« Erretorika hizlarientzat | Solasaldi platonikoa »
Souvenir / Castillo Suarez / Elkar, 2008
Lirika XXI. mendean Beñat Sarasola / Berria, 2008-07-27
Gogoan dut Castillo Suarez-en Bala hutsak irakurri ostean, idazleari bere formula agortzen ari zitzaiolako inpresioa izan nuela. Hiru poema liburu ondoren, idazlea halako kale itsu batean sartzen ari zela, bere bide ordura arte interesgarria agortzen ari zitzaiola. Poeta askoren tentazioa izaten da halako egoerara iritsirik narratibara jauzi egin edo makurtzea —nondik begiratuta—. Ez da hau izan Suarezen kasua, apur bat beranduago jakin baikenuen Souvenir liburua osatzeko Joseba Jaka beka eskuratu zuela, eta udaberri honetan argitara eman delarik, jakin-minez ekin diot berau irakurtzeari.
Ezer baino lehen, kale itsu horretatik Suarezek duintasunez irtetea lortu duela iruditu zait. Poema libururik osatu eta organikoena atera zaio honako honetan Suarezi —seguruenik, honetan zerikusia izango du berau proiektu batetik jaio izanak—. Hirurogeita hamar poemaz osatua, denak ere izenburu gabeak, soiltasun eta kondentsazio maila handiko piezak ondu ditu. Alde horretatik, Mugarri estaliak poema-liburura itzulera gisa uler liteke Souvenir hau orobat, sinpletasun eta espazio zurira itzulera. Aitzitik, Mugarri estaliak-ekin eta gainontzeko bere beste liburuekin gehien bereizten duen aspektua formala da. Souvenir-ekoak prosaz idatzitako poemak baitira, bertso lerroen ordez paragrafoz osatutakoak. Oraindik ere Xabier Leteren tankeraz kanpoko ezein poema poema susmagarria den euskal literatura honetan, prosazko poesiak azkura sobera eragiten dio bati baino gehiagori antza denez; nahiko gauza harrigarria dena, esan dezadan bidenabar, literatura unibertsalean prosaz idatziriko poesiak duen itzal handi eta luzea ikusirik. Egia da, hori bai, euskal literaturan gehiegi jorratu ez den bidea dela prosazko poesiarena (eta gehiegi jorratutakoa, bidenabar, prosa poetikoarena), eta Souvenir, honenbestez, bide labur hori betetzera datorrela.
Nolanahi dela, kontu horietaz landa, hemen ere Suarezen mundu poetiko ohikoaren muina topa liteke. Eguneroko hizkuntzan oinarritutako lirismo mota bat, zeinetan metaforen osaketa berezia baita, ene ustez, ezaugarririk azpimarragarrienetakoa Suarezek elkarrengandik aski urruti (hala semantikoki nola poetikoki) dauden elementuak lotzen ditu metaforaren bidez, irakurleak nekez aurreikus dezakeen efektua eraginez (“errusiera ikastaro bat daukat hatzen artean”). XX. mendeko poesiaren ondoren bazirudien lirika egitea, ni indartsu batean oinarritutako poesia egitea, anakronismo bat zela; altsasuarrak, ordea, lirika egiten jarraitzen du auzo-lotsa eragin gabe (ez dena meritu batere makala). Gainera, halako narratibitate eten bat sortzen du, ekintza segida bat baino, giro edo espazio bat eraikiz. Hortik juntagailuak ez erabiltzearena, edo erabiltzen dituenean narrazioaren lege arruntetatik kanpo erabiltzea. Gisa honetan sortzen ditu testu oinarri sendo gabekoak, lotura ageri gabekoak, eta ezegonkortasun horretan, benetan sentsazio berezia sentituko du euskal irakurleak, gainontzeko euskal poeten artean nekez topatuko duena.
Arestian aipatu legez, inpresioa dut Suarezek beste inoiz baino aratzago eta finago ekarri duela oraingoan bere mundu poetikoa. Hau dela eta, inori errepikakor eta monotonoegia iruditu dakioke liburua, nahiz eta irakurketa patxadatsu eta motelagoak sentipen hau ekidin dezakeen nolabait.
Ez dut amaitu nahi Elkar Poesia bildumaren eraberritzea aipatu gabe. Alberdaniako edizio zaharrak gogorarazten dituzten tapa berriekin-eta, hobekuntza nabarmena sumatu liteke aurreko diseinu eskasaren aldean.
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Barazkijalea
Han Kang
Jon Martin-Etxebeste
Café Mokka
Jabier Muguruza
Aiora Sampedro
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi