« Nor da nor? | Mundu arrotza biraka »
Esperantza / André Malraux (Karlos Zabala) / Alberdania-Elkar, 2008
Ekintzaile eta idazlea Bixente Serrano Izko / Berria, 2008-10-19
Askoz ezagunagoa da Andre Malraux La condition humaine eleberriarengatik, gaurkoz euskaraturik dugun bakar honengatik (Esperantza) baino, 1937an plazaratua. 1933an argitaratu zuen lehena eta Goncourt saria ekarri zion. Vargas Llosaren ustez, Joyce, Proust, Kafka edo T. Mann bezalako idazle paregabeen parean jarri beharko genuke Malraux, La condition humaine idatzi zuelako. Ez dakit nik, gehiegixe da nonbait Vargas Llosarena, baina ene irakurle izaeratik, ez dut uste esku artean dugun Esperantza hau atzetik doakionik bertze hari, mundu baten kezkak eta giroa islatzerakoan. Eta bai hura baino ausartagoa dela Esperantza, teknika literarioaren aldetik, egituraketarengatik batik bat.
Protagonismo kolektiboak hartzen die gaina biei, baina klasikoagoa suertatzen zait lehena eraikin literario gisa. Nonbait, nobela bat errazago merkaturatzeko, benetan landu nahi diren lehengaiei historia humanoago, pertsonalizatuago bat txertatu ohi diete idazleek, istorio sentimentalen bat, eta ardatz horren inguruan ehundu ohi dituzte tramako hariak, horrek ekartzen dituen arriskuak gorabehera. Hain zuzen, Andre Malrauxek egin zuena La condition humaine hartan, eta ez zuen kale egin, ez horixe, bikain asmatu zuen bi planoak muntatzen. Esperantza honetan, aldiz, ausartagoa izan zen: ez dago bikote historiarik, ez dago amu sentimentalik, ez dago hari narratibo “humanoagorik” giro bateko giza izaera eta haren mugimenduak elkarrekin lotzeko. Nolabait, paraxutik gabe jauzi egin zuen historia kolektibo baten amildegira eta hegan airoso ere egin.
Espainiako II. Errepublikaren kontrako gerraren lehen hilabeteetan murgildurik dago eleberria, alde errepublikanoan, Bartzelonan, Madrilen, Toledon, Guadalajaran eta Valentzian batik bat. Andre Malrauxek berak hartu zuen parte hartan, eta ez edonola, bera izan baitzen errepublikarren lehen hegazkin eskuadrilla lortu, antolatu eta gidatu zuena, zazpi hilabetean. Pertsona bitxia dugu egilea bere bizitzan, intelektual handia, baina ekintzaile amorratua ere bai, bi izaerak batzen jakin dituen gutxi horietako bat. Eleberrian, eskuadrilla haren ingurukoak ditugu protagonistak, hegazkin taldeak iraun zuen bitartean. Ahots askotariko nobela, eta bertan ekintzak, deskripzioak, elkarrizketak, sentipenak, gogoeta intelektual eta politikoak gurutzatzen dira elkarrekin. Narrazio trama berezirik gabe, halako kazetaritza-oharrez osaturiko lana (gaurkoa izan balitz, teknika postmodernoaren etiketa jarriko genioke), baina zain eta indar narratibo, dramatiko eta deskriptibo bereziz garatua. Ez da, jakina, gerraren koadro neutro bat, parte baten aldekoa baizik, oraindik ere errepublikanoek garaitzeko esperantzak zituztenekoa, protagonisten idealizazio halako batekin pintaturik, baina batere manikeo ez dena, badaki begirada sakona luzatzen hura bezalako muturreko egoera historiko batean, giza izaerari buruzko kezkek bultzaturik. Dokumentu historiko paregabea, ez bakarrik gertaeretan partaide berezia izan zelako, ez soilik testigantza gisa, baita ere egoerako zurrunbiloaren erdian frogatu duen sen narratibo, literario eta gogoetatsuarengatik: halako moldez non, dudarik ez, balio literarioek hartzen dieten gaina ukaezinezko testigantza balioei.
Karlos Zabalari biziki eskertzeko lana dugu hau, euskarazko itzulpenak irakurtzera bultzatu beharko gintuzkeena eta ezpainetan eztia uzten diguna ea noizbait La condition humaine ere dasta dezakegun.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres