kritiken hemeroteka

8.711 kritika

« | »

Ulenspiegelen elezaharra / Charles de Coster (Koldo Izagirre) / Alberdania-Elkar, 2008

Zer eta nola Aritz Galarraga / Gara, 2008-08-02

Eleberri honetako protagonista ez da erabat arrotza euskal irakurlearentzat, Till Eulenspiegel izenpean eta Jesus Mari Olaizola Txiliku-ren 1980ko itzulpen eskergarrian ezagutu baikenuen Ulenspiegel: trufaria, tripontzia, neskazalea, zurruteroa, berritsua, kantaria, handi-mandientzako zorria, pikaro hutsa, azken batean, literatura unibertsalean hainbatetan irudikatu izan den pertsonaia unibertsala. Oraingoan baina, Ulenspiegelen ibilerak jasotzen dituen lan berezia euskaratu du Koldo Izagirrek Literatura Unibertsaleko bildumarako: Charles de Coster idazle belgikarrak (aita flandestarra zuen, waloniarra ama), herri germaniarretako folklorea zena hartu eta literatura bilakatu zuen, ez dakit zenbat orrialdeko nobelatzar: “La Légende et les aventures héroiques, joyeuses et glorieuses d’Ulenspiegel et de Lamme Goedzak au pays de Flandre et ailleurs”. Ulenspiegel bizi izan zenetik bostehun urtera, 1867an, han eta hemen sakabanatuak ziren ipuin, istorio eta abarrekoak bildu eta nobela egitura eman zien Costerrek. Baita historian kokatu ere, espainiar okupatzailearengandik libratu nahi duen XVI. mendeko Flandesen, hain zuzen.

Liburuan zehar, beraz, Ulenspiegelen ibilerak eta herrenak ezagutuko ditugu, bidean sortzen zaizkion arazoak eta horiek konpontzeko egiten dituenak, haren mihi zorrotza, zirirako abilezia eta bihotz potoloa, aipatutako garai historiko zehatzarekin batera. Eta hala ulertzen dugu, mundu zabalean ezagun izan arren, kulturaz espainiar garenontzat ia ezezagun izatea tamaina honetako literatur lana. Ez baitira leku onean uzten Carlos V.a, haren seme Felipe II.a, Albako dukea eta enparauak: “edonondik zihoala ere izutu egiten zen Ulenspiegel gizajoa, buruak zurkaitzetan, neskatilak zakutan sartuta ibaira bizirik jaurtiak, gurpilean biluzik etzanarazitako gizonak burdinazko hagekin handiro kolpatuak, hilobietan sarturiko emakumeak, lurra gaineratuta, eta borreroa haien gainean dantzan bularra apurtzearren, ez zuen besterik ikusten”. Ulenspiegel bera ere krudelkeria horren jomuga da, eta liburuan kontatzen zaigu urkamenditik nola libratu zen, adibidez: herriak eta Ulenspiegelek barkamena eta errukia eskatu ondoan “Inperatorek eskua jaso zuen, eta esan: Alproja horrek nihaurk egiten ahal ez dudan zer edo zer eskatzen badit, bizia salbatuko du!”, eta pikaroak arrapostu: “-Maiestatea, eskatzen dudana da urkatu orduko musu bat eman diezadazula flandrieraz egiten ez dudan ahoan”. Berehalakoan uzten dute aske, jakina, algara betean. Ederki laburbiltzen du pasarte horrek liburuaren mamia.

Horiek gutxi balira, eleberri honekin bete-betean konplitzen da hainbatek defendatzen duten esakuna, hots, garrantzitsua bada zer kontatzen den, garrantzia berbera edota are handiagoa duela nola kontatzen den esaten duenak. Rafael Chirbes-ek zera esan zuen elkarrizketa batean (eta hemendik gomendio ttiki bat irakurri ez duenarentzat: “Crematorio”, valentziarraren azkena): “Kontatzen dena eta nola kontatzen den eskutik doazela pentsatzen dutenetakoa naiz. Eredu zaharrek liluratzen gaituzte, baina ez digute balio”. Balio ere, balioko digute, ziur aski, baina liluratu gaituztela, begien bistakoa da hori. Interesgarriak dira Ulenspiegelen gorabeherak, baina are interesgarriagoak dira horiek nola ekarri dituen gurera Koldo Izagirrek. Itzultzaileak lortu duen hizkerak (irakurle bat baino gehiago harrituko duenak) egiten baitu arin eta are irakurgarriago tragediatik eta komediatik erdizka duen eleberri luze baina, ere berean, eder hau.

Azken kritikak

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Mikel Asurmendi

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Maialen Sobrino Lopez

Zerua hemen
Oihana Arana

Asier Urkiza

Café Mokka
Jabier Muguruza

Nagore Fernandez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Iraitz Urkulo

Erbeste
Juan Garzia

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Ibon Egaña

Utopiaren belaunaldia
Pepetela

Paloma Rodriguez-Miñambres

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Maddi Galdos Areta

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak