kritiken hemeroteka

8.700 kritika

« | »

Hutsik / Peru Magdalena / Elkar, 2008

Poesia hutsa Aritz Galarraga / Gara, 2008-11-14

Kanpokoa (urrun-urrunekoa bada, hobeto) bertakoa baino erakargarriago zaigun garaiotan, erraz, errazegi jo izan da batzuetan literatura molde berri, ezezagun eta exotikoetara (are kanpoko literatura bide horiek, itxuraz bederen, eskuragarriagoak badira). Azalduko dut: auskalo zein arrazoirengatik, literatura modu bat “deskubritzen” da eta idazle saldo batek besarkatzen du, moda literario bat sortzeraino (eta, ados egongo zarete nirekin, modak ez direla oso onuragarriak ez literaturarako, ez beste edozein jarduera artistikorako). Kasu, ez naiz ari, ez dakit zein berezkotasunen alde, kanpokoa estigmatizatu nahian (absurdua eta kalterako litzatekeena, bide batez). Arrazoi literarioak baino, bestelakoak jarraitzen dituzten moda txatxu horiei buruz ari naiz. Batzuetan sentsazioa daukat, eta bete-betean sartuko naiz aste honetako liburu kritikan, minimalistek ziotenaren aurka (barka, “ukan” birusak jota nago ni ere), gutxiago ez dela gehiago. Esaldi famatu haren errebisioa eginez, gutxiago gutxiago dela zenbait kasuetan. Engainagarria izan daiteke oso, zailagoa baita hitz gutxirekin zerbait esatea, hitz askorekin baino.

Peru Magdalenaren hirugarren liburua da Hutsik poema bilduma, lehenengo narrazio bilduma baten (Lile, 2006) eta haurrentzako album baten (Ilania, 2008) ondoren. Joseba Sarrionandiaren hitzaurre laudoriotsutik (ezagutzen duzue laudoriozkoa ez den hitzaurrerik?) Magdalenaren poemak definitzen dituzten hitzok hartu ditut: “Laburrak baina ez zentzugabeak, argiak baina ez dirdiratsuak, bat-batekoak baina ez iragankorrak, ikuspegi desberdinetatik leitu daitezkeen hutsaren ertzeko berba objektuak”. Poemok laburrak dira, zalantzarik ez, apenas gainditzen dituzte dozena erdi lerrotxo (“Lainoak” atalekoak narratiboagoak dira, paragrafo itxurakoak). Argiak ere bai, hizkuntza, hizkera eta esanahi aldetik (“Begiratzen jakinez gero, dena hor dago”). Eta bat-batekotasun hori gogora ekartzen dutela ere, dudarik ez. Naturaren kontenplaziotik sortuak dirudite horietarik askok (gogoratu liburuko atal ezberdinen izenak: eguzkia, harriak, lorak (sic), samurai, lainoak, olatuak, mendia, haizea eta, azkena, hutsik), poesiaren teoriko hark definitu zuen bezala, epifaniatik jaiotakoak.

Kontua da gero epifania horiek irakurleari nola helarazten zaizkion, ea eskaintzen zaion azken emaitzak, hau da, poemak, idazlearen esperientzia transmititzeko gaitasuna duen. Azpititulu moduan “kontuz, liburu hau hutsik egon daiteke” esaldia jartzea ez da oso iragarpen prometagarria, 14 euro ordaindu dituenarentzat, bereziki. Eta egia da liburuko poema batzuk atsegin izan ditudala: “erretzen den gauza bat / borobila izan daiteke” edota “haizeak / garena esaten digu”. Baina, oro har, Lile harekin gertatu antzera, ez dut poemokin erabat konektatzea lortu, liburua hasi eta buka gustura irakurri bai, irudien laguntzaz beti ere, baina bukaera aldera aho zapore gazi-gozo bat nabarmendu da, besteren gainetik. Bai, poesia hutsa da liburu honetakoa, esentziara eramana, isiltasunera ia, hutsaren ertzera. Petrarcak berak esan omen zuen “pozak, minak legez, diskurtso luzeak debekatzen dituela”, baina mundu bizi eta aberats bat gorde behar du poemak silaba, hitz eta lerro gutxi horietan eta hori, hemen, nahi baino gutxiagotan gertatu denaren sentsazioa gailendu zait.

Azken kritikak

Erbeste
Juan Garzia

Ibon Egaña

Utopiaren belaunaldia
Pepetela

Paloma Rodriguez-Miñambres

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Maddi Galdos Areta

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Asier Urkiza

Moebiusen ertzak
Garazi Kamio

Nagore Fernandez

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Paloma Rodriguez-Miñambres

Landura
Jose Luis Otamendi

Mikel Asurmendi

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Irati Majuelo

Clevesko Printzesa
Madame de La Fayette

Aritz Galarraga

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Joxe Aldasoro

Akabo
Laura Mintegi

Mikel Asurmendi

Mio marito deitzen zion
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Nagore Fernandez

Barazkijalea
Han Kang

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

Hedabideak