« Zirkulua eta ispilua | Hiltzea artea denean »
Hilketa lokartua / Agatha Christie (Xabier Aristigieta) / Igela, 2008
Hiltzaileak aukeran Mikel Ayerbe / Berria, 2009-03-29
Gazteagotan gogoko nuen Cluedo —ingelesez clue hitzak aztarna esan nahi du— mahai-jokoan jolastea. Arauak errazak dira: hilketa bat jazo da etxe batean eta parte-hartzaileek aztarnei jarraituz, hilketa zehazki non (zein gelatan), nola (zein armarekin) eta nork burutu duen asmatu behar dute. Zoritxarrez, gazteagotan ez nuen Agatha Christieren nobelarik irakurri eta agian horregatik, Igela argitaletxeak itzuli dituen Bikarioetxeko hilketa eta Hilketa lokartua bata bestearen atzetik irakurri ditut. Aipaturiko jokoan ez bezala, bi liburu hauetan oso garbi daude hilketak non eta nola gertatu diren, baina azken unera arte ez dugu jakingo nor den benetako hiltzailea.
Bikarioetxeko hilketa 1930. urtean argitaratu zuen Christiek, eta bertan idazlearen beste hamahiru liburutan agertuko den Jane Marple andereñoa aurkezten da, “neskazahar adinekoa, buruargia, sudurluzea eta oso bizia”. Baina Miss Marple ez da detektibe-nobela hauetako protagonista, bi liburuetan bigarren mailan kokatzen baita. Protagonista nagusia Leonard Clement bikarioa da, eta herrian ia guztiek arbuiatzen duten Protheroe jauna bikarioetxean tiroz hilik aurkitzen dutenean hasten da ikerketa. Azpimarratzekoa da bigarren mailan kokatzen den pertsonaiak apurka-apurka nola hartzen duen protagonismoa liburuaren amaiera aldera, Marple andereño mesfidatiaren ekarpenak ezinbestekoak izango baitira hiltzailea zein den bete-betean asmatzeko.
Hilketa lokartua nobela, aldiz, 1976an argitaratu bazen ere, 1940. urte inguruan idatzi zuen Christiek, nahiz eta bera hil arte ez zuen argitaratu nahi izan (idazleak sortutako Hercules Poirot pertsonaia famatuaren azken liburuarekin egin bezala). Marple andereñoaren azken kasua biltzen da nobelan eta oraingoan, Gwenda Reed eta bere senarrak duela hamazortzi urte jazotako hilketa lokartua argitu beharko dute: Gwendaren amaordea etxeko atarian estrangulatu zutenekoa, hain zuzen. Nobelaren hasiera ezin erakargarriagoa da, hilketaren aztarna nagusia Gwendak erositako etxe berrian izaten dituen eldarnioen edo oroitzapenen bidez azaleratuko baita. Eta nola ez, Marple andereñoaren zuhurtziarik gabe, nekez argituko da hamazortzi urtez lo egon den hilketa.
Nabaria da hilketaren erregina-ren zigilua bi liburuetan, hasierako gertakizunetatik abiatuz egoerak are gehiago korapilatuz (hilketa eszenaren xehetasunak, pertsonaien arteko harremanak…) eta hiltzaile susmagarrien abanikoa zabaltzen joango delako orriek aurrera egin ahala. Bi nobeletatik bat aukeratu beharko banu, Hilketa lokartua-rekin geldituko nintzateke, suspentsea, tentsioa, ezusteak eta tramaren garapena ezin hobeki dosifikatuak daudelako.
Aldiz, Bikarioetxeko hilketa-n hainbat xehetasunek hainbeste garrantzia eta presentzia izateak (zehazki hilketa orduaren inguruko gorabeherak edota hilketaren azken azalpeneko hainbat kontu datozkit burura), apur bat nahasgarriak egin zaizkit. Harrigarria da, bestalde, nobela horretan emakumeen inguruan hainbatetan esaten direnak ere, garai hartako Ingalaterrako gizarte kontserbatzailearen isla izanik ere (garaian garaikoa ohikoa bada ere, ezin ahaztu egun zenbaitzuk balio horiexek babesten dituztela). Bikarioaren emaztearen amaierako aipua horren adibide: “erabakia hartua dago: hemendik aurrera egiazko ‘emaztea eta ama’ izango naiz eta egiazko etxekoandre ere bihurtu beharko dut”.
Harira itzuliz, Itziar Diez de Ultzurrunek egin du Bikarioetxeko hilketa nobelaren itzulpena eta Hilketa lokartua-rena Xabier Aristigietak. Izan ere, Igelak irmo eta koherentzia literario finez jarraitzen du euskaraz nazioarteko best-sellerrak kaleratzen, kalitateko liburu irakurterrazak eta entretenigarriak adin guztietako irakurleei eskainiz.
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Zerua hemen
Oihana Arana
Maialen Sobrino Lopez
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Amaia Alvarez Uria
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Joxe Aldasoro
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres
Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola
Mikel Asurmendi
Garondoan
Gorka Bereziartua
Asier Urkiza