kritiken hemeroteka

8.544 kritika

« | »

Betiko biak / Alfonso R. Castelao (Ramon Etxezarreta) / Susa, 1986

Pedro eta Rañolas Pablo Sastre / Gara, 2002-03-02

Lerrouxek Badajozko desterrura bidali zuen urtean (1934) argitaratu zuen Castelaok bere nobela bakar hau: “Os dous de sempre”. Nobela laburra, eta batzuetan ipuin, bestetan estanpa daitezkeen edo diruditen atal txikitan antolatua.

Galizako bi pertsonaia, bi gizasemeren bizitza hartzen du bere baitan liburu honek. Bata Pedro da, haurretan Pedriño, “Farrucoren seme zaharrena, mutil ona, goxoa eta txarmagarria, baina bihurria ere bai, bizkorra eta batez ere triperoa eta gozo zalea”.

Bestea, eta Pedriñoren lagunik onena, Rañolas da, “ikasteko gogo handikoa, hankak oker eta elbarri, saltoak emanaz ibiltzen zena”.

Hasierako ataltxo batean biak pixka batean elkarrekin ipini eta gero, autoreak bi foko erabiliko ditu, bi mutikoak, zein bere aldetik, nola gizondu ziren erakutsiz.

Pedriño, bere izeba Adegaren babesean, behin eta berriro bere malezia gabeko azioek, bere tripazaletasunak, galaraziko dute bizitzako bidean: batean apaizak eskolatik bidaliko du, bestean orobat egingo du don Andresek udaletxeko bulegoetatik.

Rañolas, bere ama hil ondoren, Barrote eta Xarda ezizeneko eskale birekin elkartu zen, haiekin mundu pixka bat ibili eta, beraien menpekotasun garratzetik libratzea lortu zuenean; Orenseko zorroztari batekin Frantziako muga pasa eta Lurdesen argizarizko kandelak saltzen aldi bat emanda, Parisera egin zuen.

Artean Pedriño, gaixoaldi baten ondoren “perrexila bezain mirrin” gelditu dena, suerteak edo dena delakoak Haziendako ministerioan jarri du, “sei mila errealetako destino batean”. Urteak igarotzen dira, orain Pedro da, laster Filomena matxardaren alabarekin ezkonduta ikusiko dugu.

Rañolasek, anartean bere baitan mila asmo ibili izan dituena, egun batean, Parisko bere apartamentuan dela, bere erlojua konpontzen asmatu eta badu errebelazio bezalako bat. “Zeinek emango ote lidake erlojero izatea!” —herrira itzuli, Pedrorekin elkartu, hanka elbarriak moztu eta Parisen ia debaldean lortu zituen hanka resortedunak paratu zituen.

Haziendakoa ere galduko du Pedrok. Bi umeren aita, ahapaldi itsusiak entzun behar dizkio Filomenari: “Tripa ustela! Jangoluke! Nere alabaren kontura bizitzea uste al duk?” eta abar —harengandik ihesi, Vigon itsasontzia hartu eta Pampan duen anaia Manoelengana doa. Alferrik da, pulperían ere ez da manejatzen, ardiekin hain gutxi… Itzuli behar du.

Rañolas erlojeroak, bere tailer txikian, orduak filosofatzen ematen ditu. Baditu bi liburu: “A conquista do pan”, Kropotkinena, eta “As ninas de Palmira”, Volneyrena. Pedrorekiko solasetan hau bezalako esanak entzun ahal dira: “Lurralde bakoitza kolore ezberdinaz mapan jartzeko sistima, mutikoak engainatzeko aberrianoen asmakizuna da”.

Amaiera izugarria da eta liburuak, oro har, uzten dizun zaporeaz, berriz, ez dizut ezer esango, norberak dastatzea merezi baitu (komatxo artekoak Ramon Etxezarretaren itzulpen estimagarrikoak dira.).

Azken kritikak

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Jon Jimenez

Reset
Aitziber Etxeberria

Mikel Asurmendi

Baden verboten
Iker Aranberri

Jose Luis Padron

Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza

Jon Jimenez

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Hasier Rekondo

Haragizko erreformak
Mari Luz Esteban

Mikel Asurmendi

Eusqueraren Berri onac
Agustin Kardaberaz

Gorka Bereziartua Mitxelena

Juana
Jon Artano Izeta

Mikel Asurmendi

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Jon Jimenez

Simulakro bat
Leire Ugadi

Maddi Galdos Areta

Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu

Ibon Egaña

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Paloma Rodriguez-Miñambres

Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga

Mikel Asurmendi

Turismo hutsala
Fito Rodriguez

Asel Luzarraga

Artxiboa

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

Hedabideak