kritiken hemeroteka

8.546 kritika

« | »

Bikarioetxeko hilketa / Agatha Christie (Itziar Diez de Ultzurrun) / Igela, 2008

Hiltzea artea denean Karlos Del Olmo / eizie.org, 2009-03-31

Jendeak uste izaten du misteriozko eleberriak idaztea gauza erraza dela, halako literaturak ez daukala misterio handirik. Ezta, zertan esanik ez, itzultzeko orduan ere. Oker handiak biak ala biak. Halako iritzia duenak, dena dela, nahikoa du bere kabuz bat idazten hastea ikusteko horrelako letrazko amaraunak ez direla hain erraz ehuntzen. Edo itzultzen ekitea bertatik konturatzeko Agatha Christieren eleberrietan ezer ez dela doakoa edo betegarria, erritmoa oso neurtua dela, itxuraz erraza den prosa horrek badituela barne indar eta kohesio handiak. Literatura poliziakoa idazle handi-handi askok jorraturiko alorra izatea, bestalde, ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.

Horrelako eleberrietan idazlariak aurretik trama osoa, gertakarien kate guztia ondo pentsatuta izan behar du. Krimena —ezinbesteko osagaia baita— bi aldetatik landuta izan behar du: bateko, gaizkileak krimena egosteko erabilitako ildoaren ikuspegitik; besteko, ikerleak emandako pausuen alderditik.

Idazleak egi zatiak, gertaerazko papurrak utzi behar ditu irakurlearen begi zorrotzak ikus ditzan, baina ez errazegi. Halere, inoiz ez du egia osorik emango. Oreka gaitza du helburu: ezin du irakurlea tontotzat jo, ez gauzak errazegi eman eta asperdura sortzearen ondorioz, ezta langa goregi jarri eta mintzakidea etsimenera eroanda ere.

Misterio edo polizi eleberriaren muina misterio jakin bat da. Ezkutuko jazoera hura tramako pertsonaia batek besterik ez du ezagutzen. Eleberrian, beraz, haria, drama grekoetan bezala, onaren eta gaitzaren arteko borroka eternalaren beste alderdi bat besterik ez da: azkenean, klimaxaren unean dena argituko da, idazle onberaren eta irakurle justizi zalearen arteko lankidetzari esker. Hau da, atzenean, onaren indarrak argi egiten du, beti.

Christiek formula eta arau jakin batzuk darabiltza, neurtitz klasikoen antzera egiten ditu eleberriak, ofizioz. Baina ofizio hutsak, misterio biluzgorriek ezin dute, bestelako barik, Agatha andrearen eleberrien itzelezko arrakasta azaldu. Zergatik eskuratzen dute egun ere halako arrakasta itzela idazle zenduaren eleberriek, batzuetan trikimailuak, ebazpide badaezpadakoak halako agerian gertatu arren? Zergatik interesatzen zaizkie egungo irakurleei ia mende bete arinagoko Ingalaterra klixetu batean giroturiko misteriozko eleberriak? Zer dela-eta izan da Shakespeare bera baino leituago (eta salduago, jakina) Agatha Christie? Horra hor literatura popularraren misterioa. Egile ingelesa ez da literatur kanonetan agertzen, Borges edo Bioy Casaresen antzera. Baina beste hainbat generotako idazlerik irakurrienak ere ez dituzte aipatzen, unibertsitatearen eta gizartearen arteko leizea gero eta sakonagoa delako literaturari gagozkiola.

Eleberri honetan aurreneko biderrez agertzen da idazkearen alter egoa izan daitekeen Miss Marple neskazahar detektibe sudurluzea. Pertsonaia hau, atipikoa, idazlearen aurkikuntza nagusietako bat izan zen: Ingalaterrako pertsonaiarik eta bizimodurik ohikoenen bidez, garaiko kronika sozial gordin samarra aurkeztu zuen itxuraz guztiz errugabe eta hutsaren hurrengo zen andre edadetuaren bitartez. Eleberriko narratzailea, dena dela, bikarioa bera da, eta horrek oina ematen dio idazleari Miss Marpleren erretratu zorrotza bezain ongura emateko. Urte askoren buruan, idazleak berak gaztetan idatzitakoaren bekatu formal batzuk zituen eleberriaren zenbait alderdi kritikatu zituen, baita alde onak ere nabarmendu ere: trama sendoa, lapurreta, adulterioa eta… asasinatua, jakina. Amaiera, ustekabekoa eta durduzagarri samarra, gauzak eskatzen duen moduan.

Detektibe eleberri onetan legez, itzultzaileak ere lorratz txikiak utzi ohi ditu, arrasto ia ikusezinak, nahitakoak batzuk, bestela baitakoak besteak, usna dabilen irakurlearen lupak topa ditzan. Eta halaxe jokatu du Itziar Diez de Ultzurrunek hain atsegin irakurtzen den itzulpen honetan. Itzultzailearen nortasunak egileari gaina hartu barik, baina guztiz ikusezina izateke, bestalde. Guztiz british, deskuidu hagitz zaindu batez. Gotzon Garateren Esku Leuna nobelako estiloaren itzala edo oihartzuna ere han-hemen.

Azken kritikak

Poesia guztia
Safo

Mikel Asurmendi

Josefa, neskame
Alaitz Melgar Agirre

Jon Jimenez

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Jon Jimenez

Reset
Aitziber Etxeberria

Mikel Asurmendi

Baden verboten
Iker Aranberri

Jose Luis Padron

Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza

Jon Jimenez

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Hasier Rekondo

Haragizko erreformak
Mari Luz Esteban

Mikel Asurmendi

Eusqueraren Berri onac
Agustin Kardaberaz

Gorka Bereziartua Mitxelena

Juana
Jon Artano Izeta

Mikel Asurmendi

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Jon Jimenez

Simulakro bat
Leire Ugadi

Maddi Galdos Areta

Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu

Ibon Egaña

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

Hedabideak