kritiken hemeroteka

8.475 kritika

« | »

Sumendiaren azpian / Malcolm Lowry (Karlos del Olmo) / Alberdania-Elkar, 2008

Jainko Antzerki hordia Ander Arana / Diario de Noticias, 2008-11-13

“Lan hau antolatzeko laguntza” eskatu zion, gutun baten bidez, Malcolm Lowryk Jainkoari, “bide berriak urratu eta beharrezko denetan arauak apurtu” nahi zituelako eleberri “kitzikagarri, ekaiztsu eta burrunbatsu” honekin. Karlos del Olmo itzultzaileak ere bere egin zuen eskaria, “eleberria itzultzeak sortutako nekeak arintzeari eta lan itzuliaren beharrezko argitasunari dagokienez”. Eta irakurleak berak ere sufrituko du maisulan hau osorik irakurtzeko eta bere osotasunean behar bezala ulertzeko, Lowryk eleberria idaztean eta Karlos del Olmok itzulpena egitean sufritu zuten bezala.

Sumendiaren azpian 1947an argitaratu zen lehen aldiz, baina eleberriaren historia hamaika urte lehenago hasi zen, Lowry Mexikon jarri zenean bere lehen emaztearekin bizitzen, orduan hasi baitzen nobelaren lehen bertsioa idazten. Azken bertsioa —laugarrena— 1945ean bukatu zuen. Nobela idazteko prozesuan gorabehera handiak izan zituen: lehen emaztearengandik dibortziatu zen, hainbat editorek uko egin zioten nobela argitaratzeari eta sute batek bizi zen etxola erre zuen. Etxolarekin batera bere eskuizkribuak ere erre ziren, nahiz eta Sumendiaren azpian eleberri artean argitaragabea salbatzea lortu.

Berez, Lowryren bizitza osoa izan zen gorabeheratsua, eta Karlos del Olmok sarreran gogorarazten digun legez, Lowryk erruduntasun handia sentitzen zuen eta bere burua mespretxatzen zuen, alkoholetan itotzeraino. Malcolm Lowry alkoholikoa baitzen, eta agian horregatik asmatu zuen hain ondo, frantsesezko edizioari egin zion hitzaurrean aitortzen zuenez, “mozkorti baten egiazko historia idaztea”. Mozkorti hori Geoffrey Firmin kontsula da, eta nobelan bere bizitzako azken eguna —Defuntuen Eguna— kontatzen da, haren delirium tremens etengabea. Kontsularekin batera daude haren anaia, Hugh, eta kontsularen emazte ohia, Ivonne, zeina kontsula abandonatu eta hamabi hilabetera itzuli baita atzera bueltarik gabeko harremana berreskuratzera. Geoffrey Firminen azken hamabi orduak hamabi kapitulutan emanak. Hamabi: ezin beste zenbaki bat izan, hamabiak Kabalan duen garrantzia ikusita.

Baina maisulan hau mozkorraldi etengabe baten kontaketa baino askoz ere gehiago da. Malcolm Lowryk zioen lan honek asmo poetikoa duela batik bat, eta, horrenbestez, behin baino gehiagotan irakurri behar dela, baldin eta lanaren ezkutuko esangura guztiak harrapatu nahi badira. Halatan, kontsularen mozkorraldi etengabeak gerrak eragiten duen mozkorraldi unibertsala adierazi nahi du, eta, ondorioz, kontsularen patuak gizateriaren patua iradokitzen digu. Sumendiaren azpian aipu, erreferentzia, metafora eta alegoriaz josirik dago. Ez da harritzekoa, hortaz, itzultzaileak, beste hizkuntza batzuetara eginiko itzulpenetan ez bezala, horrenbeste oin-ohar baliatu izana. Beste kasuren batean irakurtzeko oztopo gerta zitekeena oso lagungarria baita kasu honetan, bestela ihes egin diezaioketelako irakurleari testuan zehar agertzen diren hainbat eta hainbat erreferentzia garrantzitsu, ezinbestekoak direnak Lowry bera eta bere obra ulertzeko: Danteren Jainko Antzerkia —aita Onaindiak euskaratua—, Hermann Melville, Conrad Aiken, Goethe, Gogol, Joseph Conrad edo espresionismo alemaniarra, zeinari omenaldi egiten baitzaio Las manos de Orlac, con Peter Lorre aldiro errepikatuaren bidez. Eta horren guztiaren lekuko, hor da, beti, mutu, Popocatepetl handia.

Azken kritikak

Zero
Aitor Zuberogoitia

Amaia Alvarez Uria

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Aiora Sampedro

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Mikel Asurmendi

Egurats zabaletako izendaezinak
Rakel Pardo Perez

Jon Jimenez

Antropozenoren nostalgia
Patxi Iturregi

Asier Urkiza

Barrengaizto
Beatrice Salvioni

Nagore Fernandez

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Aiora Sampedro

Berbelitzen hiztegia
Anjel Lertxundi

Mikel Asurmendi

Haize beltza
Amaiur Epher

Jon Jimenez

Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola

Asier Urkiza

Girgileria
Juana Dolores

Nagore Fernandez

Berlin Alerxanderplatz
Alfred Döblin

Aritz Galarraga

Teatro-lanak
Rosvita

Amaia Alvarez Uria

Artxiboa

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

Hedabideak