« Iragaitzaz | Zutabe joniar berriak »
Jende ederrak lanean / Txomin Peillen / Utriusque Vasconiae, 2008
Nor da nor? Ion Olano / Gara, 2008-10-17
Hirurogei urteko literatur ibilbidean, hogeita bost liburu inguru eman ditu argitara Txomin Peillen (Paris, 1932) idazle zuberotarrak. Aurten ikusi du argia bere azken lanak, Utriusque Vasconiae etxeak ateratako “Jende ederrak lanean” ipuin bildumak, alegia. Idazpuruaren azpian ingelesezko ‘Who’s who?’ esamoldea jarri du Peillenek, eta hitzaurrean bere asmoaren berri eman: “Mozorroa kendu eta tximinoa biluzik”. Hogei kontakizun laburrek osatzen dute liburua, bost-hamar minutuan hasi eta buka egiteko modukoak gehienak. Bizi garen zoologiko bitxian atzeman daitezkeen karikaturak aurkituko ditu irakurleak: epaiketetan lo gelditzen den abokatua, talenturik gabeko zizelkari ospetsua, hormonaz itxuraldatutako igerilaria, futbolari bortitza, idazle fartsantea, justizia bere kabuz ezartzen duen haur-epailea, ateo militanteak, hirizain ustelak, biologo sasijakintsua, teologo musulmana…
Petrarkak eta Boccaciok, besteak beste, gizon eta emakume ospetsuen berri eman izan digute, “De viris illustribus” eta “De mulieribus claris” idazlanetan. Bestelakoa da oso Peillenek liburu honetan darabilen asmoa, ‘Giltzaurrea’ deituriko hitzaurrean azaldu duenez, “De viris et mulieris inillustribus” egitea da bere zioa. Sarako Euskal Idazleen Biltzarrean saria jaso du aurten Peillenek, eta zera aitortu du azken laneko ipuinei buruz: “Irri egiteko ustez idatzi ditut”. Keinu umoretsu ugari dago liburuan (‘Galbide’ deitu dio aurkibideari), batik bat ironia, izenburuko “ederrak” izenondotik hasita. Ipuin laburrotako pertsonaia gehienak lehenengo pertsonan mintzo dira, eta beren itzalak aurkezten dituzte, argiak bainoago. Etnografian ibilia izaki, jendarteko elementuak identifikatzeko abilezia eta eskarmentua nabari zaizkio idazle zuberotarrari, hala nola, zirikarako gogoa eta umore ona.
Forma aldetik sortu dit liburuak traba gehien. Zenbait ipuinek itzuli batzuk behar dituztela iruditu zait, izan ere, ipuin landuagoen zirriborroak dirudite, oharren koadernotik ordenagailura eramanak, baina ondoren behar baino gutxiago moldatuak. Kontakizun gehienak esketx edo txiste moduan planteatu ditu idazleak, ipuin labur gisa bainoago. Hiztegi aberatsa darabil, eta bere idazkeran antzematen da ahozkoan maisu dela. Peillenek ipuinok irria eragiteko asmoz idatzi dituela argi dago, nirekin, ordea, ez da asmo hori bete-betean gauzatu. Pertsonaiak karikaturizaturik agertzen zaizkigu, eta horrenbestez, neurri batean estereotipoak dira. Ohiko diskurtsotik kanpo kokatzen da hala ere, oso heterodoxo izan gabe. Argitalpenak berak ere, inprimategira eraman aurretik gainbegiratu zorrotzagoa behar zuelakoan nago. Izan ere, ez dakit nahita egina den, baina paragrafo amaiera askotan puntua falta da, eta beste hainbat esalditan ere puntuazio zeinuak faltan sumatu ditut. Liburuko ipuinen artean, ‘Unibertsitarioak’ izenekoa da atsegin gehien eman didana. Lehenengo esaldia kenduta (“Unibertsitatean, unidibertsitate haundia dago”, [sic]) ongi eramana eta ongi idatzia dela iruditu zait, Peillenek hainbeste urtetan bildu duen eskarmentuaren adibiderik garbiena. Dena esan beharra dago, izan ere: behar baino arreta eta aipamen gutxiago jaso badu ere, euskal literaturan Txomin Peillen badugu nor.
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui