinetik gora idatzi zituen, 10 bat ipuin-sortatan argitaratuak. Asko bidaiatu zuen, eta bere bidaien oihartzuna iritsiko zaigu liburu hau osatzeko Xabier Olarrak aukeratu eta euskarara ekarri dituen sei istorioetan.
Kontakizun hauek XX. mendeko 20 eta 30eko hamarraldietan idatzi zituen Somerset Maughamek. Guztiak Ingalaterratik kanpo girotuak dira, besteak beste, Chicagon, Tahitin, Ozeano Barearen hegoaldeko irletan, Grezian, Malaysian eta Italian, baina guztietan protagonistak anglosaxoiak dira, dela kolonizatzaile ingelesak edo estatubatuarrak dela Bretainia Handitik europar kontinentera aldatutako bidaiariak.
Istorio hauek, bestalde, badute beste hainbat ezaugarri komun. Horietako bat da pertsonaien eta lekuen deskribapen fisiko zehatzak. Pertsonaien kasuan, deskribapen horien bidez zedarritzen ditu maiz egileak haien profil psikologikoak, nortasuna eta jarrerak.
Istorioei darien sentsualitatea da beste ezaugarri bat. Idazleak zehaztapen handiz margotzen ditu pertsonaien grinak, zirrarak eta sentipenak —batik bat, amodiozko harremanei dagokien orotan—, eta, bestalde, bada ipuin hauetan halako mira bat naturarekiko, eta batez ere, paisaia eta paraje exotiko edota basatiekiko.
Horren aldean, melodramatik ezer gutxi topatuko dute irakurleek kontakizunetan. Gertaera latzenak kontatzerakoan ere, tragikotasunak ez du lekurik Somerset Maughamen lanotan.
Idazleak zenbait balio kontrajartzen ditu kontakizunetan: zoriona eta handinahia, tolerantzia eta zorrozkeria, edota itxurak gordetzea eta modu libreago batez bizitzea.
Somerset Maughamek arrakasta handia lortu zuen irakurleen eta salmenten aldetik, baina bere garaiko kritikariek gogor juzkatu zuten. Idazleak berak bigarren mailako idazletzat jo zuen bere burua inoiz, metafora poetikoa baliatzeko trebezia eskasa zuelakoan-edo. Izan ere, idazlearen estiloaren ezaugarri nagusia prosaren soila da.
Azkenik, Maughamen istorioek iragan hurbileko garai eta gizarte-mota jakin batzuk islatzen dituzte, ñabardura askorekin islatu ere, eta horrek, egungo ikuspegitik, beste koska interesgarri bat eransten die.
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez