kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Itzalen itzal / Juan Garzia / Alberdania, 1993

Noiz egingo dugu manifa? Gorka Bereziartua / Argia, 2008-11-09

Elkarrizketa joan den azaroan Volgako Batelariak blogean. Juan Garzia zuten solaskide; egindako galderen artean ea zergatik 1995eko Fadoa Coimbran nobelaz geroztik ez duen berak eskribitutako ezer publikatu. “Zer pintatzen dut (edo nuke) oraingo euskal literaturan? —izan zen erantzuna—. Ez da manifestaziorik antolatu, behintzat, nik dakidala, idaztera itzul nadin”. Galdera-erantzun haiek erakarrita abiatu nintzen Garziaren lanen peskizan eta hala iritsi da Itzalen itzal ipuin liburua nire eskuetara. Egokia iruditu zait Argiaren kritika atal honetara ekartzeko, hilean behin nobedade ez diren literatur lanak ere mintzagai izango baititugu.

Sexuan bezala kritikagintzan on dira atariko lanak, baina ez da komeni gehiegi luzatzea ere. Mamira beraz: Italian girotutako hamaika ipuin bildu zituen Garziak Alberdaniak argitaratutako lehen liburu honetan; artelan klasikoek gordetzen dituzten sekretuak, elkar gurutzatzen diren pertsonaiak, istorio harrigarriak… 1993ko maiatzez ikusi zuen argia eta urte hartako abenduan Juan Luis Zabalak Euskaldunon Egunkariako orrietan zioenez, behar adinako oharpenik gabe geratu zen. “Pedanteria ala aurrerapauso?” zuen titulu Zabalaren kritika hark eta, besteak beste, liburuaren erudizioaz, estilo landuaz eta esaldi luzeez berba egiten zuen. Bestelako gauzak irakurtzen nenbilen, gaztetxo oraindik, baina badirudi duela hamabost urteko euskal letren panoraman liburu “zaila” zela Itzalen itzal.

2008ko begiekin, ez dut esango hau liburu arina denik. Ez du izan nahi, ez da kontsumo literatura. Egia da, esaldi batzuk korapilatsuak izan daitezke (“urteek bainoago urteetan ikusiek ematen duten, eta eskarmentua esan ohi zaion, argitasunaren eta etsipenaren arteko zer horrek aurki esan zion belarrira ez dagoela lor daitekeen guztia lortzea baino garaipen handiagorik”), baina uste dut zail-erraz dikotomiatik harago, Garziak islatu nahi zuen giroak eskatzen duela halako idazkera jasoa. Thomas Mannek ere ez zuen Herioa Venezian arrandegiko hizkeran idatzi; Itzalen itzaleko Italiak dotorezia eskatzen du, hortik prosa landua.

Esango nuke obra hau Umberto Ecoren literaturaren zordun dela neurri batean eta —abentura hasiko dut— bidea urratzen ere lagundu zuela. Zergatik? Anjel Lertxundiren Otto Pette lako mugarria argitaragabe zegoen 1993an, eta hartan ere Eco islatzen dela inork gutxik ukatuko du. Ez dut uste kasualitatea denik. Itzalen itzalek langa jarri zuen, ondoren etorri ziren lanek uste baino askoz gorago zegoela ikus zezaten.

Ez, ez da manifestaziorik antolatu Garziak berriro idatz dezan. Norbaitek asmorik balu, nire atxikimendua ziurtatua dauka.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak